15/05/2002
2002/05/15 Zaharberritzeko proiektua zehatz-mehatz ezagutzea, bisitaldi birtuala egitea tenpluaren txoko guztiak ezagutzeko, bisitak on-line erreserbatzea, kultur eta hedapen-jarduera guztien berri izatea, merchandising artikuluak erostea... Hamaika aukera eskaintzen ditu Santa Maria Katedrala Fundazioaren web-orrialdeak. Arabako Foru Aldundiaren Ekonomi Zuzendaritzaren laguntzari esker sortutako ekimen horrekin beste aurrerapauso bat eman dugu gure eraikin gotikoa ezagutarazteko eta balioztatzeko zereginetan.
Hona hemen webaren helbidea: www.catedralvitoria.com. Zuzeneko harremanetarako bidea da, eta internetek ematen dituen erraztasunei esker, etengabe eguneratuta egongo da gizarteko alor ugarirentzat. Santa Maria Katedrala Fundazioa, zaharberrikuntzaren beste alderdi batzuetan bezala, teknologiarik onenez baliatzen da erabiltzaileek proiektuaren alderdi guztiak ezagutu ditzaten: arkitektura berritzeko lanak, kultura, turismoa, zientzi dibulgazioa, hirigintza-berreskurapena...
Gure web-orrialdearen abantailarik handiena guztientzat baliagarria izatea da, bai Arkitektura, Arkeologia, Historia eta Artearen eremuetako profesional eta adituentzat, bai gainontzekoentzat. Eroso eta erraz nabigatzeko modukoa izaki, erabiltzaileek argi ulertuko dute zer diren, benetan, tenplua zaharberritzeko lanak.
Kartara egindako web-orrialdea dugu; zerbitzu ugari ditu aukeran. Fundazioa eta erabiltzaileak elkarrekin harremanetan jartzea du helburu, eta horrela, Katedral Zaharra zaharberritzeko lanen garrantzia ezagutaraztea. Lehen mailako hiru atal handi ditu web-orrialdeak: Katedrala, Zaharberritze-lanak eta Fundazioa, eta edukiak, berriz, informazioa, Katedralaren argazki ugari eta zaharberritze-lanen hainbat alderdiri buruzko xehetasunak. Eraikinak historian zehar izandako ibilbidea, argazki bidezko deskribapenak eta azalpen grafiko-metrikoak aurkituko dituzte internautek.
Zaharberritze-lanen atalean, Plangintza Nagusiari, aurre-proiektuari eta zaharberritzeko egin diren proiektuei buruzko xehetasunak eman eta obrak zertan diren azaltzen dugu. Edukiak bukatuta daude jadanik, baina Plangintza Nagusia argitaratu arte ez dira erabiltzaileen esku egongo: aurreikuspenen arabera, ekainean. Ordutik aurrera, berrikuntzak egon ahala, edukiak eguneratu egingo ditugu.
Fundazioari buruzko atalean, zaharberritzeko proiektuaren kultur eta turismo-ezaugarri nagusien nondik norakoak azalduko ditugu. Santa Maria Katedrala Fundazioaren helburu eta antolamendutik hasi eta Bisita Programaren berrikuntzetaraino, den-dena ezagutuko dute internautek, ibilbide birtualari eta erreserbak on-line egiteko aukerari esker. Azken berrien buletina irakurtzeko, Fundatzaileen Zirkuluan izena emateko eta denda birtualean Fundazioaren salgaiak erosteko aukera ere izango dute.
Hiru atalez gain, bigarren mailako informazioa ere emango dugu: ibilbide birtualetan
azkar sartzeko bideak, erreserbak on-line egiteko modua, informazio-buletina,
denda eta postontzia. Horrela, Santa Maria Katedrala Fundazioaren interaktibitaterik
handieneko edukiak azkar eta zuzenean eskuratuko dituzte internautek.