Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

06/10/2006

XI. mendeko erdi aroko harresia zabaldu da

06/10/06 Gasteizek erakargarri kultural berri bat estreinatuko du; Hiriaren Erdi Aroko (XI. mendea) harresi zaharraren zati bat irekiko baitu.

Gasteiz, 2006ko urriaren 6a. Gasteizek erakargarri kultural berri bat estreinatuko du datorren urriaren 16an; Hiriaren Erdi Aroko (XI. mendea) harresi zaharraren zati bat irekiko baitu. Mendeetan zehar etxeez eta kaleez estalita egon ondoren, orain dela hil batzuk berraurkitu zuten; horrek hiriko ondare historikoa berreskuratzen eta Hirigune Historikoa suspertzen lagunduko du.

Lorategi bihurtutako pasealekuan zeharreko ibilbidearen bidez, 3.000 metro karratuko ibiltokia, harresiaren zati batean zehar ibiltzeko aukera izango duzu; bai eta igarobide sistema batetatik 136 metroko horma-atala, bi dorre handiz zedarritua, kontenplatzekoa ere. Hormak unerik garaienean 11 metro ditu, dorreek, berriz, 15.

Berreskuratutako harresiaren lehenengo zatia Harategi eta Bakardade kantoien artean dago; zehazki, Hedegile kaleko 98. eta 104. zenbakien artean dauden eraikinen atzeko aldean. Hari atxikita, Escoriaza Esquivel jauregia dago.

Bisitariek hiriko puntu ezezagunetako eta interesgarrienetako bat zeharkatzen duen ibilbide apartaz gozatzeko aukera izango dute bisita gidatuen bidez. Azken bi urteotan egindako azterketek hiriaren jatorriari eta hirigintzari buruzko nobedade handiak ekarri dituzte.

Harresia berreskuratzea eta haren balioa azpimarratzea dira Hirigune Historikoa birgaitzeko Gasteizko Udalak, Hiri Berrikuntzarako Udal Eragintegiaren bitartez, eginiko lanak. Harresitutako egitura zaharrari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza ere izango du. Harresiaren berreskuratze-lanek eta beste zenbait jarduerek Gasteiz eta Araba kultura-ondarearen zaharberritzean erreferentzia puntu bihurtzen dute.

Harresiaren interes historikoa, arkitektonikoa eta turistikoa ezagutzara emateko, Hiri Berrikuntzarako Udal Eragintegiak Santa Maria Katedraka Fundazioarekin akordio bat sinatu du. Fundazioa arduratuko da bisita gidatuen programa kudeatzeaz. Katedral Zaharrak Hirigune Historikoa berreskuratzeko eragile gisa duen garrantziak eta harresiarekin duten lotura historiko eta arkitektoniko estuak bi erakunde horien arteko lankidetza bermatzen du.

GARRANTZI HISTORIKOA
Lotura hori berresten dute UPV/EHUko Arkitekturaren Arkeologiako Ikerketa Taldeak egindako ikerketek.

“Katedral Zaharraren zorupean 2001ean eginiko arkeologia-indusketetan, harresi zahar baten hondakinak aurkitu ziren. Hondakin horiek XI. mendeko bigarren zatian data daitezke eta oraindik ere bere hormatalaren zati bat eta dorre bat ikus daitezke. Hondakin horiek hiriaren goiko aldean zutik dauden harresiarekin dituzten antzekotasunak ikusita (bai dimentsioei bai eraikuntzarako erabilitako teknikei dagokionez), UPV/EHUko taldeak tradizionalki Antso Jakitunaren obratzat jo diren eta, beraz, 1181. urtean datatu diren harresiak zaharragoak direla ondorioztatu du.

Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak batera finantzatutako azterketa batek (2003-2005) harresi primitibo horiek sakontasunez aztertzeko aukera eman du. Horrela, Gasteizko harresitutako antzinako hormatala orain arte uste izan den baino zaharragoa dela berretsi ahal izan da eta, gainera, berreskuratua izateko egoeran dagoela Gasteizko biztanleek eta Hirigune Historikoko bizilagunek erabil eta goza dezaten.

Une honetan jendearentzako irekitzen dena asmo handiko proiektu baten atal txiki bat baino ez da; izan ere, denborarekin, antzinako Gasteizek Erdi Aroko hasierako mendeetan okupatzen zuen espazio osoa barne hartzea du helburu. Asmo handiko proiektu hori gauzatzen denean, bi gauza lortuko dira: lehenengoa, gure hiriaren iragan historikoaren irudi adierazgarriena izango dena sortzea; eta, bigarrena, gure Hirigune Historikoa duinago bihurtuko duten kalitatezko hiri-espazioak sortzea”.

Agustin Azkarate, UPV/EHUko Arkeologiako katedraduna.

Ekin berri zaion berreskuratze-proiektuak harresia aktualitateko lehen planoan jartzen du. Gasteiztarrek bisita gidatuen programaren bitartez aukera paregabea dute euren historiaren zati handi bat berreskuratzeko eta zabaldu eta elkarbanatzeko.

Harresian, Erdi Aroko hiriaren, gremioen hiriaren, Errenazimentu garaiko Gasteizen, hirigintza-aurrerapenen edo gerra karlisten setioei aurre egiteko biztanleriaren prestaketaren aztarnak irakur daitezke.

ERAZTUN BERDEA HARRESIAREN INGURUAN
Erdi Aroko harresi zaharra berreskuratzeko, lehen fase honetan, harresiaren eta Hedegile kaleko eraikinen atzeko aldearen arteko 3.000 metro karratu inguruko espazioa, lorategi bihurtua, egokitu behar da. UPV/EHUko taldeak esparru horretan egindako arkeologia-indusketek XX. mende hasiera bitartean inguru horretan ehunka urtetan zehar funtzionatu zuten antzinako harategien eta azokaren hondakinak ere eman dituzte argitara.

Harresia inguratzen duen eraztun berdearentzako proposamen paisajistikoan egurrezko pasabideez eta lorategi bihurtutako espazioez osatutako ibilbidea aurreikusten da. Ibilbidea Dutxen Etxeari (Harategi Kantoian) atxikitako etxea, Udalaren jabetzakoa, eraitsi ondoren geratutako espazioan gaitutako sarreratik abiatzen da.

Pasabideak ingurabideko pasagunearen perimetro osoa korritzen du eta Escoriaza Esquivel jauregiari atxikitako kontrahormaren gainean kokatutako begiratokira dagoen lau metroko desnibela arrapala bitartez gainditzen du.

Berreskuratutako harresiaren lehenengo zatitik igarotzean, bisitariek bigarren zatia berreskuratzeko egindako lanak ikus ditzakete. Bigarren zati hori ibilbide historiko paisajistikoari gehituko zaio hilabete gutxiren buruan.

IBILBIDE GIDATUA
Erdi Aroko harresi zaharrera egingo diren bisita gidatuak Santa Maria Katedralean hasiko dira, zehazki, Bisitarien Zentroan. Bi monumentuen arteko harremana Santa Maria kantoitik adierazten da; oraindik orain barnealdean kontserbatzen diren hondakinek eta Katedral Zaharreko hormek egiaztatuta.

Bisitariak Santa Maria kantoitik Aiztogile kalea zeharkatu eta Katedral Zaharreko sarrerara –tenpluari berari atxikitako XVIII. mendeko eraikinetan kokatua– iritsiko dira. Puntu horretan, ikus-entzunezko baten eta bost maketen bidez hiriaren historiaren eta bilakaera urbanistikoaren berri emango da, Gasteizko antzinako herrixkatik (VIII. mendea) hasi eta Santa Maria eraiki bitarteko historiaren berri, hain zuzen ere.

Maketak (une honetan jada hiru amaituta daude) Santa Maria Katedrala Fundazioko Lantegi Eskolak eta Euskal Herriko Unibertsitateko EHUko Arkitekturaren Arkeologiako Ikerketa Taldeak egin dituzte. Beraz, El Campillo izenez ezagutzen den muinoaren bilakaeraren berregite fidagarriak dira.

Bisitariak egurrezko eskailera berezi batetatik jaitsi eta Katedraleko zorupean sartzen dira; zehazki, absidera edo girolara. Bertan, horma trinkoak eta itsuak, tenpluaren perimetroa osatzen dutenak, xehetasun guztiekin ikus daitezke.

Girolatik aldarera iristen da igarobide-sistema bati esker. Bertan, tamaina handiko harrien hondakinak, XI. mendeko harresiarenak, garbi ikusten dira; bai eta dorreetako baten zanga-zuloa ere.

Ibilbideari jarraituz, Katedral Zaharretik irten egiten da Santa Ana portaletik. Hor, bisitariek aukera izango dute Santa Maria plazako arkeologia-indusketak begiesteko. Ibilbideak Frai Zacarias Martinez kaletik jarraitzen du harresiaren ingurabideko pasaguneko sarrerarantz. Aurretik, bisitariak Escoriaza Esquivel jauregira (XVI. mendea), harresiari atxikita dagoena, hurbiltzen dira.

Berreskuratutako harresiaren lehenengo zatia Harategi eta Bakardade kantoien artean dago; zehazki, Hedegile kaleko 98. eta 104. zenbakien artean dauden eraikinen atzeko aldean. Sarrera Udalaren jabetzako etxe bat, harresiari berari eta Dutxen Etxeari atxikitakoa, eraitsi ondoren geratu zen espazioan dago.

Ibilbideak 3.000 metro karratuko lorategi bihurtutako eremua zeharkatzen du; horrela, harresiaren zati batean zehar ibiltzeko eta igarobide sistema batetatik 136 metroko horma-atala, bi dorre handiz zedarritua, kontenplatzeko aukera eskaintzen du. Hormak unerik garaienean 11 metro ditu, dorreek, berriz, 15.

Pasabideak ingurabideko pasagunearen perimetro osoa korritzen du eta Escoriaza Esquivel jauregiari atxikitako kontrahormaren gainean kokatutako begiratokira dagoen lau metroko desnibela arrapala bitartez gainditzen du. Puntu horretatik, XX. mende hasiera bitartean inguru horretan ehunka urtetan zehar funtzionatu zuten hiriko antzinako harategien eta azokaren hondakin arkeologikoak begietsi daitezke.

INFORMAZIOA ETA ERRESERBAK
Erdi Aroko harresi zaharrera bisita gidatua egin nahi dutenek erreserba Santa Maria Katedraleko Bisitarien Zentroan edota 945 255 135 telefonoan egin behar dute.

Santa Maria Katedrala Fundazioa arduratzen da ibilbide gidatuak kudeatzeaz. Egunean, lau bisita aurreikusi ditu. Bisitek ordubeteko inguruko iraupena izango dute. Erreserbak egiteko jarraian aipatuko diren orduak aurreikusten ditu: goizez, 11:15 eta 12:45 eta, arratsaldez, 17:15 eta 19:45. Prezioa pertsonako 2 eurokoa izango da.