Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

26/02/2004

Paulo Coelho-k Katedrala bisitatu eta hitzaldia eskainiko du

2004/02/26 Idazle brasildarrak Santiagorako Bideari buruz hitz egingo du martxoaren 1ean, "Katedrala ezagutzen" zikloaren barruan.

2004/02/26 Paulo Coelho idazleak martxoaren 1ean, astelehenean, Santiagorako Bideari buruz hitz egingo du Gasteizen "Katedrala ezagutzen" zikloaren barruan, Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatuta. Hitzaldia Printzipal antzokian izango da 20:00etan.

Hitzaldira joateko asmoa dutenek, gonbidapena jaso dezakete otsailaren 28tik, larunbatetik, aurrera, Bisitarien Zentroan (Buruileria Plaza, z/g). Zentroa irekita egongo da 10:30etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:00etara. Idazle brasildar honen etorrerak izugarrizko ikusmina sortu duenez, laguneko gonbidapen bat emango da.

Coelho-k "Katedrala ezagutzen" zikloan parte hartuko du Santiagorako Bideari buruz izugarri dakielako, El Peregrino de Compostela lanean ikus dezakegunez, eta horixe izango du hitzaldiaren gaia.

Coelho batzuentzat hitzaren alkimista da eta beste batzuentzat masen fenomenoa, baina guztiak bat datoz mende honetako egilerik eragingarrietako bat dela esatean. Bere azken nobelan, Once minutos izenekoan, maitasun- eta sexu-istorio bat kontatzen digu. Gorputzari eta arimari buruzko hausnarketa egiten digu, bien arteko armonia perfektua nola lortu landuz. "Katedrala ezagutzen" zikloan parte hartzea ohorea da Gasteizentzat; izan ere, oraindik ez du Once minutos aurkeztu Espainiako inongo hiritan.