01/04/2002
2002/04/01 Katedralerako bisitek ez dute parekorik nazioartean. Horixe izan da gehien entzun den iruzkina 1999tik hona estatutik eta atzerritik Gasteizko Santa Maria Katedrala zaharberritzeko lanak ikustera etorritako 150.000tik gora bisitarien artean. Eta katedralak berriro ere milaka laguni kontatuko dizkie bere sekretuak, joan den apirilaren 20an jarri baitzen abian Bisita Gidatuen Hirugarren Programa.
Hiriko eraikinik enblematikoena, historiari lotutako gorabeherengatik ez ezik, eraiki zutenetik pairatu dituen gaitz larriengatik ere bada erakargarria. Turistek Historiarekin, Arkitekturarekin, Arkeologiarekin, Artearekin eta Kulturarekin egingo dute bat, XIII. mendeko tenplu horretan barrena abiatuz; baina ez dituzte beti eduki berberak aurkituko, aldatu egingo baitira, ikerketak aurrera joan ahala. Interesgarria benetan.
Mendeetan zehar eusteko arazoak eta desitxuratzeak jasan dituen eraikin horretako arkeologi eta zaharberritze-lanak zuzenean ikusteko aukera da aurtengo bisitaren eskaintzarik erakargarriena. Esperientzia berez da interesgarria, baina aurtengoan are gehiago izango da, nabe nagusi osoan zehar lau metroko altueran ezarri den plataformari esker.
Behatoki paregabe horretan, inoiz eskura izan ez dugun kokagune batetik ikusten da tenpluaren barnealdea. Bisitariek plataforman batera eta bestera ibiltzeko aukera dute, eta ganga, horma eta zutabeen zauriak hurbil-hurbiletik, metro eskas batzuetara, behatu ahal izango dituzte. Aski da beherantz begiratzea tenpluaren behealdetik presbiteriorainoko arkeologi lanetan emandako aurrerapausoak ikusteko.
Pilareen oinarriak dira egituraren euskarriak. Urte-hasieran ezarri zuten, eliza barrua sendotzeko lanei ekin zietenean. Zorupea altxatzen ari dira, lehenik eta behin, pilareak nola dauden egiaztatzeko, hondoa harritsua baita eta hortik sortu baitira ezegonkortasun-arazo gehienak. Hondoaren egonkortasuna aztertu ondoren, sendotu egingo dute. Gero, tenplu barruko indusketek Santa Maria plazako arkeologi ikerketekin jarraitzeko balioko dute.
Aurtengo ibilbidean aurreko bisita-programetako edukiak daude, baina berrikuntza garrantzitsuak ere bai. Besteak beste, girolalo indusketa-lanen, antzinako harresi-esparruko erronda-pasabidearen eta horma eta pilareetako desitxuratzeen lekuko izango dira turistak. Aurtengo ibilbideak, behatoki ikusgarriaz gain, bi aukera erakargarri izango ditu.
Batetik, Bisitaria Hartzeko Zentroan (Buruileriako bola-tokia izandakoan) ikus-entzunezko interaktiboak, hau da, ibilaldi birtuala eta Katedralak bere historia eta gaitzak kontatzen dituen bideoa ikus daitezke. Bestetik, arkupea zaharberritzeko lanak hurbiletik ikusteko abagunea dago. Adituak laster hasiko dira polikromiak berreskuratzeko ikerketak eta lehen zaharberritze-lanak egiten.
Erreserbak egiteko, deitu 945 255 135 telefonora edo erabili www.catedralvitoria.com orrialdea. Katedral Zaharra egunero egongo da irekita, apirilaren 20tik abenduaren bukaerara arte. Bisitetarako ordutegia: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Bi euro balio du bisitak. 12 urtetik beherakoak doan sartuko dira, helduren
batekin joanez gero, eta 65 urtetik gorakoek euro bat ordainduko dute. 15-20
ikasleko taldeentzako prezioa 8 eurokoa da. Ibilbidea bukatutakoan, Santa Maria
Katedrala Fundazioak pina edo postalak oparitzen dizkie bisitariei.