12/01/2005
2005/01/12 Santa Maria Katedraleko berriztapen lanak ikusteko bisita gidatuek datorren otsailaren 1etik aurrera nobedade garrantzitsu bat eskainiko dute. Bisitariek astean behin ikusi ahal izango dute triforioaren zati bat eta elizpeko estalitako gunea. Dorrearen eta elizpearen berriztapen integralaren barruan, azken hori erakusketa-gela gisa erabiltzeko prestatu da.
Obren garapenari lotuta eta baita obrek baldintzatuta ere zabaldu da gune berri hori, dagoeneko Katedral Zaharra beste batzuetan bisitatu duten milaka bisitariengan sortu den jakin-minari erantzuteko; bisitariak batez ere arabarrak dira. Halere, arrazoi-teknikoak eta obra-arrazoiak direla eta, astean behin bakarrik bisitatu ahal izango da. Santa Maria Katedrala Fundazioak tenpluko gune hori bisitatzeko asteazkena hautatu du. Dagoeneko 945 255 135 telefonoan eta www.catedralvitoria.com web orriaren bitartez egin ditzakezue erreserbak.
Bi leku horietara korutik barrena sartuko da eta barruan, dorrearen eta elizpearen, proiektuak eta triforioaren ezaugarriak erakutsiko dira. Bisitariak, eskailera kiribila igoz, lehenik elizpeko gangen gaineko gelara joango dira. Argibide-taula batek leku horrek etorkizunean izango duen itxura ulertzen lagunduko die. Hortik triforiora igaroko dira eta horren zati bat ikusi ahal izango dute.
Alboko nabeen gaineko barne-galeria
Gidaturiko bisitak berriztapen lanak egiten ari diren tokietara zabaldu
zirenetik, gune berriak joan dira zabaltzen bisitariei, bisiten eta obren
arteko oreka arduratsua mantenduz. Triforioa alboko nabeen arkuen gainetik
Katedralaren barrualdea inguratzen duen galeria da. Leku hori, tenpluko
beste puntu batzuen moduan, monitorizatuta dago eta bertatik argi ikus
daitezke hormetako eta pilareetako deformazioak, eta horiek berreskuratzeko
hasitako errefortzu- eta finkatze-lanak.
Ibilbide berriaren barruan dago elizpeko gangen gainean dagoen estalkipeko
gunearen bisita. Puntu hori, dorrearekin batera, berriztapen-proiektuaren
parte da. Katedrala eraikuntza erlijioso moduan (baina horretaz gain erabilera
berriak emanez: turistikoak, kulturalak, zientifikoak, pedagogikoak, etab.)
berreskuratzeko planteamenduaren barruan aurreikusita daude bai dorrearen
barrualderako sarrera erraztuz ibilbide gidatuak osatzea eta bai elizpeko
estalkipeko guneari zentzuzko erabilera ematea. Gela hori dorrera igo
aurretik atsedenerako atari handi baten moduan erabiliko da, baina baita
erakustoki, bilera sozialak egiteko gela, etab. moduan ere.