21/12/2006
Vitoria-Gasteiz, 2006ko abenduak
21. Gerra Zibilaren amaiera Gasteizen, Katedral Zaharreko
meza eta ospakizunak, Hornidura plazaren eraispena eta Foru Plazaren
eraikuntza Eduardo Chillida tartean dela, Manuel Benítez
“El Cordobés”-en zezenketa
bat, Alemaniara lan bila abiatu ziren lehenak, industrialdeen
abiaraztea eta hiriko lantegietako jarduera...
“Vitoria-Gasteiz, la vida filmada” erakusketan
bildutako une, istorio eta bizipen gutxi batzuk baino ez dira goiko
horiek, azken mendeko arabar hiriaren ikusizko memoria osatzen duten
zinema-material ezezagunen bilduma, alegia. Abenduaren 21etik
urtarrilaren 28ra egongo da ikusgai erakusketa, Hiria Gunea aretoan
(San Prudentzio, 30).
“Vitoria-Gasteiz, la vida filmada”
erakusketa, Santa Maria Katedrala zaharberritzeko proiektuaren inguruan
sortu den “Ikusizko Arkeologia” kontzeptupeko beste
proiektu zabalago baten zatia da. Gasteizko tenplu zaharrari
buruzko ikus-entzunezko dokumentazioaren bila, azken mendeko hiriari
eta hiritarrei buruzko kronika bideratu da, zaletuek filmatutako eta,
sarritan, familiaren oroitzapen-bilduma osatzen duen materialari esker.
Vitoria-Gasteizko Udalak eta Santa Maria Katedrala Fundazioak
sinatutako lankidetza-hitzarmen batek ahalbidetu du material hauen
guztien azterketa, berreskurapena eta zaintza.
Antxon Urrosolok zuzentzen du “Vitoria-Gasteiz, la vida
filmada” proiektua. Kazetari hau 1989. urtetik ari da
zaletuek eta familiek, 20ko hamarkadatik eta 8 mm., super 8
mm., 9´5 mm. eta 16 mm formatuetan, jasotako film ezezagunak
biltzen.
Balio handia du berreskuratutako material honek, arabar hiriburuaren
historia ez ofiziala biltzen baitu, hau da, gai anitz jasotzen dituen
kronika, hala nola: eguneroko, familien eta gizartearen bizimodua
islatzen duten eszenak; hiriko oroitzapenak eta txokoak; eskola eta
lana; olgeta, udaldiak eta bidaia; sinismenak, tradizio herrikoiak,
ohiturak eta jaiak; kirola, moda eta musika..; eta Arabako hiriburura
heldu ziren lehen kamerekin filmatutako hamaika gertakizun.
Beraz, garaiko errealitatea jaso zuten gasteiztar eta arabarren
filmaketen bitartez kontatutako memoria gasteiztarra da, 50 eta 60ko
urteetan “grupo de Vitoria” zeritzona osatzen zuten
eta super 8 mm eta 8 mm-tan filmatzen zuten arabar zinemagile zaletuei
omenaldia.
Era guztietako gasteiztarrak nabarmentzen dira dokumental amateurraren
aitzindarien artean: merkatariak, medikuak, magistratuak, langileak,
industria-gizonak... hiri eta hiritarren bizimodua super 8 mm eta 8
mm-tan erretratatu zutenak, besteak beste:
Ramón Aguirrezabal, Luis Díaz de Corcuera,
Julián Elejospe, Pedro Escayol, Eloy González,
Juan Ignacio Lasagabaster, Felipe Manterola, Juan Bautista Pardo,
Alberto Schommer Koch, Alberto Schommer, Cecilio Ugarte edo
José Ignacio Vegas.
Film dokumentala
eta gaikako proiekzioak
Material hauekin eta artxibo pribatu ezberdinetako beste batzuekin,
collage teknikan oinarritutako 90 minutuko film dokumentala zuzendu du
Antxon Urrusolok. Egunean bitan proiektatzen da filma Hiria
Gunea aretoan. Abiaburutzat, Alberto Schommerren familia-filmak ditu
film luze honek, bere haurtzaroan, gaztaroan eta helduaroan zehar
Vitoria-Gasteizek eta Arabak izandako bilakaera. Gainera, mende luze
honetako bestelako bizitza eta irudiak ere azaltzen dira, guztiak,
gasteiztarrek eta arabarrek filmatuak, hain
zuzen.
Astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 21:00etara dago irekita Hiria
Gunea aretoa, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, 12:00etatik
14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. Aretoa ireki eta 15 minutura
hasiko da Alberto Schommerren familiaren irudiak jasotzen dituen film
luzearen emanaldia.
Halaber, 30 minutuko hiru proiekzio ematen dira aldi berean erakusketa
honetan, eta horietako bakoitza, ondorengo gaiei buruzko film
laburretan zatituta dago:
-Hiria denboran zehar.
-Hiritarrak: gizarte eta familien bizimodua.
-Herriak.
Bisitariek, orobat, Vitoria-Gasteiz eta Santa Maria Katedralaren
argazki-sorta ere ikusi ahal izango dute. Horietako batzuk antzinakoak
dira, eta beste batzuk, ordea, Santa Maria Katedrala Fundazioaren
funtserako Vari Caramés eta José Manuel Navia
argazkilariek egindakoak.
Material berrien
bilketa
Berreskuratutako filmak erakusgai jartzeaz gain, izaera elkarreragilea
du erakusketak, pertsona eta tokiak identifikatzeko gonbita egin nahi
baitu. Horretarako, txarteltzar batzuk bete ahal izango dituzte
bisitariek, eta horietan bere datu pertsonalak utziz, berez oso
baliotsuak diren irudiei eduki zabalagoa eransten lagunduko baitute.
Era berean, erakusketari eta horren fondoei, zein iritziak eta material
berriak helarazteko moduari buruzko informazioa jarriko da kontsultagai
Santa Maria Katedrala Fundazioaren web orrian
–www.catedralvitoria.com– .