27/05/2005
05/05/27 Asturiasko printze-printzesek, Felipek eta Letiziak, Santa Maria Katedralaren standa bisitatu dute gaur, Madrilgo Liburu Azokaren inaugurazioan, eta tenplu gotikoaren zaharberritze-lanak bertatik bertara ezagutzeko guraria berretsi dute. Haien Errege Gorentasunek interes handia adierazi dute, hala monumentuaren lehengoratze arkitektonikoaren gainean -zeina lehendik ere ezaguna baitzitzaien- nola Gasteizen sortu den kultura- eta turismo-fenomenoaren gainean.
Felipe eta Letizia printze-printzesak Katedral Zaharraren karpara hurbildu dira, eta, bertan, honako pertsona hauek egin diete harrera: Marta Alañak, Santa Maria Katedrala Fundazioaren presidente eta Hirigintza eta Ingurumen Saileko foru diputatuak; Federico Verásteguik, Kultura Saileko foru diputatuak; Gonzalo Arroitak, Santa Maria Katedrala Fundazioaren zuzendari nagusiak, eta Carlos Rodríguezek, erakunde horretako patronatuko idazkariak.
Santa Maria Katedrala Fundazioaren presidenteak tenplu gotikoaren erreprodukzio bat eman die opari, eta standa bisitatzeko gonbit egin die. Asturiasko printze-printzesak, biziki interesaturik, hamar minutuz mintzatu dira zaharberritze-lanen arduradunekin. Katedral Zaharrean gauzatzen ari den proiektuaren gainean ezagutza zabalak dituztela erakutsi dute Felipek eta Letiziak.
Izan ere, Joan Karlos eta Sofia errege-erreginek tenplu gotikoa bisitatu zuten, joan den urteko ekainean, Europa Nostra Sari Berezia eman eta egun gutxira; eta Errege Familiako beste kide batzuek ere -hala nola Palmako Duke-dukesek, Iñaki Urdangarinek eta Cristinak- bertatik bertara ezagutu dituzte zaharberritze-lanak. Gainera, Agustín Azkarate Arkeologiako katedradunak lan-jardunaldi batzuen barruan emandako azalpenak gogoratu dituzte printze-printzesek.
Hori dela eta, Asturiasko Printze-printzesek adierazi dute "benetan gogotsu" daudela Santa Maria katedralaren obrak bisitatzeko. Felipe printzeak interes berezia agertu du Ken Follett idazleak egindako bisitaren gainean, eta idazlea Pillars of the Earth lanaren bigarren zatia idazteko jarraitzen ari den dokumentazio-prozesuaren gainean. Izan ere, eleberrigileak berak esan zuenez, Gasteizko monumentuaren proiektuan inspiratuko da bigarren zati hori.
Asturiasko Printze-printzesek, Katedral Zaharraren standeko ibilbidean zehar, Carmen Calvo Kultura ministroa, Esperanza Aguirre Madrilgo erkidegoko presidentea eta Teodoro Sacristán Madrilgo Liburu Azokaren zuzendaria izan dituzte lagun.
Madrilgo Liburu Azokaren gonbidapen berezia
Kulturaren eta literaturaren alorrean egindako lan handia eskertu nahi
izan zaiolako hartzen du parte Santa Maria Katedrala Fundazioak 2005eko
Madrilgo Liburu Azokan (Espainiako garrantzitsuena eta munduko nagusienetako
bat). Gonbidapen berezi bati esker, ekainaren 12ra arte 3,5 milioi bisitarik
izango dute Santa Maria katedralaren zaharberrikuntzaren inguruan piztu
den kultura-fenomenoaren berri izateko aukera.