Aurkezpena

Vitoria-Gasteizko tenplurik enblematikoenaren eta historikoki garrantzitsuenaren Zaharberritze Integralerako Plan Zuzentzailea kudeatu eta garatzeko sortu zen Santa Maria Katedrala Fundazioa. Zehazki, 1999. urtean sortu zen Arabako Foru Aldundiaren, hiriko Udalaren eta Vitoria-Gasteizko apezpikutzaren eskutik. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da eta aipatutako hiru erakundeetako ordezkariek osatzen duten Fundazioaren gobernu-organoa edo batzordea.

Plan Zuzentzailearen kalitateak hainbat erakunderen aitorpena jaso du: adibidez, Europar Batasuna, Vatikanoa, Kultura Ministerioa, eta nazioarteko eta estatuko hainbat foro ospetsu. Era berean, Europa Nostra saria (2002) lortu du, Kultur Ondarea leheneratzearekin eta kontserbatzearekin lotutako Europako sari gorena.

Egindako ikerketa-lanari esker, tenpluaren eraikuntzazko ezaugarriak eta bilakaera historikoa ezagutu ahal izan dira, eta, beraz, atzemandako arazoak konpontzeko esku-hartzeak zehaztu ahal izan dira. Era berean, baliatutako zorroztasun metodologikoari esker, Vitoria-Gasteizko hiriaren jatorriei buruzko informazio baliotsua lortu ahal izan da.

Santa Maria Katedrala Fundazioak, katedralaren zaharberritze arkitektonikoaren kudeaketaz arduratzeaz gain, jarduera kulturalak, didaktikoak eta turistikoak garatzen ditu, tenpluaren balioa agerian uzteko, eta, beraz, hiriaren eta hirigune historikoaren dinamizazio kulturalerako tresna bat da.