Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

17/11/2004

Portugaleko gobernuak zaharberritzea goraipatu du

2004/11/17 Santa Maria Katedrala Fundazioak proiektua aurkeztu du Lisboan, eta horretarako hitzaldiak eta erakusketak antolatu ditu.

2004/11/17 "Santa Maria Katedralaren zaharberritzea proiektu bikaina da, ikerketa-lan zorrotzak eta herritarren inplikazioak eredugarri egiten baitute. Europan kultur ondarea berreskuratzeko eredu da ". Guilherme D`Oliveira Martinsen adierazpenak dira, Kulturaren Zentro Nazionaleko lehendakari gisa Portugaleko Gobernuko kide garrantzitsuenetakoa dena.

Lisboan Santa Maria Katedrala zaharberritzeko plangintza aurkeztu dela-eta plazaratu diren iritziak bat datoz D`Oliveira Martinsek esandakoarekin. Jende esanguratsuak, arkitektoek, arkeologoek eta kultur ondarearen zaharberritzearekin lotura duten profesionalek hiru egunez Gasteizko monumentua berreskuratzeko eta kudeatzeko ereduaren berri jaso dute.

D`Oliveira Martinsek ondo baino hobeto ezagutzen du kultur ondarearen errealitatea, Europako Kontseiluko kide eta Kultur Ondareari buruzko Europako Konbentzioaren ildoak finkatzeko arduraduna baita. Portugaleko Gobernuan ministro izan da hainbat aldiz, eta Kulturaren Zentro Nazionaleko lehendakari denez Europa Nostra erakundearen erabakietan hartzen du parte. Europako Batasuneko erakunde horrek Santa Maria Katedrala zaharberritzeko lanak saritu zituen 2003an. Espainiako kultur ondareak ordura arte jaso ez zuen sari berezia eman zion.

"Santa Maria Katedralaren zaharberritzea ondarea berreskuratzeko eredu demokratikoa da. Metodologiaren zorroztasunari eta gizarteari zabaltzeko proposamenari esker emaitza nabarmenak lortu ditu Gasteizen. Kultura berreskuratzeko planteamendu eraginkorra dela erakutsi du, eta ildo horretan eredugarri da Portugalentzat eta baita Europa osoarentzat ere", azaldu zuen Portugaleko Kulturaren Zentro Nazionaleko lehendakariak.

Lisboan hiru egunotan antolatutako ekitaldien barruan Santa Maria Katedrala Fundazioko arduradunekin bildu zen D`Oliveira Martins, eta bilera horretan egin zituen adierazpenok. Carlos Carderera Soler Espainiako Gobernuak Portugalen duen enbaxadorea ere izan zen bileran, eta "harro" azaldu zen Gasteizko tenplu gotikoaren zaharberritzea eredu izan litekeelako alboko herrialdean antzerako lanak egiterako orduan.

Hitzaldiak, mintegi teknikoak eta erakusketak
Lisboan egindako proiektuaren aurkezpena dela-eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte Lisboako Cervantes Institutuak eta Santa Maria Katedrala Fundazioak, Portugaleko Arkitektura Ondarearen Institutuaren laguntzarekin.

Ekitaldi nagusiak hiru egunotan izan dira, asteazkenetik ostiralera bitartean. Hitzaldi eta mintegi teknikoetaz arduratu dira Santa Maria Fundazioko zuzendari nagusi Gonzalo Arroita eta zuzendari tekniko Juan Ignacio Lasagabaster batetik, eta zaharberritzearen Plangintza Nagusia landu duten Leandro Camara eta Pablo Latorre arkitektoak bestetik.

Hitzaldi eta mintegiak Ajuda Jauregian egin dituzte, Portugaleko Gobernuak bilera eta harrera ofizialetarako erabiltzen duen egoitzan. Ekitaldiotan 400 lagunek baino gehiagok hartu dute parte. Partaideen artean izan dira, besteak beste, Almudena Mazarrasa, Espainiako Enbaxadako Kultura Sailburua; João Belo Rodeia arkitektoa, Kultura Ministerioaren menpe dagoen Portugaleko Arkitektura Ondarearen Institutuko (IPPAR) presidentea; Kulturaren Zentro Nazionaleko lehendakariorde Maria Calado; eta Manuel Fontan, Cervantes Institutuko zuzendaria Lisboan.

Bestalde, datorren abenduaren 20ra arte zabalik egongo da Lisboako Cervantes Institutuan Vari Carames eta Navia argazkilariek zaharberritzeko planaren inguruan osatu duten erakusketa bateratua. Erakusketaren inaugurazio-ekitaldira 200 lagunetik gora etorri ziren.