10/10/2002
2002/10/10 Gasteizko Santa Maria Katedrala berritzeko lanak argazkilari ospetsuen
ikuspegitik erakutsiko dira. Erakusketa-proposamen erakargarri hori aurtengo
urtearen bukaerara arte izango da katedraletan tradizio handia duten Espainiako
hirietan. Vari Caramés artista galiziarraren erakusketa Leon, Sevilla
eta Santiagora eramango da. Euskal Herriko tenplu gotikorik adierazgarriena
berreskuratzeko ematen ari diren urratsak ikuspegi desberdin eta bitxi
batetik erakusten ditu Caramések. Santa Maria Katedrala Fundazioak
antolatu du erakusketa, historiaren eta artearen ikuspegitik balio handikoa
den Monumentu hori berreskuratzeko lanen inguruan egingo diren kultur
jardueren baitan.
Leongo Katedralera eraman da lehenbizi argazki-erakusketa. Joan den irailaren
28an inauguratu eta lehen asteburuan ia 30.000 lagun joan ziren ikustera.
"Katedralean" erakusketan 33 argazki daude: 15 zuri-beltzak
eta 18 kolorezkoak. Guztietan, Katedral Zaharraz duen ikuspegia azaltzen
du Caramések eta denbora laburrean Kultur Ondarearen berreskurapenaren
sinbolo bihurtu den monumentu horren zenbait alderdi lantzen ditu.
Santa Maria Katedrala Fundazioak iaz jarri zuen abian kultur ekimen berri
hori, zaharberritze-proiektuan nagusi den filosofia integralaren ildotik.
Proiektua 2009an bukatuko da, eta gure helburua prozesu osoari buruzko
ikuspegi pertsonal intimista emango duen argazki-fondoa sortzea da. Gainera,
Katedralaren proiektua Europako aditurik onenen ustez punta-puntakoa eta
paregabea dela kontuan hartuta, argazkien bidez Espainiako hiri nagusietan
ezagutzera ematea ere bada gure nahia.
Gure lehen esperientziaren emaitzak Katedraleko txokoei buruzko ikuspegi
desberdin eta bitxia dakarkigu, Caramések ezaugarri duen giro intenporal
eta etereo hori nagusi dela. 2001eko bukaeran erakusketa Gasteizko Montehermoso
Kulturgunean egon zen ikusgai, eta interes bizia sortarazi zuen. Izan
ere, katedraletan tradizio handikoak diren hiri askok erakusketa eramateko
eskatu du.
Bost argazkilari
Erakusketa Leongo Katedraleko klaustrotik Sevillako katedralera joango
da: El Mariscal Kaperan eta Kabildo aurrean ezarriko dute urriaren 28tik
azaroaren 26ra bitartean. Abenduaren 4tik aurrera, Katedral Zaharra berritzeko
lanei buruzko erakusketa Compostelako Unibertsitatean izango dute ikusgai.
Beste hiri batzuek ere datorren urtean erakusketa eramateko eskatu diote
gure Fundazioari
Santa Maria Katedrala Fundazioak Vari Caramés argazkilari galiziarra
aukeratu zuen "Katedralean" erakusketari hasiera emateko. Artista
horrek katedralaren berrikuntzaren alde hartutako konpromiso tinkoak zerikusi
handia izan zuen gure erabakian. Caramések Gasteizko katedrala
ezagutu zuenetik bere ordezkaririk onenetakoa izan da. Argazkietan, bere
mundu magiko eta iradokitzailea mamitu du gure artistak.
Katedral Zaharraren argazkiek halako konplizitate samur eta apal batean
murgilarazten dute ikuslea, egunerokotasunak ñabardura berriak
hartzen ditu eta denborak ez du aurrera egiten. Caramésen irudiek
errealitatearen pusketak dira, elkar aurkitzeak... Fundazioak nazioarteko
ospea duten argazkilariak gonbidatuko ditu aldizka, gure tenpluaren bereizgarri
arkitektoniko eta espiritualei argazkiak atera diezazkieten. Bost artista
handiren lanak bildu eta erakusketa ibiltaria antolatzea da gure asmoa.