2003/01/07 Bisita Gidatuen Programa 12 hilabetekoa izango
da lehenengoz, etengabeko eskaerari erantzuteko.
2003/01/07 Gasteizko Santa Maria Katedrala zabalik egongo
da 2003. urte osoan zehar, zaharberritze lanek milaka bisitariren artean
sortu duten jakinmina dela eta. Bisiten Programa hamabi hilabetekoa izango
da lehenengoz, etengabeko eskaerari erantzun ahal izateko. Apirilaz geroztik
50.000 bat lagunek bisitatu dute tenplu gotikoa, hau da, hasieran aurreikusitako
bisitarien kopurua bikoiztu egin da.
Bisiten 3. edizioa abenduaren 31n zen bukatzekoa, baina, eskaera handia
zela eta, urtarrilaren 5era arte luzatu behar izan zuten. Eguna baino
lehen, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gotzaingoak osatzen
duten Santa Maria Katedrala Fundazioak 3.000 erreserba baino gehiago zituen,
eta datozen hilabeteetan erantzun ahal izango zaie eskaera horiei.
Urtarrilean ikastetxeek bisitatuko dute Tenplu gotikoa, udalaren Hezkuntza
Sailarekin sinatutako hitzarmenari esker, eta baita erakundeek eta lehendik
hitzordua hartuta zuten taldeek ere. Santa Maria Katedrala Fundazioak
Vital Kutxak babestutako bisiten zerbitzua berrantolatuko du urtarrilean:
horrela eraikinean egiten diren lanak eta bisitak uztartzen saiatuko da.
Une honetatik aurrera nahi duenak erreserbak egin ditzake 945 255 135
telefono-zenbakira hots eginez (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik
20:00etara) edo www.catedralvitoria.com helbidean.
Lehenengo hilabeteetan bisiten programaren intentsitatea %75ekoa izango
da, ohikoa baino zertxobait murritzagoa. Katedrala lehenengoz egongo da
zabalik urtarrila eta apirila artean, eta hortaz aurreko programek baino
500 ordu gehiago izango ditu oraingo honek. Apirilaren 16a arte egunean
hiru orduz egongo da zabalik Katedral Zaharra: astelehenetik ostiralera
11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 18:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan,
berriz, ohiko ordutegian, hau da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik
20:00etara. Sei orduko ordutegi hori Aste Santuan hasi eta 2003ko abenduaren
31a arte mantenduko da.