07/09/2007
Santa Maria
Katedrala Fundazioak eta Goiena Mendi Klubak antolatu dituzte
Axarteko harrobietatik atera ziren Gasteizko tenplu gotikoa eraikitzeko
erabili ziren harri gehienak
Vitoria-Gasteiz,
2007ko irailaren 7a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak eta
Goiena Mendi Klubak sei irteera antolatu dituzte Harriaren Bidetik,
hain zuzen ere, Axarte eta Arabako hiriburua lotzen dituen ibilbidetik.
Trebiñu konderriko harrobi horietatik Gasteizko tenplua
eraikitzeko harririk gehienak atera ziren.
Axarte herri txiki bat da, Trebiñu konderriaren barruan.
Gaur egun, etxe bakar batean bizi da jendea. Gasteizko mendietatik
hurbil dagoenez, ikuspegi ederrak ditu, baina horrez gain, bertako
harrobietatik Arabako eliza asko eta Santa Maria katedrala eraikitzeko
harri asko atera ziren.
Hori dela eta, bi lekuen arteko ibilbidea eginda, katedralaren interes
historiko eta artistikoa hurbileko paisaiako osagaiekin lotuko da,
inguruko geografiarekin, eta modu berezian, harria Gasteizko muinora
eramateko erabili diren ibilbide historikoekin.
Ibilbideak doakoak dira eta larunbatetan egingo dira: irailaren 15, 22
eta 29an, eta urriaren 6, 20 eta 27an. Egun horietan, autobus batek
parte-hartzaileak Axartera eramango ditu, eta bertatik 14 kilometroko
ibilbidea abiatuko da. Inguru naturalaz gozatzeaz gain, zeharkatzen
diren lekuei buruzko azalpenak entzun ahal izango dituzte ibiltariek.
Ibilbidea Axarten hasiko da. Leku horretan, parte-hartzaileek antzinako
harrobiek monumentuak berriztatzeko meatzaritza-baliabide moduan
izandako berezitasunak ezagutuko dituzte. Axarteko muinotik eta
Gasteizko mendietatik igarotzean, antzinako harrobien zuloak ikusiko
dira, ondare arkeologiko eta historikoa. Balio natural handia dute,
iparraldean pagadi itzaltsuak eta hegoaldean ametzak, erkameztiak eta
artadiak baitaude. Horren eraginez, Vitoria-Gasteizko Udalak inguru
hori parke natural bihurtzea proposatu du.
Olarizu inguruan Kutzemendi kastroa dago, Arabako giza agerpenaren
lekukotzarik zaharrena ematen duen aztarnategi bat, baita Casa de la
Dehesa izenekoa ere, probintzia osoan abereen bide batekin loturarik
handiena duen lekua, gaur egun aisia-esparru handi bihurtuta dagoena.
Amaieratik hurbil, Mendiolan, ibilbidean parte hartzen dutenek
Asunción de Nuestra Señora eliza ikusiko dute,
XVI eta XVII. mendeen artean eraikitako tenplu interesgarria, estilo
errenazentista berantiarra duena. Latindar gurutzearen oinplanoa du,
eta ateburudun ataria aipatzeko modukoa da.
Ibilbidea Gasteizko Santa Maria katedralean eta hiriaren harresian
amaituko da. Axarteko harrobiak Gasteizko katedraleko harri askoren
sorlekua izan dira. Adibidez, katedralaren dorrean harri desberdinak
daude, esaterako Axarteko lumakela eta lumakela porotsua, Elgea
mendilerroko hareharria, Olarizuko kalkarenita eta Axarteko kareharri
dolomitizatua.
Izena ematea doakoa da eta 945 255 135 telefono-zenbakira deitu behar
da. Egun bakoitzean berrogeita hamar plaza egongo dira. Irteerak hiriko
bi puntutan egongo dira. Autobusak parte-hartzaileak jasoko ditu, eta
horiekin batera Goiena Mendi Klubeko monitoreak egongo dira. Autobusa
8.30ean Lovaina plazatik igaroko da eta, apur bat geroago,
Mendizorrotzako aparkalekutik. Santa Maria katedralera 14.00etan
iritsiko da, gutxi gorabehera.
Lehen ibilaldia irailaren 15ean izango da, eta horretan parte hartzen
dutenek Koldo Martínez Torres Euskal Herriko Unibertsitateko
geologo eta irakaslearen azalpenak entzun ahal izango dituzte.
Orri honetan ibilbidearen xehetasunak dituen PDF artxiboa deskargatzea dago.