14/03/2003
2003/03/14 Mario Vargas Llosa idazleak hitzaldia emango du Gasteizen datorren apirilaren 11n, ostirala, Santa Maria Katedrala Fundazioak gonbidatuta. Ekitaldi hau Principal antzokian egingo da 20:00etan, eta hitzaldi horren bidez amaiera emango zaie "Katedrala ezagutzen" literatur jardunaldiei. Peruko idazle honek katedral zaharrera egingo duen bisita aukeratu du bere azken eleberria, "El paraíso en la otra esquina", aurkezteko. Era berean, beste hiru hiritan egongo da bere eleberria aurkezten: Madril, Bartzelona eta Sevillan.
Vargas Llosa gure artean izatea aukera bikaina dugu jardunaldi honetako goi?mailako kultur eskaintzari amaiera emateko. Azken hilabeteotan, Santa Maria Katedrala Fundazioak nazioarteko idazle entzutetsuak bildu ditu: Ken Follett, Rosa Regás, Julio Llamazares eta Alfredo Bryce Echenique. "Katedrala ezagutzen" jardunaldiotan, beste jarduera asko antolatu dira, halaber: musika sakratua, zinema, eleberri laburren lehiaketa, aire zabaleko pintura?saioak, eta irratsaioak Radio Nacional de España eta Radio Euskadirekin batera.
Jarduera hauek oihartzun handia izan dute eta asko lagundu dute Santa Maria Katedrala Fundazioak eta Arabako erakundeak, kultur ondarea berreskuratzeari dagokionez, Gasteiz lehen mailako erreferentzia bihurtzeko egiten ari diren ahaleginetan. Gure fundazioak eskerrak eman nahi dizkio Vargas Llosari bere eleberria "Katedrala ezagutzen" literatur jardunaldien baitan aurkezteagatik. Vargas Llosak katedralari buruz hitz egingo du bere hitzaldian eta katedralen munduari eta literaturari buruzko aipamenak tartekatuko ditu, halaber.
Vargas Llosaren hitzaldira etortzeko beharrezkoa da gonbidapena. Gonbidapenak datorren larunbatetik aurrera (hilak 15) eskura daitezke Buruileria plazako Bisitarien Harrerarako Zentroan, katedral zaharraren ondoan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean.
Vargas Llosa gure garaiko eleberrigile onenetakoa dugu. Sari ugari jaso ditu gure idazleak, eta gaztelaniazko literaturan adibidez, ondokoak eskuratu ditu, besteak beste: Rómulo Gallegos saria (1967) "La casa verde" eleberriarengatik; literaturako Príncipe de Asturias saria (1986); Planeta saria (1993), Rafael Lapesarekin batera, "Lituma en los Andes" eleberriarengatik; eta Cervantes saria (1994).
1993an espainiar nazionalitatea hartu zuen, eta Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademiako kidea da 1996az geroztik. Akademian sartzeko hitzaldian Azorini buruz mintzatu zen. Bere azken eleberrian, "El paraíso en la otra esquina", Flora Tristán feminista frantses?perutarra eta haren biloba, Paul Gauguin pintore frantsesa, hartu ditu hizpide.
Vargas Llosaren bisitak sortu duen ikusmin handia dela eta, Santa Maria Katedrala Fundazioak, Gasteizko Udalarekin batera, hitzaldia Principal antzokian egitea erabaki du. Idazlea gure artean izango genuela iragarri zenetik, ehunka lagunek eskatu dute informazioa, eta, hortaz, Bryce Echenique etorri zenean bezala, ekitaldia jende asko biltzeko edukiera duen gune batean egitea erabaki dugu.