Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

11/07/2006

Toulouseko Haur Kantarien Koruaren kontzertua

06/07/11 Errezitaldia Mozart, Kodaly, Durufle eta Bruckner konpositoreen musika sakratuak osatuko dute.

Gasteiz, 2006ko uztailaren 11. Kantu Gregorianoaren Koruak eta Judith Cohen etnomusikologo kanadarrak eskainitako kontzertu arrakastatsuen ostean, Santa Maria Katedralak ateak ireki dizkio berriro ere musikari Tolosako (Frantzia) Haur Kantarien Koruak eskainiko duen errezitaldiaren bidez. Kontzertua “Katedrala ezagutzen” programazioaren baitan dago antolatuta eta datorren astelehenean, maiatzak 17, emango da.

Tolosako (Frantzia) Haur Kantarien Koruak emango duen kontzertua bi zatitan banatuta dago: zati bat musika sakratuak osatzen du eta bertan Mozart, Kodaly, Durufle eta Bruckner konpositoreen obrak abestuko dituzte. Beste zatia, berriz, kantu profanoek osatzen dute; bertan, munduko zenbait herrialdetako eta estilo desberdinetako musika izango da entzungai, besteak beste, Filipinak, Txekiar Errepublika eta Indonesia.

Kontzertura joan nahi dutenek gonbidapena Santa Maria Katedraleko Bisitarien Zentroan, Buruileria plazan, eskuratu ahal izango dute bihar asteazkenetik aurrera. Ordutegia 10:30etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:00etara izango da.

Tolosako (Frantzia) Katedraleko Haur Kantarien Koruak, Georges Rey abadeak 1936an eratua, 70. urteurrena ospatzen du aurten. Tolosako Saint Etienne Katedraleko koru gisa sortu zen eta bere sorreraren tradizioari jarraituz, mutikoz soilik osatuta dago, 8-20 urte bitarteko mutikoz. Egun, koruaren errepertorioa moteteek eta garai guztietako obra sakratuek ez ezik, munduko alde guztietako obra eta musika profanoek ere osatzen dute.

Tolosako Katedraleko Haur Kantarien Koruak kontzertuak mundu osoan eman ditu –besteak beste, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Antillak, Polonia, Ukraina, Jordania, Libano– eta, gainera, mota askotako auditorioetan abestu dute, kontzertu-areto entzutetsuenetatik parroki txikietara.

Katedraletako eskolania Tolosa hiriaren une garrantzitsuekin erlazionaturik dago. Une garrantzitsu horiek zenbait kasutan une serioak izango dira (AZF zentral kimikoko biktimen aldeko meza, Claude Nogaro abeslari frantziarraren oroimenez ospatutako meza eta abar) beste zenbait kasutan, berriz, jai girokoagoak (Ingalaterrako Erreginaren bisita, Frantziako Espazio Hiriaren inaugurazioa eta abar).

Haur Kantariek Tolosako Kapitolioko opera-antzokian sarritan hartzen dute parte musika-produkzioetan, hala nola: Jeanne au bûcher, G. Prêtre-ren zuzendaritzapean edo Faureren Requiema, Michel Plasson-ekin. Datorren azaroan, kontzertuan ikusi ahal izango ditugu Tolosako Ganbera Orkestrarekin.

Tolosako Katedraleko Haur Kantariek musika sakratuko zenbait disko – Motets du XVI au XX (XVI-XX. mendeko Moteteak) eta Chants sacres (Kantu Sakratuak) Roberto Alagna-rekin– musika profanoko diskoak –Carnet de route (Ibilbide Orria )eta Eguberritako zenbait obren diskoak –Noël Baroque (Eguberri Barrokoa)– grabatu dituzte.

Rey abadearen ondoren, taldearen buruzagitza hainbat zuzendariren esku egon da, horien artean: David Godfroid, Kapitolioko Haurren Koruaren egungo zuzendaria; Wilfried Busaal eta azken bi urtez geroztik, Victoria Digon.