09/05/2003
2003/05/09 Santa Maria Katedrala zaharberritzeko lanek Europa Nostra saria jaso dute gaur goizean. Sari hori kultur ondarea zaindu eta hobetzeko lanak txalotzeko Europan ematen den sari garrantzitsuena da. Europar Batasunak bultzatuta ematen da eta aurten 19 herritako 300 hautagai egon dira.
Katedral zaharra berritzeko proiektuak 10.000 euroko zenbatekoa jaso du. Sari hori Europar Batasunak ematen dituenen arteko handiena da, eta sei kategoriatako proposamen onenari ematen zaio. Santa Maria katedrala berreskuratzeko lanak azterketen atalean saritu dituzte, Plangintza Nagusiaren kalitate handiarengatik, batetik, eta tenplua erabilera berrietara egokitzeagatik, bestetik.
Europa Nostra sarietako epaimahaiak honela azaldu ditu sari hau emateko arrazoiak: "Katedrala zaharberritzeko lanak prozesu bizi bezala eta Gasteizko hiriaren kultura, turismoa, hezkuntza, hirigintza, gizartea eta ekonomia biziberritzeko akuilu bezala ulertu da. Gainera, Gasteizko hiriari onura handiak ekarri dizkioten bitarteko bihurtu dira lanok, eta horri esker, kultur ondarea berreskuratzeko lanen erreferente nabaria dira gaur egun".
Ramón Rabanera Arabako diputatu nagusiak eta Antonio Aguilar Herrilan eta Hirigintza Saileko foru diputatuak jaso dute saria Belgikako Lorenzo printzearen eskutik, Bruselan egindako ekitaldian.
Europa Nostra sarien maila agerikoa da sariak bultzatzen dituen erakundea -Europar Batasunak- zein 1978az geroztik saria eskuratu duten eraikin eta proiektuak ikusita. Nazioarteko saridunen artean ondoko hauek nabarmentzen dira: Pragako antzoki nazionala, Windsor gaztelua, Ingalaterrako Durham katedrala, Londresko Royal Opera House edo Lisboako Belem dorrea.
Europa Nostra sariak hiru kategoriatan banatzen dira: diploma, domina eta domina gehi aipamen berezia. Espainiako kultur ondareak 17 domina eta 79 diploma jaso ditu, saria ematen hasi zenetik, baina orain arte sari nagusia -domina gehi aipamen berezia- ez da inoiz jaso. Santa Maria katedrala zaharberritzeko proiektuak, ordea, sari horixe eskuratu du oraingoan.
Espainian dominarekin saritu dituzten azken proiektuak hauek izan dira: Tarragonako erromatar zirkua 1995ean eta Bartzelonako Lizeoko antzoki handia berreskuratzeko lanak 2000. urtean. Beste erakunde hauek ere sari bera jaso dute: Alcalá de Henaresko unibertsitateak, turismo?ostatu nazionalek edo Palentziako Santa María la Real monasterioak. Gasteizek diploma bat jaso zuen 1982an hirigune historikoa zaharberritzeko lanengatik.