Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

20/05/2004

Egundoko berrikuntzak 2004ko bisitaldi gidatuetan

2004/05/20 Arkupeko eta dorreko kanpo-aldamiotik eta arkeologia-indusketetatik zehar egingo da ibilbidea.

2004/05/20 Santa Maria Katedrala Euskal Herriko kultur ezaugarri nagusietako bat da gaur egun, mundu zabaletik milaka bisitari etortzeak eta bisitaldi gidatuen arrakastak erakusten dutenez. Tenplu gotikoa konpontzeko lanak publikoari erakusteko ekimen bereziak berrikuntza harrigarriak aurkeztuko ditu hemendik aurrera.

Hala, datozen hilabeteetan Katedral Zaharrera inguratzen diren bisitariek ibilbide berri eta ikusgarriaz gozatu ahal izango dute. Dagoeneko ezagunak diren edukiei erakargarri berriak gehituko zaizkie, hala nola, antzinako Gasteiz herrixkaren jatorria eta Katedralak hiriaren garapen urbanistikoan izan duen eragina bertatik ezagutzeko aukera; izan ere, ibilbidea Santa Maria plazako indusketa berrietatik eta arkupez eta dorrez kanpoaldeko aldamiotik zehar igaroko da.

Katedral Zaharreko bisitaldiak interes handiko turismo eta kultur ekimena izatera iritsi dira; hala erakusten dute bisitak hasi zirenetik inguratu diren 300.000 bisitarik baino gehiagok. 2003ko ekitaldian 64.342 bisita izan ziren, aurreko ekitaldian baino %30 gehiago. Horrek esan nahi du konpontzeko lanek publikoaren arreta bereganatu dutela, lehenengo programek ez bezala, bisitaldia ia egunero beteta egoten baita, eta ez egun berezietan bakarrik (koadroa xehetasunekin oharraren bukaeran).

1.- SANTA MARIA KATEDRALAREN ERAIKUNTZA-PROZESUA
Bestalde, bisita gidatuen erakargarritasuna azpimarratu behar da, indusketa arkeologikoen azken emaitzen berri ematen duten aldetik. Gasteizko antzinako herrixkaren jatorrietan sakontzeaz gain, tenpluaren eraikuntza-prozesuaren eta horrek hiriaren hirigintza-garapenean izan duen eraginaren berri ematen dute.

2.- IKUS-ENTZUNEZKO EDUKI BERRIAK
Bisitaldi gidatuetan ikus-entzunezko eduki berriak izango dira, zaharberritzeko proiektuaren nondik norakoak eta indusketa arkitektonikoen emaitzak azaltzeko.

3.- ZIMENDUAK FINKATZEKO LANAK
Erdiko eta alboetako nabeetan indusketa arkeologikoak egin ondoren, proiektuak pilareak indartzea aurreikusten du; izan ere, pilareetako batzuk oso hondatuta daude. Horrekin batera, arkuak ere eraikiko dira, zimenduak sendotu eta lurzoruko egitura berria jartzeko. Pilareak metalezko egiturez daude eskoratuta, zimenduen pisua arintzeko, finkapenerako kare hidraulikoak injektatzen zaizkien bitartean.

4.- PLATAFORMA BERRIA GURUTZADURAN
Tenpluaren nabe nagusiaren gainean kokatutako plataformari antzeko egitura gehituko zaio gurutzaduraren gainean. Horren helburua, prebentziozko errefortzua sortzea da, eraikinaren eremu hori arkeologikoki induskatu eta zimenduak konpontzeko.

5.- PORTIKOAREN ZAHARBERRITZE-LANA
Portikoaren eta polikromien egungo egoera aztertu ondoren, horren polikromiaren bilakaera aurkeztuko da eta zaharberritze-lanetarako alternatibak aztertu.

6.- INDUSKETA GEHIAGO SANTA MARIA PLAZAN
Katedralaren barruan eta inguruetan egindako indusketa arkeologikoen emaitzak ikusita, indusketa gehiago egitea erabaki da, hain zuzen ere Santa Maria plazan, 2000. urtean induskatutako eremua handituz.

7.- DORREAREN ETA PORTIKOAREN PROIEKTUA
Dorrea eta portikoa zaharberritzea da proiekturik enblematikoenetako bat. Publikoari irekita egoteko planteamenduari erantzunez, aldamio handi bat jarriko da, eraikinaren kanpoko beste eremu bat bisitatzeko aukera emateko eta hiriaren ikuspegi erabat berria eskaintzeko.