Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

26/01/2004

Kultura eta Azpi-kultura Ikus-entzunezkoen Garaian (1)

2004/01/26 Jardunaldietan Gustavo Buenok, Carlos Herrerak, Mercedes Milák eta Fernando Sánchez-Dragók hartuko dute parte, besteak beste.

2004/01/26 Santa Maria Katedrala Fundazioa gogotik ari da lanean Gasteizko Katedral Zaharra arkitekturaren eta kulturaren aldetik berreskuratzeko. Ildo horretan, "Kultura eta azpi-kultura Ikus-entzunezkoen Garaian" jardunaldiak antolatu ditu "Katedrala ezagutzen" programazioaren baitan. Horrela, izen handiko intelektual, komunikatzaile, katedradun, entsegugile eta artistak izango dira Gasteizen.

Gaia ez dugu besterik gabe aukeratu. Katedralak, espiritualtasunaren eremuak ez ezik, gizartearen zerbitzura jarritako kultur guneak ere izan dira mende luzez, eta zenbaitetan, pribilegiatu gutxi batzuei irekitako lekuak. Baina denboraren poderioz, teknologien aurrerapenei esker, komunikabide handiak -telebista, irratia eta zinea- masa-kulturaren sustatzaile nagusi bihurtu dira.

Gai horiek eta beste hainbat jorratzeko etorriko dira Gasteizera Gustavo Bueno filosofoa, Román Gubern Ikus-entzunezko Komunikazioko katedraduna, Manel Fuentes, Carlos Herrera, Boris Izaguirre eta Mercedes Mila komunikatzaileak, Sánchez-Drago, Juan Manuel de Prada eta Antonio Altarriba idazle eta entsegugileak eta Juan Luis Cano (Gomaespuma) eta Antonio Martínez (Canal Pluseko giñolen zuzendaria) umoristak.

Jardunaldien helburua
Kulturak egungo garai latzetan (latzak, kulturari buruzko ikuspegi tradizionalari dagokionez) duen zeregina aztertzea da jardunaldien helburua. Izan ere, kulturaren oinarrizko euskarriak (edertasuna bilatzeko nahia eta gogoeta edo lengoaien berrikuntza sustatzeko gaitasuna) "merkatu" kontzeptuaren menpe daude, eta kontzeptu hori bultzatzen dutenak masa-hedabide handiak dira, batik bat telebista eta irratia, duela gutxi arte sortzaileen zeregina izandakoa funtsean berenganatu dutenak.

Jokoaren arauak ari dira aldatzen ala "kultura" hitzaren berrikuspen kontzeptualari ekin zaio? Arau berriak ari al dira sortzen kulturaren jokoan? Umberto Ecok dioen bezala, telebistak eta irratiak "masak kulturaz janzten dituzte eta eliteak kulturarik gabe uzten"? Eta edonola ere, komunikabideak, batik bat telebista eta irratia, hedabidetzat hartuz gero, zeri deitzen diogu kultura? Dena da kultura? Azpi-kultura ere bai? Eta "zabor-kultura" delakoa? Horiek dira jardunaldietan landuko diren galderetako batzuk.

Hitzaldi guztiak Europa Biltzar Jauregian izango dira; hasiera eta amaierako ekitaldiak, ordea, Goiuri jauregian. Hitzaldi guztietan sarrera librea izango da eserlekuak bete arte.

HITZALDI GUZTIETAN SARRERA LIBREA ESERLEKUAK BETE ARTE.