11/02/2005
2005/02/11 Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailaren bitartez, 800.000 euro emango ditu lau urteren buruan (2004-2007) Vitoria-Gasteizeko Santa Maria Katedralaren zaharberritze-lanetarako. Horrela jaso da gaur Santa Maria Katedrala Fundazioarekin sinatutako hitzarmenean. Dorrean eta elizpean kultura- eta museo-gune eta -erabilera berriak sortuz, tenplua zaharberritzeko eta jendearentzat berreskuratzeko da diru hori.
Joan zen hileko abenduan onetsitako Kultura Azpiegitura Planaren (2004-2007) barruan dago Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa. Plan hori kulturaren eta kirolaren esparruko azpiegiturak garatzeko hainbat urtetarako plana da. Santa Maria Katedrala plan barruan sartu da, Euskal Herriaren kultura-garapenean "proiektu estrategikoa" baita.
Santa Maria Katedralaren kasuan, hitzarmen horrek jarraipena ematen dio 2000 urtean sinatutako Euskadi Plana 2000Hiru ekimenari. Orain aurreikusitako 800.000 euroei (urteko 200.000 euro), 2000-2003 aldian emandako beste 720.000 euro batu behar zaizkie.
Zaharberritze Integralaren Plan Zuzentzaileak monumentuaren berreskuratzearen inguruan kultura-, turismo- eta museo-erabilera eta -gune berriak sortzea aurreikusten du. Izatez, Katedralaren, eta batez ere dorrearen eta elizpearen, zaharberritzera eta kultura-hedapenera bideraturik dago Eusko Jaurlaritzaren ekarpena. Zazpi miloi euro behar direla kalkulatu da egitura sendotzeko proiektuak burutzeko.
Katedrala eraikuntza erlijioso gisa berreskuratzearen planteamendu barruan erabaki da ibilbide gidatuak antolatzea, dorrearen barrura sartzea erraztuz eta estalitako elizpeko zatiari zentzuzko erabilera emanez. Baina horretaz gain katedralari kultura-, turismo-, zientzia-, pedagogia-erabilerak eman nahi zaizkio.
Proiektu horretatik lehentasuna duen helburuetariko bat kanpandorreko begiratokia jendeari zabaltzea da, eta horren egituraren barrualdea bisitatzeko aukera izatea. Eskailera-, plataforma- eta igogailu-sistema oso bat eraikiko da dorrearen barrualdea eta kanpaien begiratokia bisita ditzan jendeak. Elizpeko gangen gaineko gela bisitarientzako atseden-toki moduan erabiliko da, horiek dorrera sartu aurretik. Horretaz gain, erakustoki gisa, bilera sozialak egiteko toki gisa eta abarretarako erabiliko da.
30 milioi euroko proiektua
Santa Maria Katedralaren Zaharberritze Proiektu Integrala garatzeko hamar
urteko epea (2000-2010) eta 30 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusi
da. Patronatua osatzen duten instituzioek eman dute zenbateko horren zatirik
handiena:
- Arabako foru-aldundiak: 7,8 milioi euro.
-Vitoria-Gasteizeko Udalak: 6 milioi euro.
-Vitoria-Gasteizeko Apezpikutzak: 1,8 milioi euro.
Horietaz gain, honako hauek ere finantzaketa-laguntza ematen dute:
-Gobernu Zentralak: 8,4 milioi euro.
-Eusko Jaurlaritzak (2000-2007): 1,5 milioi euro.
-Europako Batasunak (Feder Fondoak): orain arte 288.000 euro eman ditu.
Bisita gidatuak babesteko programa:
-Vital Kutxak (2000-2005): 1,8 milioi euro.
Eraikina berreskuratzeko bideraturik dago zenbateko hori osorik. Halere, Santa Maria Katedrala Fundazioak kultura-, turismo-, heziketa- eta pedagogia-ekintzak garatzen ditu; horretarako urtero finantzaketara jotzen du.