Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

01/09/2004

Errege-erreginek Katedraleko lanak txalotu dituzte

2004/09/01 Juan Carlos eta Sofia errege-erreginek beren erabateko babesa eman zioten gure tenplu gotikoa zaharberritzeko lanei.

2004/09/01 Santa Maria Katedralak bisitari entzutetsuak izan zituen joan den ekainaren 21ean, Espainiako errege-erreginek, Juan Carlosek eta Sofiak, tenplu gotikoaren zirrikituak ezagutzeko aukera izan baitzuten orduan, eta bertan egiten ari diren zaharberritze-lanei babes osoa ematen zietela adierazi zuten. Errege-erreginen ikustaldiarekin azpimarratu egin da egitasmoaren kalitate handia, egun batzuk lehenago ere berretsi bezala, Madrilen Europa Nostra 2002 sari berezia jaso genuenean. Sari hori Espainiako kultur ondareak orain arte lortutako sari garrantzitsuena da.

Katedralean barrena egindako ibilbidean, errege-erreginek eraikinaren historia bertatik bertara ezagutu zuten, eraikinaren egiturak izandako arazoak eta arazo horiei emandako konponbideak azaldu zizkieten, eta zaharberritze-prozesu guztia herritarrei erakusteko ekimen berritzaileaz mintzatu zitzaizkien. Agustin Azkarate Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologia katedraduna eta Gonzalo Arroita eta Juan Ignacio Lasagabaster Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendari nagusia eta zuzendari teknikoa, hurrenez hurren, izan ziren xehetasun guztien berri eman zutenak.

Errege-erreginek interes handia erakutsi zuten arkeologia-indusketen inguruan, Sofia erreginak bereziki, gaztetan Arkeologia ikasi baitzuen. Erdiko nabean horma eta harroinen zauri txikiak ikusi zituzten, eta zimenduak sendotzeko behin-behineko zurkaitzak. Juan Carlos erregea harrituta gelditu zen egitasmoaren handitasuna ikusita. "A ze lana, a ze lana" esan zuen, miretsita, arduradun teknikoen azalpenak entzun ondoren.

Zaharberritze-lanak jendeari erakutsi eta herritarren parte-hartzea lortzeko asmoak ere harridura handia sortu zien, izan ere, lau urtean 300.000 bisitari baino gehiago izan ditugu. Horrela, biak ala biak oso pozik agertu ziren Santa Maria Katedrala zaharberritzeko lanak Gasteizko turismo, kultura, ekonomia eta bizitza sozialaren eragile bihurtu direla ikusita.

Errege?erreginak Guardian multinazionalak Laudion duen beira-fabrika ikustetik etorri ziren Santa Maria Katedralera. Fabrika horrek aurten bete ditu 60 urte Laudion finkatu zenetik. Katedral Zaharrean ondoko ordezkari hauek izan zituzten lagun: Juan José Ibarretxe lehendakaria, José Montilla Industria ministroa, Ramón Rabanera Arabako diputatu nagusia, Alfonso Alonso Gasteizko alkatea, Teresa Rodríguez Barahona Biltzar Nagusietako lehendakaria eta Miguel Asurmendi elizbarrutiko gotzaina.

Europa Nostra Sari Berezia
Errege-erreginek Santa Maria Katedralera egindako ikustaldia Sofia erreginak katedrala zaharberritzeko lanen arduradunei Europa Nostra 2002 Sari Berezia eman eta bi astera gertatu zen. Sari hori Europar Batasunak kultur ondarea zaharberritu eta kontserbatzeko alorrean ematen duen sari garrantzitsuena da.