Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

24/10/2002

RNEko “Buenos días” programan katedrala mintzagai

2002/10/24 Santa Maria Katedrala zaharberritzeko lanen inguruan izan zen batik bat Radio 1-ko goizeko magazina.

2002/10/24 Joan zen urriaren 24an, Gasteizko Villa Suso jauregia irratiko estudio bihurtu zen. Radio Nacional de España-Radio 1 kateko "Buenos días" programako ekipo osoa Arabako hiriburura etorri zen, Santa Maria Katedralak antolatu duen "Katedrala Ezagutzen" ekimena dela eta. RNEren bisita Irrati Jardunaldi Irekien barruan sartzen da. Jardunaldioi Euskadi Irratiak eman zien hasiera joan zen urriaren 11n, "Boulevard Magazine" programaren bidez.

RNEren programak bost ordu iraun zuen eta hiritar askok eta askok irrati-programak nola egiten diren zuzenean ikusteko aukera izan zuten. Santa Maria Katedrala zaharberritzeko lanen inguruan izan zen batik bat Radio 1-ko goizeko magazina. Antonio Jiménezek, "Buenos días" programako zuzendariak, jadanik nazioarteko errekonozimendua lortu duen proiektu honen berezitasun guzti-guztiak azaldu zituen.

Jiménezen taldean hogei lagun baino gehiago dira. Programaren bezperan Katedral Zaharreko lanak eta arkeologi indusketak ikustera joan ziren. Bisitaldian katedralaren historia, arazoak eta proposatu diren konponbideak zehatz-mehatz ezagutu zituzten. Eta gero, programaren bost orduetan ederki asko azaldu zuten dena eta hainbat protagonistari eman zieten hitza.

"Buenos días" 08:00etan hasi zen, Gasteizen hasi ere, eta politikako gaiak eta gaurkotasuna zutenak landu zituzten. 10:00etatik aurrera, gai sakonak alde batera utzi eta Katedral Zaharraz mintzatzeari ekin zioten. Antonio Aguilarrek eta Gonzalo Arroitak proiektuaren ezaugarriak azaldu zituzten. Antonio Aguilar Herrilan eta Hirigintzako foru-diputatua eta Santa Maria Katedrala Fundazioko lehendakaria da eta Gonzalo Arroita Fundazioko zuzendari kudeatzailea.

Bisitari gidatua ere egin zuten programan. Eta gainera, guztia Javier Capitán, Luis Figuerola, José María de Juana, Ciudadano García, Oscar Cabero, Carlos Latre eta beste hainbat profesionalen ateraldi eta humoreaz gozatu zuten.

Euskadi Irratiak ere antzeko esperientzia egin zuen urriaren 11n. Almudena Cachok zuzentzen duen "Boulevard Magazine" programa Bisitarientzako Harrera Zentroan, Katedralaren ondoan, egin zuten eta berrikuntza-proiektuaren alderdi eta ikuspegi guztiak aipatu zituzten. Hainbat lagunek hartu zuten parte programan eta, besteak beste, zuzeneko elkarrizketa egin zioten Ken Follett idazle britainiarrari, egun hartan Katedral Zaharra ikustera etorri baitzen, Santa Maria Katedrala Fundazioak gonbidatuta.