11/10/2002
2002/10/11 Maitasunean, heriotzan, fedean eta handinahian oinarrituta eta katedral gotiko batean lekututa, istorio zoragarria idatzi zuen Ken Follettek, munduko sortzailerik ezagunenetakoak. Gasteizko Santa Maria Katedrala leku aproposa izan zitekeen eleberri hori girotzeko, baina Follettek XII. mendeko Ingalaterra aukeratu zuen, eta handik milioika irakurle txunditu zituen "Lurraren zutabeak" lanarekin.
Egia da, izan ere, Erdi Aroa ezin hobeto ezagutzen duen idazle britainiar hau liluratuta geratu zela, urriaren 10ean eta 11n, Santa Maria Katedrala Fundazioak gonbidatuta, Katedral Zaharrean egin zuen bisitaldian.
"Estreinako aldia da katedral bat ikustera joan eta barruko bilbadura osoa ikusteko aukera dudana. Lurraren zutabeak lana idatzi nuenean, ez zegoen katedralik bere erraiak honela erakutsiko zituenik" esan zuen, mirespenez beteta, komunikabideen aurrean egin zen topaketa jendetsuan.
Follettek "Katedrala ezagutzen" hitzaldi-zikloa inauguratu zuen aurreko egunean. Tenplu gotikoaren barruan burutzen ari den arkeologi birgaitze eta ikerkuntzarako proiektuak berebiziko interesa sortu zuen haren baitan. "Proiektu zirraragarria da, benetan" adierazi zuen.
Katedralean egiten ari diren lanak bisitaldi pribatu batean erakutsi zitzaizkionean geratu zen liluratuen. "Proiektu honetan bildu den informazioak aberastu egingo gaitu" esan zuen, eta Gasteizko tenplua "Lurraren zutabeak" lanaren jarraipenean sartuko duela ere erantsi zuen.
Itzelezko ikusmina
Follett Gasteizera etorri izanak izugarrizko ikusmina sortu zuen, eta
demaseko jendetza erakarri zuen. Katedralaren aldarean egin zen prentsaurrekoan
komunikabide ugarik hartu zuten parte; estatukoak ziren gehienak.
Europa Biltzar Jauregiko hitzaldira joateko gonbitak ordu erdian amaitu ziren, eta beste bi areto atondu behar izan ziren, bideo-konferentzia bidez haren azalpenak entzun ahal izateko. 700 lagunetik gora izan ziren "Zergatik daude katedralak?" izenburuko solasaldia mirespenez entzuten.
Best-sellerraren egileak erakutsi zuen ondo baino hobeto ezagutzen dituela Katedral Zaharraren historia eta gizaldietan zehar izan dituen arazoak. "Eraikitzaileek ez zuten eraikinei buruzko teoria egokirik: ez zekiten zertan euskarritzen diren eta zergatik ez diren erortzen. Hortaz, hanka-sartzeak egiten zituzten, eta gero konpondu egin behar, hementxe gertatu zenez".
Horren haritik, Follettek goratu egin zuen tenplu gotikoa zaharberritzeko erabilitako metodologia. "Eraikin handien eraikuntza-mekanismoetan sakontzen du, neure eleberriak bezalaxe. Gainera, alderdi artistiko eta espirituala sustatzeaz gain, aurrerapen tekniko ugari ekarri zituen katedralen eraikuntzak. Nire nobelan gertatzen dena, Gasteizko katedralean ere jazo zen".