Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

09/12/2003

Naviak argazkiak atera dizkie Katedral zaharberritzeko lanei

2003/09/12 Argazkilari ospetsuak monumentua berreskuratzeko lanen alderdirik humanoena erakutsiko digu Artiumen 32 argazkiren bidez.

2003/120/09 Santa Maria Katedrala Fundazioak José Manuel Navia argazkilari ospetsuaren erakusketa antolatu du ARTIUMen. Tenplu gotikoa zaharberritzeko prozesuari buruzko irudiak daude ikusgai. "Katedraletik" erakusketak monumentua eta bertako hiri-ingurunea berreskuratzeko proiektuaren alderdirik humanoenaren ikuspegi artistikoa dakarkigu.

Argazkiak bizitzaren testigantzak ditugu, eta berebiziko balioa duen altxorrak dira etorkizuneko belaunaldientzat. Horregatik, Santa Maria Katedrala Fundazioak ekimen berezi bat jarri zuen abian 2001ean, proiektua kulturaren eta turismoaren alorretan ezagutzera emateko sustatzen ari den jarduera ugarien artean. Helburua argazki-fondoa osatzea da, 2009an lanak amaitu arte egile bakoitzak bere ikuspegian oinarritutako irudiak eskaini ditzan zaharberritze-planaren inguruan.

"Katedraletik" erakusketa formatu handiko 32 argazkik osatzen dute. Naviak, nazioartean ibilbide aparta izan duen argazkilariak, Katedralaren ikuspegi humanizatua eskaintzen digu. Bere lanbidean aitormen eta sari ugari jaso ditu, besteak beste, Fotopress (1987) eta Fotoperiodismoko Godó Saria (1999), baina horri guztiari izugarrizko garrantzia duen beste alderdi bat gehitu behar zaio: Santa Mariaren proiektuarekin harremanetan jarri zenetik lau haizetara eman duela ezagutzera.

Santa Maria Katedrala Fundazioak Vari Caramés galiziarraren "Katedraletik" erakusketarekin eman zion hasiera argazkilaritza-proiektuari. Espainiako argazkilaritza garaikideko egilerik bitxienetakoa da Cadamés. Erakusketa guztiak, gainera, Espainiako hainbat hiritan izango dira. Caramésen argazkiak 250.000 lagunek baino gehiagok ikusi dituzte Gasteizen (Montehermoso Jauregian), Leonen (Katedralean), Sevillan (Katedralean) eta Santiagon (Santiago Conpostelako Unibertsitateko Fonseca Aretoan).

José Manuel Navia
Orain, José Manuel Naviaren txanda da. "Katedraletik" erakusketak gure tenplu gotiko zaharra berreskuratzeko lanen alderdi fisikoa eta espirituala dakarzkigu irudien bidez. Navia Madrilen jaio zen 1957an eta filosofian lizentziatu zen 1980an. Argazkilari independentea da eta estatuko eta atzerriko hainbat argitaletxe eta prentsa-etxerentzat egiten du lan (lankidetza estua du "El País" egunkariarekin). Besteak beste, C. Caujollek zuzentzen duen Pariseko Vu agentziako kidea da.

Bere lan pertsonalaren abiapuntuak erreportajeak dira. Sari ugari jaso ditu, banakako eta taldeko erakusketetan hartu du parte eta liburuak ere argitaratu ditu: PhotoBolsillo bildumako "Navia" monografia, "Pisadas sonámbulas: lusofonías" (Biak La Fábricak argitaratuak eta Madrileko Photogalerían eta PhotoEspañan ikusgai egondakoak), "Marruecos, fragmentos de lo cotidiano" (Altaïr/Edicions 62 etxeak kaleratua) eta "Katedraletik" (Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioak abiarazitako proiektuaren emaitza). Bere argazkiak bilduma ugaritan daude, hala nola, Japoniako Marugame Hirai museoan, Madrileko Komunitatean, Alcobendaseko Udalean eta La Fábricaren Photogalerian.

Bere irudiek, erro iberiar sakonak dituztela, literaturaren uretatik edaten dute. Aztarna horren atzetik bidaiatu du munduan barrena, baina Julio Caro Barojaren hitzak entzun ondoren, Gasteizko alde zaharrera eta bertako Katedralera hurbildu zaigu: "Gasteizko alde zaharrean, beste batzuetan bezalaxe, ez da aztertu (eta iraunarazi eta konpondu) behar eraikin zein txoko hau edo hura soilik, berez garrantzia duena multzo osoa baita, hirigintzako edukitzaileari edukiari beste erreparatu behar zaio eta. Izan ere, edukitzaileak bere horretan iraun ohi du maiz, eta barrukoa izaten da, ordea, aldatzen dena eta bidaiaria edo behatzailea nahastuta uzten duena. [...] Alde zaharrak, edukitzaile den aldetik, bere itxura bereizgarriari eusten dio oraindik." Horrela, Naviak, bere ikuspegitik abiatuta, argazkien bidez oroimena berreskuratu nahi digu.

Otsailaren 22ra arte
Naviaren "Katedraletik" osatzen duten lanak bi arrazoigatik daude ikusgai ARTIUMen: argazki bikainak direlako eta museoak eta Santa Maria Katedralak lankidetza estuan dihardutelako. Erakusketa abenduaren 10etik otsailaren 22ra bitartean egongo da bertan. Zikloari amaiera emateko Oportoko Argazki Zentro Portugaldarrean, Europan izenik handienetakoa duen gunean, emango zaio amaiera Caramés eta Naviaren lanen erakusketarekin. Baina aurretik, Madril, Bartzelona eta Valentziara eramango dute.