Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

20/06/2006

Katedralaren zaharberritzeari buruz erakusketa

06/06/20 Argazki eta ikus-entzunezko eta argitalpenez osatutako erakusketa, ekainaren 20tik 27ra egongo da irekita.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko ekainak 20. Miramar Jauregian kokatuko duen erakusketa bete-betearekin, zaharberritze-eredu berezia ikusgai jarriko die Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedralak gipuzkoarrei, eta bereziki donostiarrei, eta bisitariei. Horretan, panel, argazki, ikus-entzunezko eta argitalpenen bitartez, Gasteizko monumenturik enblematikoena munduko kultur ondarearen erreferente bihurtu duen zaharberritzearen giltzarriak aditzera ematen dira.

Santa Maria Katedrala Fundazioak “Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedrala – Obretan eta Irekita” izenburupean antolatutako erakusketa, mundu osoko hiri ugaritan proiektuaren alderdi ezberdinak erakutsi ondoren heltzen da Donostiara, hala nola: Erroma, Lisboa, Rio de Janeiro, Puerto Rico, Miami, Madril, Bartzelona, Sevilla, Compostelako Santiago, Leon eta abarretan izandako erakusketen ostean.

Eraikin bitxi baten zaharberritze-lanak tokian bertan ezagutzeko nahia sortzeko asmoarekin planteatuta dago erakusketa, bisitatzera joateko gonbidapen edo aurrerapen baten antzera, alegia. 2006. urtean zehar gune ezberdinetan jarriko da ikusgai: UNESCOren Parisko egoitzan, Estrasburgon dagoen Europako Kontseiluan eta hainbat amerikar unibertsitatetan.

Santa Maria Katedralaren zaharberritzea, egitura-arazoen mehatxupean zegoen XIII. mendeko tenplu gotiko baten berreskuratze arkitektoniko hutsa baino zerbait gehiago da, eraikinari funtzio erlijiosoa itzultzeko ez ezik, hiriko Gune Historiakoaren birgaitzea sustatzen lagunduko duten kultura, museo eta turismoaren arloko gune eta erabilera berriez janzteko proiektu integrala baita.

Kulturaren, turismoaren, ikerketa eta hedapen zientifikoaren, ekonomiaren edo ingurunearen hirigintza-birsorkuntzaren esparruan ondorio anitz sortzen ari da xede bikoitz hau, eta hori guztia, kudeaketa-eredu berritzaile bat, monumentua kultur ondarearen funtzio soziala errentagarri bihurtu eta suspertzeko monumentu gisa erabat errespetatzearekin bateratzeari esker.

Gainera, kultur ondareari kutsu ezberdina ematetik abiatzen da, hau da, ez da gastutzat hartzen, inbertsio gisa baizik, zeren hirigintza, prestakuntza, turismo, kultura, gizartea eta, azken batez, ekonomia arloko baliabideak sortuz, arabar erakundeek proiekturako bideratutako ekarpen guztiak zergen bidez berreskuratzen baitituzte.

Zaharberritze-prozesu honetan interes handien sortzen ari den alderdietako bat, zaharberritze-lanak tokian bertan ezagutzeko “Obretan eta Irekita” izeneko bisita gidatuen programa da. Ia 500.000 bisitari hurbildu dira dagoeneko, gasteiztarrek Katedral Zaharra izenaz ezagutzen duten horren bitartez Vitoria-Gasteizen iragana eta historia ezagutzera, eta horietatik 75.000, Gipuzkoatik bertaratutakoak izan dira. Tartean arkitektoak, arkeologoak, harginak, aldamioak eta euskarriak direla, kultur turismoaren proiektu berria osatu dute.

Hainbat izan dira Santa Maria Katedralaren zaharberritzeak jaso dituen aitortzak, eta horien artean, Europar Batasunak kultur ondareren zaintza eta hobekuntza lan onenei eskaintzen dien sari behinena edo, 2002ko Europa Nostra Sari Berezia, egunera arte espainiar proiektu bati emandako saririk garrantzitsuena. Plan Zuzentzailearen eta erabat berreskuratzeko planteamenduaren bitartez burututako ikerlan sakona aitortzen du sari honek. Zaharberritze arkitektonikoaz gain, tenpluari balio kultural, turistiko eta sinbolikoa itzultzeko burutzen ari den prozesu bizia izatea baloratu du bereziki Europar Batasunak.

Zaharberritze-lanen inguruan sortutako kultur ekintzen ugaritasuna ere nabarmentzekoa da, estatu eta nazioarteko idazlerik nabarmenenak proiektuaren enbaxadorerik hoberen bihurtu baititu. Izan ere, Santa Mariaren zaharberritze berezi horrek liluratu egin ditu “Los pilares de la Tierra” idatzi zuen Ken Follet, Paulo Coelho, Mario Vargas Llosa, Antonio Gala, Carmen Posadas, Arturo Pérez-Reverte, Alfredo Bryce Echenique, José Saramago, Rosa Regás edo Dominique Lapierre eleberrigileak, eta Coelhok berak, “El Zahir” izenburupean idatzi duen azken nobelan jaso baitu. Proiektuaren kultur eta literatur alderdiari esker, 2005eko Madrilgo Liburu Azokaren gonbidatu berezia izan zen Santa Maria Katedrala Fundazioa.

Hiru erakusketa-eremu
Hiru erakusketa-eremuk osatzen dute Santa Maria Katedralaren zaharberritzeari buruzko erakustaldia. Horietako lehenengoan, eta proiektuaren alderdi ezberdinak islatzen dituzten argazkiez osatutako hamar panel handien bitartez, zaharberritze-proiektuaren giltzarriak azaltzen dira, hau da: zaharberritzearen filosofia, tenpluaren historia eta gaitzak, arkeologia-indusketak, bisita gidatuen bitartez herritarrei erakusten zaien zaharberritzea, kultur programazioa, aitortzak...

Bigarren erakusketa-eremua, berriz, Sevilla eta Leongo katedraletan eta Erroma eta Lisboako Cervantes Institutuan erakutsitako Vari Caramés eta José Manuel Naviaren argazki-sorta batek osatzen du. Argazkilari hauek izan dira Santa Maria Katedralari eta bertako zaharberritze-prozesuari buruzko argazkiak egin dituzten lehenak. Egun, Xabi Otero argazkilari nafarra da lan garrantzitsu honetan diharduena.

Ikus-entzunezkoen areto batek biribiltzen du erakusketa. Horretan, Santa Maria Katedralaren zaharberritzearen nondik norako oro ezagutzeaz gain, tenpluaren barruan eta inguruetan aurkitutako azken aztarna arkeologikoez eta horiek Vitoria-Gasteizen historiarentzat duten garrantziaz jabetzeko aukera izango dute bisitariek. Areto honetan, gainera, dorrearen eta elizpearen zaharberritze-proiektua erakusgai jarri eta argitalpenen katalogo oparo kontsultatu ahal izango da.

Gasteizko Katedralaren inguruan aipatutako material horiez gain, Vitoria-Gasteizen eta Araban sortzen ari diren kultur turismo arras bereziko elementuak ezagutu ahal izango dituzte Miramar Jauregira urreratzen diren bisitariak, eta gune erakargarri horien artean: Gesaltzako Haran Gazia, Armentiako Basilikaren zaharberritze irekia, Iruña Veleiako arkeologia-aztarnategia, arabar museoak (Fournier Karta Museoa, Artium, Arte Ederrena, etab.), ardoari buruzko turismoaren inguruan Arabar Errioxan sortzen ari den arkitektura berria...