Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

08/10/2006

Haurrentzako tailerrak 2006-2007 ikasturterako

06/10/08 “Jolastu, lan egin eta ikasi katedralean” programari esker arte, historia eta arkitekturaren berri izango dute 6-18 urte bitarteko ikasleek.

Gasteiz, 2006ko urriaren 18a. Gasteizko Santa Maria Katedralak 2006-2007 ikasturtean zehar bisita gidatuak, heziketa-tailerrak eta jarduera didaktikoak eskainiko ditu. Eskaintza hori ikastetxeei zuzentzen die. Santa Maria Katedrala Fundazioak zuzendutako “Jolastu, lan egin eta ikasi Katedralean” programari esker, 6-18 urte bitarteko 15.000 eskola-umek baino gehiagok zenbait jakintzagai, besteak beste, historia, arkeologia, arkitektura eta artea, ikasteko eta haietaz gozatzeko aukera izango dute.

Ekimen horiek direla bide, Gasteizko tenplu zaharrak Katedralek mendeetan zehar bete izan duten funtzioa beteko du, alegia, kultura ezagutzeko eta zabaltzeko gune izatea. Zaharberritze-lanen baitan egiten ari diren azterketek eta ikerketek Santa Maria Katedrala hiritar guztientzat irekita dagoen liburu bihurtzen dute.

Zaharberritze-lanak hasi zirenetik Santa Maria Katedrala Fundazioak eskola-umeentzako jarduera espezifikoak antolatu ditu. Izan duen arrakastak –2006an izandako 10.000 parte-hartzailek berretsia– programa egonkor baten sorrera sustatu du, “Jolastu, lan egin eta ikasi Katedralean” programarena, hain zuzen ere. Programa horrek 2006-2007 ikasturte osoa hartuko du.

Programa guztiz praktikoa da eta adinaren arabera (6-11 urte bitartekoek eta 11-18 urte bitartekoek) sailkatutako bisita gidatuek, tailerrek, eta jarduera didaktikoek osatzen dute. Jarduera guztiak doan dira eta parte hartu nahi duten ikastetxeek 945 255 135 telefonora deitu beharko dute.

Ekimen hori, batez ere, Euskal Herriko ikastetxeei zuzenduta dago eta Santa Maria Katedrala Fundazioak berak igorriko die, gutun nahiz posta elektroniko bidez, aipatu ekimenari buruzko informazioa. Dena dela, “Jolastu, lan egin eta ikasi Katedralean” programa Espainia osoko nahiz atzerriko ikastetxeei ere irekita dago.

11-18 URTE BITARTEKO IKASLEENTZAKO PROGRAMA
11-18 urte bitarteko ikasleentzako eskaintza, batez ere, Santa Maria Katedraleko zaharberritze-lanak ikustera egingo den bisitak osatuko du. Bisita horretan, ikasleek aukera izango dute euren ikastetxeetan modu teorikoan ikasitako kontzeptuak hurbiletik ezagutzeko.

Bisitak osagai historiko, artistiko, kultural eta soziala izango du eta alderdi praktikoa azpimarratuko da. Horrela, bisita abiapuntutzat hartuta, ikasleek artisautza-sormenak edo sormen intelektualak gauzatzeko aukera eskaintzen zaie ikastetxeei eta institutuei.

Berrikuntza nagusi gisa, ikasturte honetan, XI. mendeko Erdi Aroko harresi zaharra ikustera bisita eskaintzen da. Aipatutako harresi hori lehenengo zatian jada berreskuratuta dago. Berreskuratze-lanak Gasteizko Udalak egin ditu Hiri Berrikuntzarako Eragintegiaren bitartez eta EHUko Arkitekturaren Arkeologiako Ikerketa Taldeak egindako azterketan oinarrituta.

Kasik ordubeteko iraupena duen ibilbide historiko paisajistikoan, parte-hartzaileek aukera izango dute, besteak beste, Erdi Aroko Gasteizen, gremioen hiriaren, Errenazimentu garaiko Gasteizen, hirigintza-aurrerapenen edo gerra karlisten setioei aurre egiteko biztanleriaren prestaketaren eta Elizak hirian zuen rolaren aztarnak aurkitzeko.

Bisita horren bidez, Katedral Zaharraren zaharberritze-lanak jada bisitatuta dituzten 11-18 urte bitarteko milaka haurrek, Gasteiz hiria ezagutzeari dagokionez, oinarrizko ibilbide historiko berri bat edukiko dute eta, aldi berean, hiriaren garapenean tenpluak izandako garrantzia frogatu eta aurreko bisitatik zaharberritze-lanek izandako bilakaera egiaztatuko dute.

Bisita horiek Udaleko Hezkuntza Sailarekin sinatutako akordioaren baitan eskaintzen dira; baina interesatuta dauden ikastetxeentzat, haien egoitza eta kokapena edozein dela ere, irekita daude eta doakoak izango dira. Izen-ematea 945 255 135 telefonora deituz egin dezakete.

Bisitak euskaraz nahiz gaztelaniaz egin daitezke eta astelehenetik ostiralera izango dira 9:00etatik 11:00etara. Beharrezkoa izanez gero, bisita ingelesez, frantsesez nahiz orokorrean bisitetan eskaintzen den edozein hizkuntzatan egin ahal izango da. Bisitaren iraupena ordu eta erdikoa izango da (1 ordu eta 30 minutu).


6-11 URTE BITARTEKO IKASLEENTZAT PROGRAMA
Ikasle gazteenentzat, 6-11 urte bitartekoentzat, Santa Maria Katedrala Fundazioak zenbait tailer didaktiko diseinatu ditu. Tailer horietan, Gasteizko historia eta historiaren osagai artistikoak, kulturalak edo sozialak gerturatu nahi izan dira Gasteizko tenpluak eskaintzen duen dokumentazioaren bitartez.

Programa bost tailer praktikok, ordu eta erdi eta bi orduko iraupena dutenak, osatzen dute. Tailer bakoitza gai desberdin bati buruzkoa izango da, hala nola:
-Plastikozko beirateak diseinatzea.
- Plastilinazko maketen bidez antzinako Gasteiz berregitea.
-Arkeologia-indusketa bat berregitea.
-Gasteizko pertsonaien eta eraikin historikoen irudiak kartoi mehez egitea.
-Eliz atariko erliebeak eta eskulturak modelatzea.

Ikastetxeek euren ikasketa-programetara hobekien egokitzen diren tailerrak aukeratuko dituzte; bai eta euskaraz edo gaztelaniaz ematea nahi duten ere. Tailer horiek monitore batek zuzenduko ditu eta, gutxienez, irakasle batek gainbegiratuko. Gainera, gehienez, 20 ikasleko taldeei zuzenduta daude.

Tailerrak bi zatitan banatuta daude: lehenengo zatian, Santa Maria Katedralera 30 minutuko bisita egingo da eta, bertan, tailerra zein gairi buruzko den zehaztasunez azalduko da. Bigarren zatian, proposatutako eskulanak egingo dira.

Eskola-tailerrak, irakas-asteetan, astelehenetik ostiralera egingo dira goizeko 9:00etatik 11:00etara bitartean. Dena dela, beste ordutegiren bat ere gaitu ahal izango da bisiten gidariei dagozkien txandek aukera hori ematen dutenean. Edozein kasutan ere, erreserbak 945 255 135 telefonoan egin ahal izango dira. Tailer guztiak doan dira.

Tailerrak honako hauek dira:

1.- “IKUSTEN DUT IKUSTEN DUT, KATEDRALA!”: PLASTIKOZKO BEIRATEAK

Tailer horrek Santa Maria Katedraleko arkitektura gotikoaren ikuspegi sinplea eta didaktikoa ematen du. Tailerraren helburua parte-hartzaileek beirate bat egitea da.

Aldez aurreko bisitan, arkitektura gotikoaren elementu arkitektoniko tipikoak –garaiera, hormak, arku zorrotzak, gangak, argitasuna eta abar– bereziki azpimarratuko dira eta Santa Maria Katedralean sortu diren deformazioez eta arazoez hitz egingo da. Bisita amaieran, beirateen funtzioak, materialak eta ikonografiak aztertuko dira.

Ikasle bakoitzari Katedraletako eta elizetako beirateetan irudikatu ohi diren eszena edo pertsonaia baten deskripzio sinple bat emango zaio. Deskripzioa, ahal bada, pertsonaia erlijiosoren batena izango da eta pertsonaiaren itxura eta haren martiritza edo bizitza labur-labur deskribatuko dira, horrela, modu jakin horretan zergatik irudikatzen den uler dezaten.

Halaber, kolore marroiko kartoi mehe bana emango zaie; bertan, leiho gotiko baten kanpoko aldea egongo da marraztuta marko arkitektonikotzat balio dakien. Markoa mozten dutenean, plastiko gardenezko folio bat itsatsi beharko dute zelo bidez atzealdean.

Testuan oinarrituz, ikasleak dagokion irudia marraztuko du folioan errotuladore beltz ezabaezin batekin. Irudia marrazten duenean, kristal hipotetikoen edo beruneztaduren ingeredak markatu behar ditu; izan ere, marrazki horrek benetako beiratea egiteko txantiloitzat balio izatea lortu nahi da. Amaitzen duenean, errotuladore ezabaezinekin margotzen hasiko da; Kolore desberdinak erabiltzea komeni da emaitza ahalik eta ikusgarriena izan dadin.

Beharrezko materiala: koloretako errotuladore ezabaezinak, lodiera ertaineko punta dutenak; plastikozko A4 folioak, kolore marroizko A3 kartoi meheak; guraizeak eta zelo.


2.- “POLTSIKOKO HIRIA”: GASTEIZ HIRIAREN MAKETAK PLASTILINAZ EGINDA

Tailer horretako bisita gidatuak Gasteiz hiriaren eta Santa Maria Katedralaren iragana hurbiltzea du helburu. Horretarako, Gasteiz hiriak Nova Gasteiz bihurtu arte izandako bilakaera, Santa Maria Katedralaren aurreko elizen bilakaera eta Katedral Zaharraren eraikuntza-lanen hasiera (XIII. mendean) azaltzen dira hirian barrena eginiko ibilbidearen bitartez. Bisita gidatuetan erabilitako koadernoaz baliatuko dira horretarako, baina, batez ere, bisita gidatuen hasieran erakutsitako maketa berriak arreta handiz begietsiko dira.

Tailerrean, ikasle bakoitzak bisitan zehar ezagututako elementuren baten maketa egin behar dute, esaterako: VIII. mendeko txabolak, Katedralaren aurretiko elizak, XI. mendeko harresi zaharra, Santa Maria Katedrala bere fase desberdinetan, eta abar.

Tailer horren bidez, hiriaren eta eraikinaren iragana hurbildu nahi da, ikasleek horien bilakaeraren faseak irudikatzea eta bisitan zehar ezagututako elementuak maketen bitartez irudikatzeko gai izatea lortu nahi da.

Beharrezko materiala: harri-kartoia, koloretako plastilina eta moldekatzeko txotxak.


3.- “EGUN BATEZ ARKEOLOGO”: INDUSKETA BAT BERREGITEA
Tailer horrek Santa Maria Katedralean egindako arkeologia-lanen ikuspegi sinple eta didaktikoa ematea du helburu. Aurretiko bisitan, arkeologia-indusketen funtzioak aztertuko dira, hala nola: arkeologia-indusketak Santa Maria aztertzeko baliabide gisa, zaharberritze-lanetako tresna gisa eta eraikinaren eta hiriaren historia berraurkitzeko funtsezko alderdi gisa.

Halaber, arkeologoen lan-metodologia, indusketa bat nola egiten den, azalduko da; alegia, nola, zergatik eta zertarako induskatzen den. Aurkitutako objektuen berreraikuntzaz eta horien zaharberritzeaz ere hitz egingo da.

Parte-hartzaileek indusketa txiki bat egitea da helburua. Horretarako, haurrak binaka taldekatuko dira. Talde bakoitzari indusketa “kaxa” bana emango zaie, lurperatutako objektu zatiz beteta egongo dena; ondoren, paletina eta brotxa baten laguntzaz induskatu egin beharko dute. Zati guztiak berreskuratzen dituztenean, objektuak berreraiki beharko dituzte puzzleak balira bezala. Zati horiek plastilina bidez elkartuko dituzte; plastilina “kola itzulgarri” bailitzan erabiliko dute eta aipatutako objektuak berreraikitzeko balioko du. Ondoren, objektu horiek marraztuko dituzte; horrela, “sailkatu ahal izateko”.

Beharrezko materiala: kaxak/edukiontziak, hondarra, koloretako platerak eta katiluak, brotxak, paletinak, ontziak, folioak, arkatzak, koloretako margoak.


4.- “BEHIN BATEAN BAZEN… GASTEIZ”: KARTOI MEHEZ EGINDAKO IRUDITXO EBAKIGARRIAK

Tailer horretako bisita gidatuak Gasteiz hiriaren eta Santa Maria Katedralaren iragana hurbiltzea dute helburu. Horretarako, hiriaren bilakaera azalduko da. Azalpena arkeologia-indusketetan islatzen den kokaleku trikitiarekin hasiko da eta foru-ematea eta Gasteiz Nova hiribilduaren sorrerarekin, Antso VIII.aren konkista eta gotorleku-elizarentzako harresiaren eraikuntzarekin eta Santa Mariaren eta hiriaren bigarren zabalgunearen eraikuntza-amaierarekin jarraituko du.

Azalpenerako, bisita gidatuetan erabilitako koadernoaz eta Aiztogile kalea, 95 zenbakiko aretoan erakutsitako maketez baliatuko dira. Bisitan, Erdi Aroko harresi zaharraren hondakinak ikusteko eta haren hasierako funtzioa eta, ondoren, Katedralaren eraikuntzan hari eman zitzaion erabilpena ezagutzeko aukera izango da; bai eta, arkeologia-indusketak ikusteko aukera ere. Indusketa horietan, Gasteiz hiriaren eta Santa Mariaren aurreko elizen preexistentziak ikus daitezke.

Tailerrean, ikasle bakoitzak pertsonaiaren bat (erregea, erregina, soldadua, klerikoa, erromesa, artisaua, herriko jendea eta abar) edo antzinako eraikuntzaren bat (etxea, taberna, ostatua, eliza eta abar) egin beharko du. Elementu bakoitzak txantiloi batean egon behar du, koloretako margoez margotuko dira eta, ondoren, ertzak ebaki behar zaizkio.

Behin ebakitzen dituztenean, irudiak grapatu egingo dira hiru dimentsioko formatua emateko eta mahai gainean jarriko dira antzinako Nova Gasteiz irudikatuz. Behin maketak amaituta, elementu bakoitzaren funtzioak edo ezaugarriak aztertuko dituzte taldean, hala nola: dorretxeen defentsa-funtzioa, artisauen gremioak eta haiek kaleka nola biltzen ziren, sarritan kaleari izena emanez, eta abar.

Beharrezko materiala: A- 4 Dinako paper zikina, arkatzak, guraizeak, kola-barra, koloretako argizarizko margoak, oparitako papera, kolore desberdinetako pinotxo-papera, grapagailu txikia eta ertaina eta grapak.


5.- "HARRIAK ESATEN DIGU”: ELIZ ATARIKO ERLIEBEAK PLASTILINAZ EGINDA

Tailer horren bidez, arteak dekorazio gisa ez-ezik herriarentzat –gehiengoa analfabetoa– tresna didaktiko gisa iraganean izan zuen garrantzia ulertaraztea lortu nahi da.

Horretarako, eliz atariko ate bakoitzean ikus daitezkeen eszenak eta irudiak azalduko dira, horrela, “harrian irudikatutako Biblia” terminoaren esanahia uler dezaten; izan ere, ateetan, batez ere, Biblia dago irudikatuta.

Azaletik bada ere, harginek harria nola zizelkatzen zuten, amaierako emaitza lortzeko irudien zatiak bata bestearekin nola lotzen ziren eta hasiera batean, eliz atariak polikromatuta bazeuden ere, egun, gehienak ez daudela azalduko da.

Tailerrak bi aukera eskaintzen ditu adinaren arabera:

Gazteenek, kontuan hartuz irakurketa ez dutela guztiz menderatzen, ateetan ikusi dituzten eszenak irudikatuko dituzte koloretako plastilina bidez. Horretarako, haur bakoitzak irudi bat edo bi egingo ditu (esaterako, aingerua, herensugea, San Migel, Ama birjina, apostoluak eta abar); horrela, irudiak elkarturik ateetako eszena bat edo gehiago osatzeko. Irudiak koloretako atalak bata bestearekin lotuz egingo dira; hau da, antzinako eskultoreek egin ohi zuten gisan, batetik, aurpegia “tailatuko” dute eta bestetik… Lana amaitzen dutenean, taldekatutako irudiak dagokien ordenan kokatuko dira eta eszena desberdinak islatuko dituzte.

Irakurketa menderatuta duten haurrei testu bana emango zaie, eliz atariko ateetan irudikatutako eszenak labur-labur eta modu sinplean azaltzen dituena. Taldetan banatuko dira eta testua arreta handiz irakurriko dute eta eszena bakoitzari dagozkion irudiak egingo dituzte arestian adierazitako moduan. Amaitutakoan, txikienekin egin den moduan jokatuko da.

Beharrezko materiala: koloretako plastilina, pita eta plastilinarekin lan egiteko behar diren tresnak.


6.-TAILER BERRIAK LARUNBAT GOIZETARAKO

Ikasturtean zehar tailer berriak eskainiko dira eskaerari erantzunez; baina esklusiboki plastikoak ez direna, alegia, lengoaiarekin, hitzezko eta idatzizko komunikazioarekin, narratibarekin eta abarrekin lotutako jarduerak garatuko dituzten tailerrak.

Haurrentzako tailerren eskaintza ez da eskola-eremura mugatuko, baizik eta, familientzako asteburuko proposamen gisa ere eskainiko dira. Horrela, 6-11 urte bitarteko haurrek ere parte hartu ahal izango dute larunbat goizetan.

Haurrak 6 urte edo gutxiago dituenean soilik egongo dira gurasoak tailerretan. Gainera, gurasoek ere tailerretan parte hartu ahal izango dute; beti ere, taldearen funtzionamendua eragozten ez badute.

Hasiera batean, banakako modalitateko lantegi-ikastaroak hileko lehen eta hirugarren larunbatetan izango dira goizeko 10:30etatik aurrera. Dena den, ordutegi eta data horiek eskaeraren arabera alda daitezke.

Erreserbak 945 255 135 telefonoan egingo dira eta ikastetxeen kasuan bezala, tailer horiek ere doan izango dira.