26/12/2006
Vitoria-Gasteiz, 2006ko abenduak
26. Zorioneko daude Vitoria-Gasteizko Santa Maria
Katedrala eta berori zaharberritzeko proiektua. Zaharberritze-lanen
erdialdera heltzear (2000-2012), 500.000 bisitari lortu ditu tenplu
gotikoak ateak berriro ireki zituenetik. Marka hori ospatzeko,
berritasun nabarmenak txertatu ditu bisita gidatuen programan, eta
esker ona helarazi nahi die Katedral Zaharra hiriaren ikur turistiko,
kultura eta arkitektoniko izatea lortzen lagundu duten guztiei.
Gasteiztar, arabar eta bisitariei ez ezik, Caja Vital Kutxaren Gizarte
Ekintzari eman nahi dizkio eskerrak Santa Maria Katedrala Fundazioak,
egun Katedral Zaharra hiritarrentzako eremu irekia izan dadin bideratu
duen laguntza garrantzitsuagatik.
Zaharberritze-lanak ikusteko bisita gidatuen programaren laguntzaile
ofiziala da Caja Vital Kutxa2000az geroztik.
Alberto Schommerrek definitu legez, Santa Maria Katedralaren
zaharberritze-lana gorputz biziduna da, berreskuratzeko ikerlanak eta
obrak aurrera egin ahala, itxura aldatzen delako. Bisitariak,
gidatutako ibilbidean ikusi ahal diren aldaketen ezohiko lekuko eta,
aldi berean, partehartzaile dira.
Bisita gidatuan, Katedral Santa Mariaren historia, arkitektura,
arkeologia, arte, eta nola ez, zaharberritzearen beraren inguruko 12
eduki berri txertatu dira.
Arkeologia-indusketa gehiago tenpluaren barrualdean eta eraikin osoan
zehar, museo funerario bat aurkitutako hilobiak ikusi ahal izateko,
ataria ia ukitzea ere ahalbidetzen duen aldamio berria, Gasteiz
herrixkaren bilakaera zehatz-mehatz islatzen duten maketa ikusgarriak,
erakusketak, ikus-entzunezkoak... Katedral Zaharrak eskaintzen dituen
berritasunen eraskusgarri txiki bat baino ez dira.
Bisita gidatuak
Eduki berriak helarazi eta 500.000 bisitari lortzea ahalbidetu duten
guztiekin ospatzeko, gasteiztar, arabar eta bisitari guztiei,
urtarrilaren 15etik otsailaren 28ra, Katedral Zaharra dohainik
bisitatzeko gonbita egitea erabaki du Santa Maria Katedrala Fundazioak.
Horretarako, etxe guztietara eskerrak eman eta gonbit egiteko gutun
bana igorriko da, esku hartu nahi duen orok erabil dezan. Nahikoa
izango da 945 255 135 telefono-zenbakira deitu eta bertaratuko den
pertsona-kopurua adieraztea erreserba egiteko. Gainera, gonbidapeneko
datuak bete (oroigarri gisa gordetzeko) eta aukeratutako egunean
Bisitarien harrera-gunean aurkeztu beharko da. Gaurtik aurrera egin
daiteke erreserba, oraindik gutuna jaso ez bada ere.
1994. urtean ateak itxi ondoren, Santa Maria Katedralak 2000ko
uztailaren 3an ireki zituen berriro ere, bisita gidatuen programaren
lehenengo aldiarekin. Aldez aurretik, Zaharberritzeko Plan Zuzentzailea
aurkeztu zen 1999.ean, “Apaiz, merkatari... artean”
izeneko erakusketa medio.
98.790 bisitari
2006. urtean
Urtero %15 igotzen da bisitarien kopurua. Bisitari-marka berriarekin
itxi da 2006. urtea, 98.790 bisitarirekin, alegia, 2005ean baino ia
12.000 gehiago. Pixkanakako igoera honi esker, 500.000 bisitarien
zenbateko mitikoa lortu berri du Santa Maria Katedralak. Irailean, hain
zuzen. Ekitaldi hau ixtean, berriz, 529.900 bisitari zenbatu dira
guztira.
“Santa Maria Katedralaren adibideari jarraitu beharko liokete
Europako katedraletako zaharberritze-lanetan. Mundu osoan ez da
horrelakorik”. “Los pilares de la Tierra”
eleberriaren egilea den Ken Follet idazleak bota zuen laudorio hau,
Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedralean jendearentzako irekita
eskaintzen den zaharberritze-lan berezi hau ikusita liluraturik.
Katedral Zaharrak bere historia, patologiak eta zaharberritzeko
konponbideak ezagutzea ahalbidetu ez ezik, horietan esku hartzeko
aukera ere bideratzen dizu. Izan ere, bisiten kanpina berrirako
hautatuko irudiak, eraikin eta zaharberritze-lanaren eta bisitarien
arteko elkarreragina islatzen du.
Atariko Ama Birjinaren polikromiak blaitzen du pixkanaka-pixkanaka
aita-alaba bikote baten zuri-beltzeko irudia. Santa Maria Katedralak
ikusteaz gain, kultur ondarearen zaharberritzeari buruzko esperientzia
bakar batean gertu-gertutik parte hartzeko aukera eskaintzen duela
adierazi nahi da metafora honekin.
1.- MAKETEN ARETOA
Gasteiz izeneko antzinako herrixkatik (VIII. mendea) Katedrala eraiki
zenera arteko hiriaren hirigintzaren historia eta bilakaera ikusgai
jartzen dute ikus-entzunezko batek eta bost maketa ikusgarrik. Maketek,
XIII. mendera arte Landatxo izenez ezagutzen zen muinoaren bilakaera
irudikatzen dute, zehaztasunez.
2.- BURUILERIAKO
MUSEO FUNERARIOA
Katedralaren barrualdea eta haren inguruan nekropoli handia izan dira
Erdi Arotik. Mota anitzeko hobiratzeak aurkitu dira Buruileria plazan:
hobi arruntak, zein adreilu edo harlangaitzezko hormatxoez egindako
egitura ezberdinen bidez eraikitako hilobiak.
3.- ALDARE ETA
GURUTZADURA AZPIKO INDUSKETAK
Aldare eta gurutzaduran oinarritzen da ikerketa eta lanaren ataleko
jardunik nabarmenena. Tenpluan induskatu gabe dagoen eremu bakarra da
honakoa. Zutabeak zein egoeratan dauden jakina ahal izateko,
eremua erabat induskatuko da, eta arkeologiaren arloko honek Gasteizen
jatorriei buruzko eta Erdi Aroko hirigintzaren inguruko datu
interesgarri gehiago utz ditzake agerian.
4.- HILOBI KRIPTA
Ezer baino lehen, aldarean hilobiratuta dauden Elizbarrutiko hiru
apezpiku bakarren gorpuak atera beharko dira, hau da: Ramón
Fernández de Piérola, Mateo Múgica eta
Carmelo Ballester gotzainena. Horretarako, Kristoren kaperaren azpian
harriz eta brontzez egindako eremu bat egokitu da. Zendu berri den
Francisco Peraltak ere, bertan hartuko du behin betiko atsedena.
5.- ZIMENDUAK
INDARTZEKO LANAK
Zaharberritze-lan hauetan zutabeak indartu behar dira, horietako batzuk
oso hondatuta daudelako. Gainera, arku berriak ere eraiki behar dira,
zimenduak indartu eta zoruaren egitura berria ezarri ahal izateko.
Gutxi barru, hormetan eta zimenduetan karea injektatzen hasiko da.
6.- INDUSKETA
BERRIAK SANTA MARIA PLAZAN
Katedralaren barruan eta inguruetan gauzatutako indusketa arkeologikoen
emaitzak ikusita, horretan jarraitzeko asmoa dago. Panel handi
batzuetan ematen da emaitza horien berri.
7.- ATARIPEAREN
ZAHARBERRITZE LANAK GERTU-GERTUTIK
XIV. mendeko plastika-adierazpenik garrantzitsuenetakoa da ataripea.
Urteetan ikertu ondoren eta bertako eskultura eta polikromien inguruan
egindako azterlanen ostean, aldamio berri bat jarri da, polikromia
arrastoak eta lanketa-lan bikaina gertu-gertutik ikusi ahal izateko.
8.- DORRE ETA
ATARIKO PROIEKTUA
Proiekturik enblematikoenetako bat dorrearen eta atariaren
zaharberritze-lana da. Aldamio handi bati esker, eraikinaren
kanpoaldeko beste eremu bat eta egitura-lanak ikusi ahal dira.
9.- ERAKUSKETA
BERRIA BOLATOKIAN
Bolatoki izenez ezagutzen den Santa Maria Katedraleko Bisitarien
Harrera-gunean hasten da zaharberritze-proiektua ezagutzeko
ibilbidea. Bisitaren sarrera gisa, proiektuaren ikuspegi
orokorra eskaintzen da eremu honetan, berorren berezitasunak eta
osotasuna azaltzen dituen erakusketa berri bati esker.
10.- BI
IKUS-ENTZUNEZKO BERRI
Panelez gain, dokumental berri bat eskaintzen da Bolatokiko
ikus-entzunezkoen aretoan. “Santa Maria Katedralaren
Zaharberritze Irekia” izenburupean, proiektuaren ezaugarriak
azaltzen dira, “Katedrala Ezagutzen” barruko
hitzaldietan esku hartu duten idazlerik ospetsuenen iritzietan
oinarrituta. Bigarren ikus-entzunezkoa arkeologiari buruzkoa
da, eta Maketen Aretoan dago ikusgai.
11.- KANPOALDEKO
SEINALEAK
Lirain altxatzen da Santa Maria Katedrala Vitoria-Gasteizko muinoan,
eta nabarmen ikus dezake gasteiztar eta bisitari orok.
Nolanahi ere, tenplu gotikoak bere zaharberritze-lanetan gordetzen
dituen ezustekoen agertoki gisa, argazkiez osatutako panelak jarri
dituzte “Irekita eta Obretan” lelo erakargarripean.
Gainera, Santa Maria plazako hormetan jarritako buzoi batzuetatik,
arkeologia-indusketak ikusi ahal dira.
12.- ARGIZTAPENA
Argiztapen-sistema berritzailea jarri da Santa Maria Katedralean eta
inguruko plaza eta kaleetan. Bi izan dira helburuak: lehena,
Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoan zehar pasieran ibiltzen diren
bizilagun eta hiritarren bizi-kalitatea eta segurtasuna hobetzea; eta
bigarrena, hiriko monumenturik sinbolikoenetako bat argiztatzea.
Argiztapenari esker, Santa Maria plazako indusketak ikus daitezke buzoi
batzuei esker.
13.- XI. MENDEKO
HARRESIA
2001. urtean, Katedral Zaharraren zorupean egin ziren
arkeologia-indusketetan, XI. mendeko harresi zaharraren aztarnak
estalgabetu ziren. Horietan, horma-atalaren eta dorreoi baten aztarnak
ikus daitezke.
Ikerlan horien ondorioz, geroago egindako azterlan bati esker egiaztatu
ahal izan da, hiriaren goiko aldeko harresiak pentsatzen zen baino
zaharragoak direla. Antso Jakitun errege nafarrak egindakoak zirela
pentsatu eta 1181. urtean eraiki zirelakoan zeuden adituak.
Zaharberritu berri den harresi-tartea ikusgai jarri da, eta asmo
handiagoko proiektu baten zati txiki bat baino ez da. Zaldainen gainean
eta lorategiz inguratutako pasealeku batean zehar egiten da ibilbidea,
eta honetan, babes-harresiaren zati bat eta bi dorreoi handiren arteko
136 metroko horma-atala ikusi ahal dira.