2003/09/30 Ia 25.000 lagunek, 2002an baino %30 gehiagok,
hartu zuten parte ibilbide gidatuetan ekainaren eta irailaren bitartean.
2003/09/30 Udako hilabeteetan Gasteizko Katedral Zaharra
eraberritzeko lanak ikustera etorritako bisitari-kopurua tenpluak ateak
ireki zituenetik (1999) egon den handiena dugu. Ekainetik irailera bitartean,
40 herrialde baino gehiagotako ia 25.000 (24.755) lagunek hartu zuten parte
ibilbide gidatuetan; iaz garai berean baino %30 bisitari gehiago izan ditu,
beraz.
Santa Maria Katedrala zaharberritzeko lanak gero eta ikusmin handiagoa
ari dira sortzen, batetik, proiektuak etengabe eboluzionatu duelako, eta
bestetik, bisitetan berrikuntzak sartzen direlako beti. Joan zen apirilean
balio historiko handiko txoko ezagunak ere barne hartzen dituen ibilbide
berria eskaintzen hasi ziren, eta kontuan hartu behar da jendeak hamarkada
luzeak eman dituela horiek ikusi ezinik.
Bisitariek hamaika alderdi ezagutzen dituzte: Katedraleko zutabeak sendotzeko
lanak, zaintzaileen erronda-pasabidea, arkupeko polikromiak ikertzeko
eta zaharberritzeko jarduerak... eta gainera, nobedade garrantzitsuak,
hala nola, Santiago Kapera, hainbat hamarkadatan itxita egon den XIV.
mendeko eskailera kiribiletik igo ondoren ikusten dutena.
Osagai horiei guztiei eta beste hainbati esker bertaratu da halako jendetza
handia. Bisitari-kopuruaren gorakada handiaren ondorioz, talde gehiago
antolatu behar izan dira. Uztailean eta abuztuan ohikoa baino sei talde
gehiago osatu ziren eta hainbat astez 400 lagun inguru etorri ziren egunero
Katedral Zaharra ikustera. Aipatzekoa da, hala ere, kopuru hori obrentzat
gomendatuta dagoena baino askoz ere handiagoa dela.
Hirutik bi, Arabatik kanpokoak
Bisitarien %66 Arabatik kanpokoa zen eta %14 atzerrikoa. Bisitak 6 hizkuntzatan
egin dira: gazteleraz, euskaraz, ingelesez, frantsesez, italieraz eta
alemanez. Abenduaren 31ra arte ia 5.000 erreserba daude eginda. Beraz,
katedrala jendearentzat berriro ireki zutenetik (1999) aurtengo urtearen
bukaerara arte, bisitariak ia 300.000 izango dira. Bisitarako ordua hartu
nahi dutenek 945 255 135 telefonora deitu edo www.catedralvitoria.com
helbidera jo dezakete.
Gasteizko turismo-arduradunek adierazi dutenez, bisitari-kopuru handiak
eragin nabarmena izan du turismoaren gorakada izugarrian. Udako hilabeteetan,
Arabako turismoa %11 hazi da, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera. Izan
ere, lurralde horrek lortu ditu, alde handiarekin gainera, Euskal Herriko
emaitza konparatiborik onenak.