Fundazioak Santa Maria Katedralaren ehun urteei
buruzko testigantzaz eta argazkiz osatutako liburua argitaratu du.
Istorio zaharrak. Zaharrak? Zer dira gure hirurogeita
hamar urtetxoak Santa Maria Katedralak hor goitik hiri kutun honen, nire
"familia handiaren", bizimoduaren ardatza izaten daramatzan zazpi
mende luzeekin alderatuta? Zenbat eta zenbat belaunaldik egin diote so euren
zeregin eta ametsen zergatia bertan bilatu nahian?
Cayo Luis Vea-Murguíak, Gasteizko bizimoduaren kronikariak, horrela
laburbiltzen du "Viejas historias de la Catedral Vieja" sortzen
lagundu dutenen sentimendua. Santa Maria Katedrala Fundazioak Arabako
Foru Aldundiaren laguntzaz argitaratutako liburua Gasteizko tenplu zaharraren
alderdirik humanoenarekin berriro topo egiteko abagunea dugu.
Hamazazpi kontakizunak eta ehun argazkiak abiapuntuak baino ez dira Katedral
Zaharra euren bizitzan erreferentziatzat duten milaka gasteiztarren oroimen
bizia eta zuri-beltzeko bizipenak berreskuratzeko.
"Viejas historias de la Catedral Vieja" liburuan hiriko tiple,
elizmutil, biztanle eta kronikari zaharrek euren bizipenak azaltzen dituzte
lehen pertsonan. Guztien bizitzan, Santa Maria erreferentziazko txokoa
izan da umetatik. 112 orrialdeetan pasadizo hunkigarri eta dibertigarriak
?gehienak haurtzarokoak?, esperientziak, sentimenduak, emozioak... ditugu
irakurgai.
Pablo Alejo Rubio, Jesús Daubagna, Venancio del Val, Jesús
Fernández de Jáuregui, Félix González, Joaquín
Jiménez, José Ignacio Lafuente, Félix Martín
Latorre, José Manuel Lasarte, Ignacio Larrañaga, Antxon
Lete, Julio Martín Zubillaga, Juan José Ortiz de Mendívil,
José María Pérez Ugarte, José María
Sedano, Cayo Luis Vea-Murguía eta Itoiz Urreta dira testigantzak
eman dituztenak.
Nola erosi
Santa Maria Katedrala Fundazioak 3.000 ale kaleratu ditu, denak edizio
bikainekoak. Testigantzekin batera ehun argazki daude, eta gehienek balio
handia dute, besteak beste, Alberto Schommer Koch, Gerardo López
de Guereñu, Gudiol, Arabako Lurralde Historikoko Artxibategi eta
Gasteizko Udal Artxibategiaren fondoetakoak baitira. Eta horiez gain,
liburuko protagonistek emandakoak aipatu behar ditugu.
"Viejas historias de la Catedral Vieja" liburua erosi nahi
dutenek Gasteizko liburu-denda nagusietan (Arriaga, Aukera, Ayala, Biblos,
La Casa del Libro eta Study) eta Santa Maria Katedraleko Bisitarien Zentroan
dute salgai. Nahi izanez gero, 945 12 21 60 edo 945 25 51 35 telefonoetara
deituz ere eskuratuko dute.