30/05/2002
2002/05/30 Arabako ARTIUM Fundazioak eta Santa Maria Katedrala Fundazioak euren kultur eta turismo eskaintzak bateratu eta ezagutarazteko ekimenak burutuko dituzte. Modu horretan bi proiektuak etxean eta nazioartean ezagutaraztea lortu nahi dute. Bi erakundeok sinatutako hitzarmenaren helburu nagusienetakoa da hori, eta akordioaren bidez bi proposamenak hedatzeko indarrak batu nahi dituzte, elkarlanean aritzeko bidea irekiz.
Arabako ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoa, eta Katedral Zaharra
oso kultur gune ezberdinak dira, baina era berean osagarriak. Erdi Aroko
hirigunean daude biak modu estrategikoan kokatuta. Gasteiz eta Araba Kultura
eta Turismoan punta-puntakoak izaten laguntzen dute, Europako hiriburu
garrantzitsuenen parean egon daitezen.
Bi proiektuok jakin-min handia piztu dute, eta horren erakusgarri da
ireki eta ondorengo asteetan bisitari ugari jaso izana, aurreikuspen guztiak
gainditu dira eta. Horrenbestez, kalitatezko kultur turismoaren erakusgarri
direla egiaztatu da. Espainiako arte garaikideko bilduma onenetakoa duen
museo berria eta arkeologi indusketa-lanak bertatik bertara erakusten
dituen tenplu gotikoa erakargarriak eta interesgarriak dira.
Bertan zein nazioartean piztu duten interesari erantzuteko proposamen
zehatzak bideratu nahi dituzte bi erakundeek hitzarmenaren bidez. Hala
jasotzen da sinatutako akordioaren oinarrietan. Javier Gonzalez de Durana
Arabako ARTIUM Fundazioko zuzendariak eta Santa Maria Katedrala Fundazioko
zuzendari Gonzalo Arroitak osatzen duten batzorde mistoak erabaki eta
zehaztuko ditu ekimen bateratuak.
Sinergiak sustatzea eta kultur gune bakoitzaren izaera berezia errentagarri
egitea dira sinatutako akordioaren xedeak. Kultura, artea, hirigintza,
turismoa eta ekonomia arloetako emaitzek ahalegin koordinatua egitera
bultzatzen dute. Gainera, bi erakundeon filosofian bisitarien partaidetza
aktiboa ezinbestekoa denez, aurreikusitako proposamenetako batzuk eurei
bideratuta daude.
% 20ko beherapena sarrera bateratuarekin
Arabako ARTIUM eta Katedral Zaharraren artean bisitarien jarioa bultzatzea
du helburu sarreren inguruan onartutako neurriak: ekainaren 1etik aurrera
bi guneak bisitatzen dituztenek beherapena izango dute sarrera bateratua
erostean. Sarrera bateratua bi sarreren batuketa baino % 20 merkeagoa
da. Bi kultur guneak bisitatzeko sarrera bakarrak 4 euro balioko ditu,
eta bisitaldia batean zein bestean hasi ahal izango da. Sarrera biak aparte
erosiz gero, bi guneak bisitatzen dituztenek 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Bisitaldia Arabako ARTIUMen hasten duten turistek 3 euroko txartel arrunta
eskuratu ahal izango dute Museoan, eta ondoren euro bakarra ordaindu beharko
dute Santa Maria Katedrala bisitatzeko. Bisitaldia Katedral Zaharrean
hasten dutenek, berriz, 2 euroko txartel arrunta erosiko dute, eta gero
ARTIUMen sartzeko beste 2 euro ordaindu beharko dituzte. Sarrerek astebeteko
balioa izango dute, eta beherapena lortzeko txartela erakutsi beharko
da. Bazkide, erretiratu, eskola-talde eta abarrek ez dute beherapenik
izango, bestela ere abantailak baitituzte sarrerak erosterakoan.
Era berean, kultur proiektuetako bakoitzarekin lotura dutenek abantailak izango dituzte bi erakundeetan, hala nola, dendetako gaiak, argitalpenak, katalogoak... eskuratzean edota % 50eko beherapena sarrera bakoitzean. Halako neurriekin bi kultur guneek bisitariei eskaintzen dizkieten zerbitzu eta abantailak ugaritu nahi dira, eta era berean proiektu bakoitzarekiko eta adierazten dutenarekiko gizartearen lotura areagotu nahi da.