Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

15/12/2002

Vatikanoak Katedralaren zaharberritze-lanak goraipatu ditu

2002/12/15 Juan Paulo II.a Aita Santuak audientzian hartu ditu Fundazioko arduradunak, proiektuaren kategoria aintzatetsiz.

2002/12/15 Gasteizko Santa Maria Katedralaren zaharberritze-lanetan aurrerapauso garrantzitsua eman zen 2002ko ekainean, Plangintza Nagusia argitaratzearekin. Bere garaian idatzitako plangintza honi metodologiaren alorreko kalitatea aitortu diote Kultur Ondarearen berreskuratze-lanetako mundu osoko aditu esanguratsuenek. Dokumentu hori tenplu gotikoaren azterketa osoa da, eta eraikinaren patologia arkitektonikoak ezagutu eta horiei konponbide eraginkorrak aurkitzea du helburu, bai eta tenpluaren beraren eduki kultural, sozial, funtzional eta sinbolikoa berreskuratzea ere, Gasteizko hiriaren Hirigune Historikoa zaharberritzeko asmoaren barnean.

Argitaratu zenetik, instantzia eta erakunde ugariren aitorpena jaso du Plangintza Nagusiak. 2002. urtean zehar, Erroman, Madrilen eta Gasteizen aurkeztu zuen plana Santa Maria Katedrala Fundazioak, Ondarea berreskuratu eta zaintzeko arduradun nagusien aurrean. Tenplu gotikoa zaharberritzeko lanen metodologiari eta zorroztasunari laudorio anitz egin zizkieten guztiek.

Francesco Marchisano artzapezpiku eta Elizako Ondarearen arduradun nagusiak ondorengo hitzak esan zituen: "Harrituta nago aldez aurreko ikerketarekin, lanen prestaketa teknikoetan jarritako arretarekin eta literatur nahiz liturgia erabilerak uztartzeko trebetasunarekin". Gasteizko Apezpikua Migel Asurmendik, hiriko alkate Alfonso Alonsok eta Arabako Foru Aldundiko Herri Lan eta Hirigintzako diputatu eta Santa Maria Katedrala Fundazioko lehendakari Antonio Aguilarrek osatutako delegazioarekin Erroman izandako elkarrizketa batean esandako hitzak dira horiek.

Topaketa horren ostean Juan Paulo II Aita Santuak audientzia hartu zituen. Vatikanoak Santa Maria Katedralean martxan jarritako proiektuaren "kategoria" aitortu nahi izan zuen: mundu osoko eliza-ondarea zaharberritzeko lan onenen artean dago. Erroman egindako denboraldian, aurkezpen bat egin zuten Cervantes Institutuan, eta han bildu ziren, besteak beste, arkitektuen, arkeologoen, historialarien, politikarien eta Elizaren hainbat eta hainbat ordezkari.

Kultur Ministerioak ere goraipatu du Plangintza Nagusia. Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan egindako aurkezpenean Estatuko idazkari Luis Alberto de Cuencak adierazi zuenez, Katedral Zaharra berreskuratzeko lanen "kalitatea paregabea" da eta katedralean egindako esku-hartzeak eredugarriak "Kultur Ondarea kudeatu eta berreskuratzeko".

Nazioarteko aitorpena
Katedraleko lanen kalitatea aitortu dute nazioartean. Italiako Siena eta Padua unibertsitateetako Ricardo Francovich eta Gian Pietro Brogiolo irakasleen esanetan, "Santa Maria Katedrala zaharberritzeko egindako lana, gaur egun Europa osoan aurki genezakeen eraikin historikoen birgaitze lan onena da".

Alfonso Jiménez Sevillako (Espainia) Katedralaren arkitektu nagusiaren arabera Katedral Zaharraren Zaharberritze Integralaren Plangintza Nagusia "ondarea berreskuratzeko Espainian egiten ari diren plan guztien artean onena eta serioena da". Ken Follet best seller idazle eta "Los pilares de la Tierra" lanaren egilearen esanetan, "Europako Katedralen zaharberritze lan guztiek Gasteizko Santa Mariaren eredua jarraitu behar lukete".

Plangintza Nagusia bi urtean zehar (1996-1998) egindako lan etengabearen emaitza da; Leandro Cámara eta Pablo Latorre arkitektuek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateko Arkeologia-katedradun Agustín Azkaratek egin zuten, Arabako Aldundiko Ondare Historiko-Arkitektonikoaren zerbitzuko buru den Juan Ignacio Lasagabaster arkitektuaren zuzendaritzapean.

Bi liburukik - guztira 800 orrialde - eta monumentuaren kartografia osoa jasotzen duen 27 planoko karpeta batek osatzen dute Plangintza Nagusiaren luxuzko argitalpena. Dagoeneko 250 baino gehiago dira Plangintza Nagusia eskuratu duten Espainia eta Europa osoko unibertsitate, instituzio publiko, kultur elkarte, zientzia-zentro eta liburutegiak. Argitalpen hori eskuratu nahi duenak Santa Maria Katedrala Fundazioaren bitartez (0039945122160) edo www.catedralvitoria.com helbidean jaso dezake informazioa. Gainera, web horretan, Plangintza Nagusiaren edukia oso osorik kontsulta daiteke.