Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

26/11/2002

Correosek zigilua eskaini dio katedralari

2002/11/26 Tenplu gotikoaren irudia mundu osoko 16 milioi lagun iritsiko da azaroaren 27an kaleratutako 1.200.000 bloke-orriei esker.

2002/11/26 Gasteizko Santa Maria Katedrala berriztatzeko lanen proiektuak zabalpen handiagoa izango du nazioartean Correosek eskainitako bloke orriari eta zigiluari esker. Horrela, bada, tenplu gotikoaren irudia mundu osoan ezagutuko dute, posta-sarearen bidez. Bihartik, hau da, azaroaren 27tik aurrera, 1.200.000 zigilu jarriko dituzte salgai 0,50 eurotan.

Santa Maria Katedraleko beirategiei eskainitako zigilua da, baina bloke-orriari esker, zigiluko motiboaren tamaina handitu egin ahal izan dute. Era horretan, jendeari irekita dauden zaharberritze-lan arkitektoniko horien berezitasunak islatzen ditu zigiluak. Correosen eskaintza Katedral Zaharraren berriztapen-lana aitortzeko modu bat da: izan ere, arkitekturaren eta historiaren aldetik balio berezia duen monumentua berreskuratzeaz gain, eraberritze-lanek Santa Maria Katedrala Fundazioak hasitako kultur, gizarte, zientzi eta turismoaren sustapena ere hartzen du beren baitan.

Correosen aitorpena oso garrantzitsua da Katedral Zaharrarentzat, oinarrizko bi arrazoirengatik bereziki. Batetik, zabalpena dela eta. Prezioak, 0,50 euro, zigilua Europako Batasuneko edozein txokotara bidaltzeko aukera ematen du. Bi zigilurekin edo gehiagorekin munduko edozein herrialdetara iritsi daiteke. Horrezaz gain, munduko aldizkari filateliko guztietan eman dute bloke-orriaren eta zigiluaren berri, bai eta laster kaleratuko den 2002ko Espainiako eta Andorrako Jaulkipenen Urteroko Liburuan eta lau hizkuntzatan (gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez) kaleratutako diptikoetan ere. Ondorioz, katedralari eskainitako zigilua 16 milioi lagunengana iritsiko da.

Bestetik, kontuan izan behar dugu Correosek urtero mila bat eskaera jasotzen dituela, eta batez beste 40 zigilu eta bost bloke-orri baino ez dituela ematen. Aurten, ordea, aipaturikoez gain, beste bloke-orri batzuk ere banatu ditu eta erakusketa filatelikoak izan dira horiek jaso dituztenak: Tarazonako Philaiberia, Salamancako Exfilna eta Salamancako 2002ko Haurren Munduko Filatelia Erakusketa, hain zuzen.

Espainian, 1850ean egin ziren lehen postazko igorpenak eta, ordu ezkero, Correosek Gasteiz edo Arabarekin lotura duten 20 zigilu baino ez ditu atera. Azken zigilua Jesusen Bihotzeko Santa Josefari eskaini zion, Jesusen Mirabeen lagundia sortu zuela eta. Gasteizi bloke-orri bakarra eskaini dio: 1996an izan zen eta hiriaren ikuspegi bat ageri da. Argi dago, beraz, katedralari eman berri dioten zigilua oso garrantzitsua dela bai Santa Maria Katedralarentzat, bai katedrala bera berriztatzeko prozesuarentzat.

Eskaintza horri esker, Katedral Zaharra Correosek duen irudi-bilduma ohoretsuan sartu da, eta filatelia gustuko dutenentzat objektu preziatu bilakatu da. Espainian milioi erdi
bildumagile daude, eta munduko lurralde guztien artean, filatelista gehien dituen hirugarren herrialdea da, Estatu Batuen eta Alemaniaren ostean.

Bloke-orria kalkografia eta Offset bidezko inprimaketa da. Papera gomazkoa da, iztukatua, matea (distirarik gabea) eta fosforeszentea. 105 bider 78 milimetroko zabalera du eta bi beirategi nagusiak eta Katedralaren perspektiba bat daude irudikatuta. Korotik hartutako perspektiba da eta plataforma eta indusketa arkeologikoak ikusten dira. Irudiarekin batera ondorengo testua ageri da bloke-orrian: Catedral de Santa María, Vitoria-Gasteiz. Restauración abierta.

Bloke-orriaren ezkerreko aldean dago zigilua, trokelatua, erraz moztu eta erabiltzeko moduan. 28,8 bider 40,9 milimetroko tamaina du eta barnean, Santa Maria Katedraleko beirategietako baten zati bat dago irudikaturik. Tenpluaren beirategi nagusietako batean dagoen Jasokundeko Andre Maria Birjinaren irudia da.

Muñoz de Pablos, diseinuaren egilea
Zigilua Carlos Muñoz de Pablosek diseinatu du. 60ko hamarkadako berriztatze-lanetan ere berak egin zituen katedraleko beirategiak. Muñoz de Pablos artista segoviarra ospetsua da mundu osoan. Beste hainbat gauzen artean, San Quirceko Arte Eder, Historia eta Artearen Errege Akademiako kidea eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kidea da, bai eta Beiraren Historialarien Nazioarteko Erakundearen Espainiako Batzordeko presidentea ere. Gasteizen ezezik, Espainiako Arte-Ondareko hainbat eraikinetan, eta hemengo eta kanpoko eraikin publiko eta pribatuetan ere egin du lan.