2004/11/11 Arkupea kaltetu duten arazoak konpontzeko eta erantsi izan zaizkion kolore-geruza guztiak zaindu eta gordetzeko lanei ekingo diete.
2004/11/11 Santa Maria Katedralaren arkupeak bere dotorezia
eta distira berreskuratuko ditu datorren urtea bukatzerako, orain hasiko
dituzten zaharberritze-lanak burutzen dituztenean. Hastear den zaharberritzearen
fase honetara iritsi aurretik ikertzaileek eskulturen eta polikromien gaineko
ikerketa-lan sakona egin dute. Erabili duten metodologiagatik eta aztertu
duten monumentu-multzoa kontuan hartuta, ikerlana aitzindari izan da.
Lan horren emaitzek arkupearen erradiografia osatu eta monumentuak historiako
une bakoitzean izan duen itxura erakusten dute. Zaharberritze-lanak jendaurrean
egiteko ildoari eutsiz, datozen hamabi hilabeteetan Santa Maria Katedralera
hurbilduko diren bisitariek bertatik bertara ikusiko dituzte arkupea saneatzeko
eta lehengoratzeko lanak. Bisitaldiko gidarien azalpenekin batera irudien
proiekzioa eskainiko diete, zaharberritze-proposamena eta emaitzak oso
era grafikoan erakusten dituena.
Prozesuaren barruan hiru lan nagusi burutuko dituzte: narriadura-arazoak
konpontzea, kolore-geruza guztiak gorde eta zaintzea, eta 1960-1967. urteen
bitartean egindako esku-hartzea ezabatzea. Modu horretan, azken esku-hartze
horrek ezkutatu zuen landutako harrizko lan bikaina agerian geldituko
da.
Ez da inolaz ere arkupea berriro polikromatuko. Dena den, polikromien
inguruko ikerlanen emaitzak ikusgarriak izan direnez eta informazio ugari
ekarri dutenez, arrasto zaharrenak kaltetu gabe arkupeak beste garai batzuetan
izan zuen itxura erakusteko irudimenezko konponbideak eraman ahal izango
dira aurrera. Ildo horretan, Santa Maria Katedrala Fundazioa argien bidez
historiako garai bakoitzean eskulturek izan dituzten koloreak erakusteko
sistema konplexua erabiltzeko aukera lantzen ari da.
Arkitekturako eta arkeologiako lanekin batera, Santa Maria Katedrala
osotasunean konpontzeko lanen barruan funtsezko osagaia da arkupearen
zaharberritzea. Arkupearen errestaurazio artistikoari buruzko proiektua
zehatz-mehatz ezagutu nahi baduzu sakatu hemen.