Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

30/04/2006

Interesa sortu du Brasilen Katedraleko proiektuak

06/04/30 Lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu Santa Maria Katedrala Fundazioak Brasilgo unibertsitate eta prestakuntza-zentroekin.

06/04/30 Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedrala zaharberritzeko proiektua gero eta ezagunagoa da mugaz haratago. Herrialde askok aitortu ondoren, Brasilgo hainbat ikasketa-erakunde eta prestakuntza-zentroekiko lankidetza irekia gehitu zaio oraingoan. Santa Maria Katedrala Fundazioa Brasilgo Niterói hiriko “Espainiarekiko Nazioarteko Kultur Topaketa”-n egon ondoren sortu da harreman hori.

Universidad Federal Fluminense (UFF) delakoaren Arkitektura eta Hirigintza Fakultateak Zaharberritze eta Kultur Ondareari buruzko Mintegiari amaiera emateko hitzaldirako hautatu zen Katedral Zaharraren zaharberritzea, nazioarteko proiektu gisa. Haren zuzendariak, Nireu Calvacanti irakasleak, lankidetza-hitzarmena lehenbailehen sinatzeko gogoa azaldu zuen, ikasleek proiektuan esku hartzerik izan zezaten. Berdintsu azaldu zen Sonia Nogueira, Rio de Janeiroko “Escuela Taller de Manguinhos” izeneko proiektuaren koordinatzaileak ere. Honela, unibertsitate-ikasleek, beste unibertsitate batzuekin gauzatu den lankidetza-proiektuan esku hartu ahal izango dute eta, besteak beste, Italia, Portugal, Puerto Rico eta Miamiko... unibertsitateekin adostutako lankidetza-hitzarmenean, alegia.

Apirilaren 7tik maiatzaren 1era bitartean antolatutako 200 gertakari baino gehiagoetan –hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, antzezlanak- islatzen da “Espainiarekiko Nazioarteko Kultur Topaketa”-k izan duen garrantzia, horietan, gainera, Espainiako eskualde ezberdinetako Artea, Kultura, Musika eta Tradizioak mintzagai izan direlarik. Rio de Janeirotik gertu dagoen Niterói hiriak, biztanle guztiei eskaintzen die kulturara hurbiltzeko aukera, eta aitzindari izan da nazioarte-mailako kultur topaketak antolatzen.

Santa Maria Katedraleko proiektua bereizten duten ikerketa eta arkitektura-zaharberritzea zein kudeaketa, gertu gertutik ezagutzeko aukera izan zuten Zaharberritze eta Kultur Ondareari buruzko Mintegian esku hartu zutenek. Partaideen artean, Brasildar Gobernuko agintariak, arkitektoak, akademikoak, irakasleak eta ikasleak izan ziren, eta guztiek interes berezia azaldu zuten, katedral gotiko baten zaharberritzea “mundu osoan erreferente arkitektoniko, turistiko eta kultural” nola bilakatu den jakitearren.

Azken Gailur Iberoamerikarrean egiaztatu zen Amerika Latinoko herrialdeek Santa Maria Katedralaren zaharberritze-ereduarekiko eta horren ekonomia, kultura eta gizartearen arloko errentagarritasunarekiko azaldutako interesa. Honela, Santa Maria Katedralaren kasua erabili zuen Espainiako Hezkuntza Ministerioak goi-bilera horretan, hainbat arlotan errentagarri izaten ari den eredu gisa.

Zentzu honetan, Niterói hiriko Kultura zinegotzia den Marco Gomes jaunak, Santa Maria Katedralekoa bezalako proiektuen garrantzia nabarmendu zuen, “garapen eta baliabide ekonomikoen iturri” diren heinean. Izan ere, Gomes bera Vitoria-Gasteizera bertaratu zen topaketa antolatzera, eta Katedral Zaharreko proiektua aukeratu zuen “horretan burutzen ari diren jarduera asko, oso interesgarri izan daitzkeelako Brasilgo kultur ondarea zaharberritzeko”.

Paulo Coelho eta Santa Maria Katedrala
Santa Maria Katedrala Fundazioko arduradunek esker ona erakutsi nahian, portugalerazko ikus-entzunezkoa estreinatu zuten, horretan, “Katedraleko Topaketetan” esku hartu duten hainbat idazleren presentzia nabarmendu behar delarik. Ildo honi jarraiki, harro sentitu ziren euren herrikidea den Paulo Coelho idazlea, katedrala “El Zahir” lanean txertatzeagatik, proiektuaren enbaxadoreetako bat izendatu dutela jakitean.

Nabarmenetariko izan da Vitoria-Gasteiz hiriaren presentzia Niteróiko “Espainiarekiko Nazioarteko Kultur Topaketa”-n. Partehartze horren bitartez, hiri horretako 250.000tik gorako biztanleen artean, bertan dauden elkartasun eta jasangarritasun arloko balioak eta bizi-maila altuak jakinarazi ahal izan baitira. Arabako hiriburua ia hilabetez egon da bertan, hara joandako ordezkarien bitartez, hau da: Udaleko Turismo eta Kultura, Jazzaldia eta Iñaki Añúa, Ortophonk musika-taldea eta Santa Maria Katedrala.

Kultur ondarearen zaharberritzearen inguruko unibertsitateek eta profesionalek ez ezik, komunikabide brasildar askok ere azaldu dute interes hori. Horren ondorioz, ziur aski, gero eta bisitari brasildar eta portugaleraz hitz egiten duten bisitari gehiago ikusi ahal izango dira Vitoria-Gasteizen barrena, “El Zahir” eleberriaren ondoren ere, horrelaxe gertatu baitzen.