Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

15/05/2002

Katedrala, ibilaldi birtual ikusgarri baten bidez ikusita

2002/05/15 Santa Maria Katedrala Fundazioaren web orrialdeko ibilaldi birtuala paregabea da, bertatik bertara ikustearen hurrengoa.

2002/05/15 Santa Maria Katedrala Fundazioaren web-orrialdean -www.catedralvitoria.com- dagoen aukerarik onenetakoa ibilaldi birtuala da. Kontu handiz osatu dugu, kalitate bikaineko irudiekin, eta horregatik, sareko onenetakoa da horrelako produktuen artean. Tenplu gotikoan kokatutako 28 estekari esker, erabiltzaileek eraikineko txoko guzti-guztiak ikusiko dituzte, ia-ia bertan baleude bezala.

Aukeratu ditugun 28 puntuetatik 25ek 360 graduko ikuspegia ematen dute. Beste hirurak toki estrategikoetan daude: sotoan (1) eta beheko solairuan (2), tenpluaren ikuspegi kubikoa eman ahal izateko. Horrela, bada, Katedraleko nabe nagusitik eta transeptutik ikusten diren alderdi guztietara heltzeko aukera izango dugu, esfera batean edonora heltzeko gauza den kamera bagenu bezala.

Ibilaldi birtualaren pantailak hiru atal ditu: irudia, solairu-aukeraketa eta mapa. Irudiak hartzen du ia espazio osoa. Zoomerako bi botoiren bidez, irudiak hurbildu edo aldendu egiten dira bereizmen izugarri handiz. Beste botoi batek irudiak bateratzeko aukera ematen du. Eta, azkenik, data ere adierazten da, data ezagutzea garrantzitsua baita lanek nolako bilakaera izan duten jakiteko. Irudiak aldizka eguneratuko ditugu.

Internautek, solairua aukeratzen dutenean, zein bista (iparrekoa, hegoaldekoa, ekialdekoa edo mendebaldekoa) eta alderdi (sarrera, sotoa, beheko solairua, erronda-pasabidea, triforioaren solairua, estalkipea eta kanpaien solairua) ikusi nahi dituzten ere zehaztu ahal izango dute. Mapan tenpluko solairu bat eta estekak daude ikusgai. Horrela, erabiltzaileek esteken bidez edo elkarren ondoan ez dauden guneetara joanez egin dezakete ibilaldia.

Ibilaldiko irudiak Java edo Quic Tim teknologien bidez ikus daitezke. Desberdintasun bakarra dute biek: Quic Tim erabili ahal izateko, plugin bat behar dugu interneteko nabigatzailean, baina doan sartuko gara bertara ibilaldia aukeratzerakoan. Katedraleko ibilaldi birtuala argazkietan dago oinarrituta, egiturak sortuz baino emaitza errealagoak lortzen baitira horrela. Bestalde, esteka asko eta irudi optimizatuak erabili ditugulako lortu dugu halako kalitate bikaina: oso erabilerraza da eta deskarga egindakoan ez da ia ezertxo ere itxaron behar.