Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

09/03/2004

Katedrala zaharberritzeko ereduaz baliatuko dira

2004/03/09 Sevillako artzapezpikutzak izugarri baloratu du Santa Maria Katedrala zaharberritzeko proiektu berritzaile zorrotza.

2004/03/09 Sevillako Salbatzailearen elizan Gasteizko Santa Maria katedralean hain arrakastatsua izan den eredua aplikatuko dute berori zaharberritu eta lanak publikoari irekita gestionatzeko. Horixe adierazi da bi monumentuak berreskuratzeaz arduratzen diren erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenean.

Bertan, zenbait jarduera zientifiko, tekniko eta kultural elkarrekin burutzea hitzartu dute, elkarrekiko harremana sendotu, ahaleginak bateratu eta esperientziak trukatzeko helburuarekin. Ildo horretatik, Salbatzailearen eliza berreskuratzeaz arduratzen direnek izugarri baloratu dute Santa Maria katedraleko proiektuaren gestio berritzaile eta zorrotza, bai ikuspuntu teknikotik eta bai hedapenari eta dinamizazioari dagokienez. Egia esateko, alderdi horiek erreferente bihurtu dute gure katedrala nazioarte osoan, ondare-baliabideak zaharberritu eta gestionatzeko ereduari dagokionez.

Carlos Amigo kardinal artzapezpikuak aginduta, zenbait arkitektok eta Sevillako kolegiata zaharra zaharberritzeaz arduratuko diren hainbat lagunek dagoeneko urtebete daramate Santa Maria katedraleko lanei hurbiletik erreparatzen. Horiek emandako informazioa jaso ondoren, zaharberritzeko lanak jendeari bisita gidatuen bidez erakusteko ideia da kardinala gehien harritu duena.

Lankidetza
Hitzarmenean jasotzen diren konpromisoen arabera, bi monumentuak berreskuratzeaz arduratzen diren erakundeek (Sevillako artzapezpikutza, Sevillako elizaren kasuan, eta Santa Maria katedrala fundazioa, Gasteizko katedralaren kasuan) ikerketa eta ezagutzaren arloko esperientzien berri emango diote elkarri eta, halaber, hainbat jarduera burutuko dituzte elkarrekin, arlo ugaritan.

Horretarako, Gasteizko katedralean, XIII. mendeko tenplu gotikoan, burututako lanen emaitzak hartuko dituzte oinarritzat. Zaharberritze-lanak hamar urtez luzatuko dira (2000-2010) eta Europako Batasunak, Vatikanoak, Espainiako Kultura Ministerioak eta nazioarteko arkitekto eta arkeologo ospetsuek diotenez, "gaur egun Europan eraikin historiko bat zaharberritzeko dagoen proiekturik onena" omen da. 2003ko maiatzean Europa Nostra saria jaso zuen, kultur ondarea berreskuratu eta zaintzeko lanei Europan ematen zaien saririk handiena.