Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

30/01/2003

Katedralak harrituta utzi zituen Fitur turismo-azokan

2003/01/30 Juan Carlos eta Sofia errege-erreginek Arabako erakustokia bisitatu zuten, eta interesa piztu zien tenplua eraberritzeko proiektuak.

2003/01/30 Mundu osoko tour-operadore eta profesionalek goraipatu egin zuten Gasteizko Santa Maria Katedrala eraberritzeko proiektua, Madrilgo Fitur 2003 Nazioarteko Turismo Azokaren inaugurazioan. Espainiako Juan Carlos I. erregeak eta Sofia erreginak Arabako erakustokia bisitatu zuten, eta tenplu gotikoa eraberritzeko proiektuak interesa piztu zien. Errege-erreginei atentzioa eman zien gidarien kaskoak, eta anekdota bat ere aipatu behar da: Fundazioaren hainbat pin eraman zituzten. Pinetan Katedraleko triforioaren atal baten irudia dago.

Errege-erreginen bisitaldiak itzal berezia eman zion jardunaldiari. Euskal Herriko pabilioian zegoen Arabako erakustokira milaka lagun etorri ziren, gure tenplu gotikoko obrak ikusteko Bisita Gidatuen Programak aurtengoan eskaintzen dituen nobedadeak ezagutzera.

Turismoaren arloko adituak "harriturik" geratu ziren artearen eta historiaren ikuspegitik balio aparta duen monumentu hau berreskuratzeko lanak jendearentzat nola ireki diren ikusita. Ildo horretan, "esperientzia paregabea" dela adierazi zuten, eta halaber, ibilbide gidatuek, ikusleei eraberritzen ari diren katedral hau barrutik ezagutzeko aukera ematez gain, "oso eduki didaktiko interesgarriak" dituztela. Bat egin zuten, beraz, gure proiektuak, besteak beste, kulturaren eta zientziaren esparruetan izan dituen aitorpenekin.

Santa Maria Katedralak Fitur Azokaren aurtengo edizioan erakusgai izan dituen osagai nagusiak honako hauek dira: erdiko nabe osoa zeharkatzen duen plataforma, arkeologi indusketak eta elizpea berritzeko lanak. Horixe aipatu zuten sektoreko profesionalek ere. Askok lehendik ezagutzen zuten Bisita Gidatuen Programa, eta proiektuak izandako bilakaera ikustera etorri ziren erakustokira.

Iritzi eta laudorio guztiak bat etorri ziren honetan: jendeari Katedral Zaharra berritzeko lanak barrutik ikusteko aukera ematea "kultur turismoan eskaini den berrikuntzarik handienetakoa" da. Bisitari-kopuruak ere agerian utzi du hori, Santa Maria Katedrala jendearentzat ireki zutenetik 200.000 lagun baino gehiago joan baitira ikustera.

Santa Maria Katedrala Fundazioak hirugarren urtez hartu du parte Fitur azokan, eta Gasteizeko eta Arabako kalitatezko turismoaren erreferentzia bihurtu da. Aurtengo berrikuntzez gain, iazko edizioan erakutsitako beste hainbat aukera ere eskaintzen ditu Katedral Zaharrak: esaterako, ibilaldi birtualak eta web gunea (www.catedralvitoria.com). Azken horri esker, erreserbak interneten eginez, alegia, ikusleekin zuzeneko harreman arinak izateko aukera dugu. Eta hain zuzen, horri balio handia eman ohi diote turismoaren arloko adituek.

CD interaktiboa
Teknologia berrien aldeko apustuan aurrera eginez, Fundazioak CD interaktiboa aurkeztu du Fitur azokan. CDan proiektuaren eduki guztiak azaltzen dira, zehatz-mehatz. Historiarekin, Fundazioarekin eta fundazioaren kultur jarduerekin zerikusia duten alderdi guztiak aipatzen dira, bizitasun handiz eta didaktikoki. Gidatutako ibilbidea ere eskaintzen du aukeran: txokoz txoko gabiltzala, off ahots batek xehetasun guztiak ematen ditu.