29/07/2002
2002/07/26 Santa Maria Katedrala Fundazioak kultur programazio joria eta anitza gauzatuko du datorren uztailetik aurrera. Aurreikusitako ekitaldien artean, Literatur Jardunaldiak nabarmendu behar ditugu. Ospe handiko idazleak izango ditugu gure artean, besteak beste, Ken Follett, Mario Vargas Llosa, Rosa Regas, Julio Llamazares eta Eduardo Mendoza. Aipatutako jardunaldiak, beste hainbat kultur ekitaldirekin batera, "Katedrala Ezagutzen" proiektuaren baitan antolatu ditugu, izan ere, Gasteiz kultur ondarearen eta ondare-kudeaketaren eremuetan erreferentzia bihurtzea baitugu helburu. Hitzaldiak ez ezik, honako hauek ere antolatuko ditugu: eliz musikari buruzko zikloa, atari zabaleko pintura azkarren estatuko lehiaketa, zinema-zikloa eta irratiaren inguruko jardunaldi irekiak.
"Katedrala Ezagutzen" aurrerapauso garrantzitsua dugu Euskal Herriko eraikin gotikorik adierazgarriena berritzeko prozesua ezagutarazteko ahaleginean. Santa Maria Katedrala Fundazioa, eraikina materialki berreskuratzen ez ezik, hedapen sozial, kultural eta turistikoaren alde ere ari da egiten, eta kongresuak, mintegiak, erakusketak, argitalpenak... antolatzen ditu horretarako. Hizpide dugun gaiari dagokionez, aurtengo urritik 2003ko otsailera arte Gasteiz eta Araba kulturaren munduko erreferentzi gune bihurtuko dituen proiektua izan da gure ahaleginaren emaitza. Katedralari eta katedralak alor guztietan duen esanahiari lotutako kultur programazioaren oinarriak finkatzea da gure helburua.
Horretarako, gure Fundazioak kalitatezko programa anitza antolatu du, Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker. Eta izen handiko idazleak bilduko dituzten Literatur Jardunaldiak dira, hain zuzen, programako ekitaldi guztietan aipagarrienak. Besteak beste, bi alderdi hauek aztertuko dira Jardunaldietan: mendeetan zehar katedralen eta kulturaren artean izan den lotura, eta idazleen bilakaera. Izan ere, garai batean idazleak ez zituen ia inork ere ezagutzen, eta gaur egun, izenari etekin handia ateratzen dioten jainkoak dira. Jardunaldiotan, halaber, literaturan, zientzian eta pentsamenduan Erdi Arotik gaur egunera arte egokitutako aldaketak ere deskribatuko dira.
Bost idazle handi izango dira hitzaldi/mahainguru hauetako protagonistak: Ken Follett, Mario Vargas Llosa, Rosa Regas, Julio Llamazares eta Eduardo Mendoza. Jardunaldiak Europa Biltzar Jauregian egingo ditugu 2002ko urritik 2003ko otsailera bitartean. Izan ere, idazle ospetsuak ahalik eta jende gehienarekin harremanetan jartzea da gure asmoa.
Fundazioak estatuan eta nazioartean salmenta handiak izan ohi dituzten bost idazle aukeratu ditu "Katedrala Ezagutzen" jardunaldietako lehen ediziorako. Ken Follett, best-sellerren idazlea eta "Los pilares de la Tierra" lanaren egilea, izango da lehen hizlaria. Lan hori nobela historikorik onenetakoa dugu, eta gainera, lotura estua du Katedral Zaharra berritzeko lanekin, XII. mendean Ingalaterran katedral bat nola eraiki zuten azaltzen du eta.
Hilero hitzaldi bat izango dugu, eta Rosa Regasek emango du bigarrena. Regasek 2001eko Planeta saria irabazi zuen "La Canción de Dorotea" eleberriarekin. Julio Llamazares, egungo espainiar narratzailerik onenetakoa, izango da abenduko hizlaria. Llamazares Espainiako katedralei buruzko ibilbide historikoa ari da prestatzen, eta asmoa dauka Santa Maria katedrala ere sartzeko.
Ondoren, Eduardo Mendoza izango dugu gure artean, espainiar literaturako
ardatzetako bat eta "La ciudad de los prodigios" lanaren egilea.
Azken hitzaldia Mario Vargas Llosak emango du, otsailean. Vargas Llosa
idazle hispanoamerikarrik oparoenetakoa da, eta besteak beste, Príncipe
de Asturias eta Cervantes sariak irabazi ditu.
"Katedrala Ezagutzen" zikloko egitarauan, Literatur Jardunaldiekin
batera, beste bost ekitaldi garrantzitsu antolatu ditugu kultura eta artea
sustatzeko asmoz. Idazle ospetsuen hitzaldiak dira egitarauaren ardatzak,
baina gure tenpluarekin zerikusia duten beste kultur ekitaldi batzuk ere
antolatu ditugu: kontaketa laburren lehiaketa, estatuko pintura-lehiaketa,
eliz musikari buruzko zikloa, irratiaren inguruko jardunaldi irekiak eta
zinema-zikloa. Besteak beste, "El jorobado de Notre Dame" (Notre
Dameko konkorduna) eta "En el nombre de la Rosa" (Arrosaren
izenean) filmak emango ditugu. Gainera, kantu gregorianoen CDa grabatuko
dugu zuzenean.