2002/05/01 Fundazioak Bisiten Programa aurkeztuko du Expovacaciones-en (Bilbo), Madril eta Kataluniako nazioarteko topaketetan arrakasta izan ondoren.
2002/05/01 Gasteizko Santa Maria Katedrala zaharberritzeko proiektuak eta proiektuari buruzko
Plangintza Nagusiaren bidez antolatutako Bisita Gidatuen Programak duela hilabete
gutxi ekin zioten bideari, baina hala ere, interes biziko produktu bihurtu dira
dagoeneko, bai arkitekturaren bai turismoaren eta bai kulturaren ikuspegitik.
Proiektuak berez dituen bitxikeriei gasteiztarren eta Gasteizera etorritako bisitarien
aldetik izan duen harrera bikaina gehitu behar zaie.
Jendeari zaharberritze-lanak ikusteko aukera ematea ezin hobeto hartu dute
turismo-feria nagusietan bildu ohi diren profesional eta parte-hartzaileek.
Izan ere, Santa Maria Katedralak urtero hartzen du parte Estatuko eta Europako
feria nagusietan. Aurten jada, Madrileko Nazioarteko Turismo Azokan, Kataluniako
Nazioarteko Turismo Erakusketan eta Bilboko Expovacaciones-en aurkeztu dugu
Hirugarren Bisita Programa. Nabe nagusian ezarritako plataformak eta ibilaldi
birtualak sortu dute ikusminik handiena.
Sektoreko profesionalak bat datoz honetan: Katedral Zaharra, zaharberritze-prozesu
bat delako berez proiektu turistikoa ez izan arren, Arabako kalitateko turismoaren
erreferentzia nagusia da gaur egun. Horren guztiaren adierazle garbiak ditugu,
batetik, gure artera etortzen diren alor akademiko eta zientifikoko ordezkari
ugariak eta, bestetik, tenplua berreskuratzeko lanen inguruan antolatzen diren
kultur ekitaldi anitzak.
Zaharberritze Lanak ikusteko Bisita Gidatuen Programa Artea eta Historia uztartzeko
nahiaren emaitza izan zen, eta era berean, lanok ezagutzera emateko antolatu
genuen. 1999tik hona, ia 150.000 bisitarik hartu dute parte programan; erantzuna
aparta izan da benetan. Horrela, Arabako hiriburuko turismo-gune nagusia da
jadanik, eta Euskal Herrian punta-puntakoa ere bai. Uste horretakoak dira lanak
ikustera joandako milaka bisitariak ere, esperientzia paregabea dela azpimarratu
baitute. Gasteiztarrek eta arabarrek hiriko tenplurik esanguratsuenarekiko harrotasuna
berreskuratu dute, eta orain, Gasteizera etortzen diren kanpotarrak horretara
etortzen dira: Katedral Zaharra ikustera.
Bisita Gidatuen Programak Euskal Turismoaren Saria irabazi du, eta estatuko
eta nazioarteko touroperatzaileek leku interesgarrien artean sartu dute. Are
gehiago, urtarrilaren bukaeran, Madrileko Nazioarteko Turismo Azokan bildutako
sektoreko profesionalek adierazi zuten Bisita Gidatuen Programa Espainiako kultur
turismoaren produkturik onenetakoa dela.