26/01/2005
2005/01/26 Santa Maria Katedralaren zaharberritze proiektuak mundu osoko touroperadoreen eta profesionalen onespena lortu du Madrileko Nazioarteko Turismo Azokaren, Fitur 2005en, inaugurazio egunean. Santa Maria Katedrala Fundazioak bosgarren urtez jarraian parte hartzen du hitzordu garrantzitsu horretan. Bertan, Vitoria-Gasteizko eta Arabako kalitatezko turismoaren erreferente bihurtu da Katedrala.
Monumentuaren zaharberritze-lanak jendeari zabaltzearen esperientzia eta ondorioak aintzat hartu dituzte turismo adituek. Bost urteren buruan 350.000 lagunek bisitatu dute Santa Maria Katedrala. Halere, Santa Maria Katedralaren zaharberritzea jendeari zabalik egoteak ezagutzari eta heziketari nola laguntzen dion nabarmentzen da Fiturreko ekitaldi horretan. Esperientzia hori turismoa ikusteko era berria da, ez bakarrik aisiari bideratua baizik eta ikasteari ere.
Ezagutzaren Aretoko (Fitur Know-Howko) edukiekin bat dator Katedral Zaharraren proposamena. Hori, aurten Madrileko Nazioarteko Turismo Azoka osatzen duten lau sailetariko bat da; beste hirurak Fitur Activo, Fitur Congresos eta Fitur Residencial dira. Proposamen horren oinarrien artean ondarearen berreskuratze- eta kontserbazio-ekintzen ezagutza sustatzera bideratua dagoen bideragarritasun soziokulturala aurkitzen da.
Horren haritik, Santa Maria Katedralaren zaharberritzea proiektu integral moduan planteatu da. Lan arkitektonikoen eta arkeologikoen kalitatearekin eta zehaztasunarekin batera katedral-tenpluek beraien hastapenetatik izan dituzten eginkizunak (kultura-gune, heziketa-gune, ezagutza-gune, ideien aldaketarako gune, turismo erakarle,...) berreskuratzea da helburu nagusia.
Ezagutzari ekarpena
Turismo adituak "harriturik" geratzen dira balio berezia duen
monumentuaren zaharberritzea jendeari nola zabaldu zaion ikusita, horrela
Historiaren, Arkitekturaren, Arkeologiaren, Artearen, etab.en hedapena
bultzatuz. Arrazoi horiengatik, "esperientzia aparta" dela nabarmentzen
dute, ibilbide gidatuek zaharberritzen ari diren katedralaren barrualdea
ikusteko aukera ematen baitute eta "eduki didaktiko oso interesgarria"
eskaintzen baitute.
Touroperadoreek zaharberritze-lanetarako bisitek, bai jendearentzako orokorrean bai talde jakinentzako, duten "izaera dibulgatzailea" goraipatzen dute. Horren ildotik, unibertsitarioen eta graduatu ondoko ikasleen heziketan lagundu du Santa Maria Katedralak, eta tituludun emakumeak lan-munduan sartzeko egin duen ahaleginarengatik aitorpena jaso du orain dela gutxi. Horretaz gain, hainbat adinetako milaka ikaslek, batez ere arabarrak, bisita gidatua egin dute beraien eskola-heziketaren barruan, edo kultura-ondarea berreskuratzeko lanetan parte hartzea helburu duten tailer pedagogikoetan esku hartu dute.
Bestalde, "Katedrala ezagutzen" izenburuarekin bizitasun handiko
kultura- eta hedapen-jarduerak antolatzen ditu Santa Maria Katedrala Fundazioak:
biltzarrak eta mintegiak; izen handiko idazleen hitzaldiak; lanbide tradizionalen
kurtso praktikoak; musika; teatroa; erakusketak; marrazketa-, idazlan-
eta argazki-lehiaketak; etab. 50.000 parte-hartzaile baino gehiago izan
ditu lehen bi ekitaldietan eta komunikabideetan sortutako oihartzun handiak
ondotxo erakusten du horrelako ekintzek zer-nolako jakingura pizten duten.