06/11/2002
2002/11/06 Independentzi Gerran, frantsesen okupazioaren urtetan Santa Maria Katedraleko parrokoarentzat lan egiten duen Urizaharreko neskatxa baten historia eta tenplu gotikoa eraikitzeari ekin zitzaion lehen urteetan familia batean gertatutako gorabeherak dira Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatutako Kontakizun Laburren I. Lehiaketa irabazi duten ipuinen argudioak.
Helduen artean Ana Sandovalen "La espada de Nápoles"
eta Asier Alvarez de Arkaiaren "Ametsak elurpean" izan dira
irabazleak, gaztelerazko eta euskarazko sailean. Txapelketara ia ehun
lan aurkeztu ziren. Epaimahaikideek partaidetza handia izan dela eta gaztelerazko
kontakizunetan 18 urtetik gorakoen atalean maila bikaina lortu dela azpimarratu
zuten erabakiaren berri ematerakoan.
"La espada de Nápoles" kontakizunean, XIX. mendean,
Independentzi Gerraren (1808-1814) eta frantsesen okupazioaren garaian,
girotutako istorioa kontatzen du Ana Sandovalek: Urizaharreko neskatxa
bat Gasteizera joatera eta Santa Maria Katedraleko parrokoaren esanetara
lan egitera behartzen dute. Asier Alvarez de Arkaiak, berriz, Avendaño
familiaren gorabeherak azaltzen ditu "Ametsak elurpean" kontakizunean,
baina ardatz nagusia familiaren eta tenpluaren harremanak ditugu, Victoria
zaharrean Katedral Zaharra eraikitzen hasi ziren urteetan.
18 urtetik beherakoen saileko irabazleak Edurne Iñigoren "El
secreto de la Catedral" eta Oier Llinasen "Koblakariaren sorginkeria"
izan dira. Lehen kontakizunaren protagonista Gasteizko mutil gazte ikasle
bat da: ustekabean, Grial Santuarekin zerikusia duen liburu zahar-zaharra
aurkitzen du Katedralean. Liburuak dioenez, litekeena da Griala Gasteizen
egotea. "Koblakariaren sorginkeria" hirian eta Katedralean zehar
juglareen atzetik ibiltzen diren haur batzuen bizimoduan oinarritutako
kontakizuna dugu.
18 urtetik gorakoen gaztelaniazko kontakizunen sailean José Antonio
Nájeraren "La ciudad rosa" eta Alberto Echevarríaren
"Un duende en la Catedral" istorioek irabazi dute bigarren eta
hirugarren saria, hurrenez hurren, eta 18 urtetik beherakoen sailean Alexandra
Arenazaren "La última botella" eta Laura Hernándezen
"Lágrima de Luna" lanek. Euskarazko saileko saridunak,
berriz, honako hauek izan dira: Josean Buenoren "Ez dakit, aitite"
eta Antonio Zubeldiaren "Santa Mariako mamua" 18 urtetik gorakoen
artean eta Aramaioko Irantzu Martínezen "Eta orain, zer?"
eta Gustavo Bañosen "Antzinakoak" 18 urtetik beherakoen
artean.
Kontakizun Laburren I. Lehiaketan ia ehun lan aurkeztu dira, gehienak
gazteleraz. Nahitaezkoa zen argudioa Katedral Zaharrean girotuta edo kokatuta
egotea. Epaimahaikideek -idazleak, unibertsitate eta institutuko irakasleak
eta kazetariak ziren- kontakizunak, batik bat 18 urtetik gorakoen gaztelerazko
sailekoak, bikainak izan direla azpimarratu dute.
Lanetan era guztietako korapiloak eta ikuspegiak landu dira. Azpimarratzekoa
da, ordea, egileek asko dakitela Katedralaz. Maitasun-istorioak, hilketak,
misterioak, pertsonaia bitxiak... iraganeko kontuak, batik bat Erdi Arokoak,
eta gaur egungoak... denetarik dago kontakizunetan. Helduen saileko irabazleei
300, 200 eta 150 euro emango zaizkie, hurrenen hurren, eta 18 urtetik
beherakoei 250, 150 eta 100 euro materialetan. Gainontzeko parte-hartzaileen
meritu-diplomak azaroaren 11tik, astelehena, aurrera Santa Maria Katedrala
Fundazioan egongo dira.
Astearte honetan, Rosa Regásen hitzaldia
Lehiaketako sari guztiak hilak 5ean, asteartea, banatuko dira Rosa Regás
idazleak Europa Biltzar Jauregian emango duen hitzaldia hasi baino lehen.
"La canción de Dorotea" lanarekin 2001eko Planeta Saria
irabazi zuen idazle katalanak emango du "Katedrala ezagutzen"
zikloko bigarren hitzaldia, Ken Folletten ondoren: "Monumentos de
la cultura en la realidad y en la ficción" (Kultur monumentuak
errealitatean eta fikzioan).