Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

16/05/2005

Argiztapen berria Katedralarentzat

05/05/16 Dorrearentzako eta alboko plaza eta kaleentzako argiztapen-sistema berritzaile bat inauguratuko du udan tenplu gotikoak.

05/05/16 Santa Maria Katedralak eta haren inguruko plaza eta kaleek argiztapen-sistema berri bat izango dute aurtengo udan, bi ekarpen nagusi eskainiko dituena: batetik, Gasteizko Erdi Aroko Hirigunean barrena paseatzen diren auzokide eta hiritarren bizi-kalitatea eta segurtasuna hobetzea; bestetik, hiriko monumentu esanguratsuenetariko bati argi ematea.

Argiztapen-proiektu horrek 135.000 euroko aurrekontua du, oso-osorik Arabako Foru Aldundiak jarria, eta, hari esker, Plan Gidatzailearen helburu funtsezkoenetariko bat betetzen du Santa Maria katedralaren zaharberrikuntzak: tenplu gotikoa ez ezik, haren hiri-ingurunea ere lehengoratzea.

Hiriko beste monumentu eta espazio berezi batzuk ez bezala, Katedral Zaharra ilunpetan egon da zaharberritze-lanak hasi zirenetik. Proiektu honen bitartez, Hirigune Historikoaren iparraldeko partearen argiztapen-baldintzak hobetu nahi ditu Santa Maria Katedrala Fundazioak, hura erabilera publikoko espazio gisa berreskuratzearren.

Hori dela eta, proiektuaren xedea ez da soilik argiztapen formal edo sinbolikoa, baizik eta funtzionala ere, beste udal-ekimen batzuen ildotik. Egitasmoak hiru alde estrategiko hauetan hobetu nahi ditu argiztapen-baldintzak: Santa Maria katedralaren dorrean, Santa Maria plazako arkeologia-indusketan eta haren ingurunean, eta Buruileria plazan.

Dorrearen argiztapen monumentala
Katedral Zaharraren dorrea hiriko punturik garaienetariko bat da, eta edozein puntutatik da ikusgai. Monumentua bera, gainera, turismo- eta kultura-interes bereziko elementu bat izatera iritsi da, eta haren argiztapenarekin erakargarritasuna handitzen da.

Kasu honetan argiztapen-maila baxu bat planteatzen da, argiztapenari hurbiltzen zaion argi-itzal batena, "ilargi-argi efektua" deritzona. Hori lortzeko, ahalmen handiko proiektore lineal batzuk erabiliko dira, xenonezko argizkoak, LEDline izenaz ezagutzen direnak. Proiektore horiek argi lineal, bizi eta hotz bat jaurtitzen dute, argi-izpi sorta erabat paralelo, estu eta guztiz kontrolatu batez, argiztapen uniformea lortuz, horma ezin hobeki estaliz.

Modu horretan, garaiera handiko egituren -hala nola dorre edo eraikin monumental handien- argiztapenerako hartu izan ohi den irtenbideak berekin zekartzan arazo nagusietariko bat saihesten da, hots: inguruko eraikinetako teilatuetan ahalmen handiko argi-izpi sorta estu eta ertaineko proiektoreak instalatzea. Irtenbide hori ezin zen gauzatu, zeren eta, behin aldamioaren egitura ezarrita, itzal handiak proiektatuko bailirateke dorrearen hormetan.

Santa Maria plazako arkeologia-indusketaren argiztapena
Garrantzi handiko arkeologia-eremu bat da Santa Maria plaza, gauza berri asko ari baita argitzen Vitoria-Gasteiz hiriaren eta garai bateko Gasteiz herrixkaren jatorriari buruz. Gaur egun, eremu hori estalita dago, eta murru batez mugatuta. Proiektuaren helburua, kasu horretan, espazio estali guztia orokorki argiztatzea da, eta indusketa adierazgarrienak fokuen bidez indartzea.

Gainera, estalkiaren beraren egiturak -kaleetara partzialki irekia- eta eraikuntzan piramide zehar-argitsuak erabiltzeak eremu hartan lehendik dagoen argiztapen orokorra indartzea ahalbidetuko dute. Proposatutako irtenbideak -argi-izpi sorta zabaleko barreiadurazko islatzaileekiko argiztapen industrialak- garaiera handiko nabeek planteatzen dituzten zailtasunak konpontzea ahalbidetuko du. Argiztapen indargarria azalpenezkoa eta didaktikoa izango da: lanpara halogeno islatzailedunak instalatuko dira, arkeologia-aurkikuntzak nabarmentzeko xedeaz.

Buruileria plazaren argiztapena
Zaharberritze-lanek iraun artean, Buruileria plaza da Santa Maria Katedralera sartzeko puntu naturala. Kasu horretan, lehendik dagoen argiztapena indartzea da proiektuaren asmoa. Proposatutako irtenbidea diseinuzko bost farola handi instalatzea da; farolok, plazaren erdian zutik, erakargailu ikusgarriak izango dira, eta espazioa antolatzeko lagungarri izango dira ere, Bisitarientzako Harrera Zentroaren sarrera seinalatuko baitute. Egitura horiek 12 metroko garaiera izango dute, eta ehunezko elementu geometrikoak izango dituzte muturrean, lau tetraedro eta ikosaedro bat, begi-erakargarritasun handiko forma eta bolumenak sorrarazten dituztenak.

Inaugurazioa, aurtengo udan
Katedral Zaharraren dorrearen eta haren hiri-ingurunearen argiztapen-sistema aurtengo udan inauguratuko da. Proiektua joan den martxoan jarri zen lehiaketa publikorako gai, baina esleitu gabe geratu zen, proiektuaren beraren eta, bereziki, Buruileria plazarako argiztapenaren konplexutasuna zela eta.

Santa Maria Katedralaren zaharberrikuntza integralaren proiektuak lortu duen garrantzi eta dimentsio publikoa kontuan hartuta, Philips enpresak, argiztapenaren mundu-merkatuan lehenak, Buruileria plazan instalatu beharreko luminarien prototipo bat diseinatu eta ekoizteko proposamena egin zion Santa Maria Katedrala Fundazioari.