Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

05/06/2002

Zaharberritze planari buruzko aldizkaria Fundazioaren eskutik

2002/06/05 "Noticias desde el Triforio" aldizkariak 50.000 aleko tirada izango du, eta hedapenean aurrerapausoa dakar.

2002/06/05 "NOTICIAS DESDE EL TRIFORIO" (Berriak Triforiotik) aldizkariaren argitalpenarekin Santa Maria Katedrala Fundazioak aurrerapauso berri eta garrantzitsua eman du tenpluaren zaharberritze lanak ezagutarazi eta hedatzeko bidean. Lau hilabetekaria izango den aldizkari honek Katedral Zaharra berreskuratzeko lanen inguruko berriak eta gaiak jasoko ditu. Euskal Herriko eraikin gotiko esanguratsuena kalitatezko kultur turismoaren erreferentzia da jada Araban. Arabarrei eta urtero eraikinaren sekretuekin gozatzen duten milaka bisitariei zaharberritzeari buruzko gorabeherak azaltzeko talaia ezin hobea izango da, beraz, "NOTICIAS DESDE EL TRIFORIO" aldizkaria.

Proiektua ezagutarazteko hedapen lan garrantzitsua egiten du Fundazioak: Gidatutako bisitaldiak, turismo eta kultur ondare alorretako azoketan parte hartzea, biltzarrak, lanbide tradizionalei buruzko tailerrak, mintegiak, erakusketak,.... Berriki www.catedralvitoria.com web orria ere aurkeztu du. "Eta ekimen guzti horiez gain, gizartearekiko komunikazio haria izan nahi duen aldizkaria sortu dugu", azaldu du Gonzalo Arroitak, Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendari gerenteak. Aldizkariari hedapen handia ematea erabaki du Fundazioak, proiektuaren alderdiak ahalik eta jende gehienari ezagutarazteko helburuarekin.

"NOTICIAS DESDE EL TRIFORIO" aldizkariak 50.000 aleko tirada izango du. Modu horretan, Araban kaleratzen diren argitalpenen artean zabalpen handienetakoa izango du. Fundatzaileen Zirkuluko kideek ale bana jasoko dute, eta baita Gidatutako Bisitaldien Hirugarren Egitarauan parte hartzen dutenek ere. Gainera, hiriko eta lurraldeko kultur eta turismo gune garrantzitsuenetan izango da aldizkaria. Euskal Autonomi Erkidego osoan ere antzera banatuko da aldizkaria. Euskaraz eta gazteleraz idatzitako berriak jasotzen dituen aldizkari hau doakoa da. Lehen aleak 20 orrialde ditu, koloretan argitaratuak. Bertan zaharberritze proiektuaren nondik norakoak azaltzen dira, eta baita bestelakoak ere: eraikinaren berreskurapenetik hasi eta balioa emango dioten jarduera anitz.

Katedral Zaharra Historia, Arkitektura, Arkeologia, Artea eta Kultura uztartzen dituen gunea da. Gainera, ikerketek aurrera egin ahala edukiak ere aldatu egiten dira. Aldizkaria argitaratzen duen Santa Maria Katedrala Fundazioak modu zainduan eta erakargarrian aurkeztu nahi dizkie edukiak irakurleei. "Irakurketarako gonbita egin nahi dugu, eta modu argi eta atseginean tenplu gotikoak gordetzen dituen sekretu eta ezagupenak azaldu. Ildo horretan diseinu erakargarriaren aldeko apustua egin dugu, eta argazkiek pisu garrantzitsua izango dute", azpimarratu du Arroitak.

"NOTICIAS DESDE EL TRIFORIO" aldizkariaren lehen aleak zaharberritze proiektuaren filosofia azaltzen du. Irakurlea eraikina berreskuratzearen garrantziaz eta izango duen eraginaz jabetzea litzateke helburua. Hiru erreportajetan zehar jorratzen da gai hori. Lehenengoak Katedral Zaharraren historia du ardatz. Eraiki zuten unetik gaur egunera arteko historiaren laburpena da, hurrengo aleetan zehar mendeetako eraikuntzaren etapak zehatzago azalduko baitira. Dokumentu gisa balio handikoak diren hiru argazki hunkigarrik tenpluaren bizipenak erakutsiko dizkiote irakurleari.

Bigarren artikuluak proiektuaren izaera integrala aztertzen du. Zaharberritzea ez da eraikinaren berreskurapen arkitektoniko hutsa. Askoz gehiago da. Kulturan, turismoan, hezkuntzan, ekonomian edota inguruaren konponketan eragina izango duen plangintza integrala da. Azken urteetako lorpenak aztertzen ditu artikuluak, hala nola, Plangintza Nagusia edota Santa Maria Katedrala Fundazioak aurrera daraman kudeaketa eta hedapen lana.

Hirugarren erreportajean Gidatutako Bisitaldien Hirugarren Egitarauaren berrikuntzak eta alde garrantzitsuenak azaltzen dira. Plataformaren inguruko informazio zabala ere jasotzen du. Plataformaren eraikuntza prozesua, zutabeen euskarri gisa duen garrantzia eta arkeologi indusketetan betetzen duen lana nolakoa den jakin ahal izango du irakurleak. Testuarekin batera argitaratu diren zortzi argazki handiek plataformaren eraikuntza prozesua pausoz pauso erakusten dute.

Aldizkariak baditu beste atal batzuk ere. Atal zabalenetako batek web orriaren eta ibilaldi birtualen gaiak jorratzen ditu. Mapa handi baten bidez www.catedralvitoria.com orriak eskaintzen dituen aukeren berri ematen zaio irakurleari, zati guztiei buruzko azalpenekin. Tenpluan zehar ibilaldi birtuala egiteko modua ere azaltzen da atal berean, baita horren ezaugarri teknikoak eta benetako bisitaldiarekin alderatuta eskaintzen dituen berrikuntzak ere.

Era berean, "NOTICIAS DESDE EL TRIFORIO" aldizkarian bada berri laburrentzako tokirik ere. Bi tartetan proiektuaren inguruko eta kultura, turismoa eta hezkuntzarekin lotutako berri laburrak aurkituko ditu irakurleak. Fundatzaileen Zirkuluaren filosofia eta helburuen berri ere ematen du argitalpenak, eta kide izateko txartela eskaintzen du. Santa Maria Katedrala Fundazioarekin harremanetan egon nahi duten irakurleek ere eskura edukiko dute zuzendariari igorritako gutunen atala. Hurrengo aleetan atal berriak aurkituko dituzte irakurleek.