Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

18/12/2007

Santa Maria Katedralaren zaharberritze-lanak faserik ikusgarrienari aurre egiten ari dira

2007/12/18 600.000 pertsona baino gehiagoren bisita jaso ostean

Santa Maria Katedrala 2000. urtetik egiten ari diren birgaitze-prozesuko faserik ikusgarrienetakoari aurre egiten ari zaio. Jarduera kultural biziarekin batera, 2008ko hasieran elizpeko lanak bukatuko dira, eta Katedraleko dorre eta nabeetako zaharberritze-obra ikusgarriei hasiera emango zaie. Ibilbide gidatuak martxan jarri zirenetik, tenplu gotikoak 600.000 pertsona baino gehiagoren bisita jaso du.

Zazpi urte eta geroko jardun bizien ostean, Santa Maria Katedralak obra-egutegi estu bati heldu beharko dio 2008ko hasieran. Plan Gidatzailearen lehendabiziko exekuzio-urteetan zehar oinarrizko lanak burutu dira: besteak beste, tenpluaren patologiei buruzko eta hiriaren jatorriei buruzko ezezaguna zen funtsezko informazioa eman duten indusketa arkeologikoak, bisitaldi gidatuetako ibilaldietarako sarbideen birgaitzea, gangetako azpiegituraren finkapena edota tenpluaren zimendatze-sistema osoaren sendotzea.

Elizpearen zaharberritzea: polikromien argiaren berreskuratze-prozesu iraultzailea
Arreta handia behar izan duen beste ekintza bat, eta aldi batez itxita egotera behartu duena, elizpearen zaharberritzea izan da. Lanez betetako hilabeteen ostean, XIV. eta XV. mendeetako plastika penintsular europarreko balio artistiko historiko handienetakoa duen monumentu-multzoa berreskuratzea lortu dute. Zaharberritze artistikoaz gain, ikerketa bat ere burutu da, zeinaren bidez elizpea bere garai sekularrean polikromatuta egon zela jakin ahal izan den. 60ko hamarkadan egindako karrakatzearen poderioz, geratzen diren hondar kromatikoak antzemateko oso zailak dira. Hori dela eta, argi-proiekzio bidezko berrintegrazio kromatikoko sistema berritzaile bat erabiliko da tenplua bisitatuko duen publikoak koloretasun hori eta bere eboluzio historikoa ezagut dezan. Horrez gain, elizpea mendebaldeko aurpegitik itxiko duten kristalezko ateak aste batzuk barru jarriko dituztela espero da. Ate horiek tenpluko kanpoaldetik orain arte ezagutu gabeko begiestea ahalbidetuko dute.

2008ko obrak
Dorreari dagokionez, xapitelaren eta gorputz oktogonalaren zaharberritzea dira eginbehar nagusienak. 12 hilabeteko exekuzio-epearekin eta 1,2 milioi euroko aurrekontuarekin, goialdeko erremate osoaren finkapena behin betiko konpondu nahi da, aldamio guztiak kendu ahal izateko asmoarekin. Gainera, dorrearen ikusgarritasuna proiektuak duen filosofiaren adierazpen hoberenetakoa da: traba arkitektonikoak gainditzeagatik; erakusketa-espazioak gaineratzeagatik; erabilpen turistiko, kultural eta historikoengatik; eta, oro har, erlijiosoa den gune bati erabilpen zibila emateagatik.

Obra horiek egiten diren aldi berean, honako beste hauek ere egingo dira: zutabeen sendotzea, katedraleko forjatu eta zoruaren instalazioa, XVIII. mendeko sakristautza barroko bikainaren berreskuratzea eta hilobi-kriptaren amaiera.

Jarduera kultural bizia
Urte berriak jarduera kultural bizia ekarriko du berarekin. Elizpe estreinatu berriak Les Petits Chanteurs de Saint Marc edota Los chicos del Coro izenarekin ezagunagoa den taldearen emanaldi laburra hartuko du hilaren 3an. Taldeak Japonia, Kanada, AEB, Errusia eta Espainiatik zehar egiten ari den eta kritika eta publiko aldetik arrakasta handia jasotzen ari den mundu birako zenbait abesti interpretatuko ditu Gasteizko Principal Antzokian aritu aurretik, zeinak dagoeneko programatutako bi emanaldietarako sarrera guztiak saldu dituen.

Astebete geroago, Gasteiz argitalpenen munduko hiriburua bilakatuko da Ken Follett idazle galestarrak idatzitako liburu berriaren espainiar edizioaren mundu-mailako aurkezpena dela-eta. 4 egunetan zehar, hilaren 8tik 11ra, Arabako hiriburuak herrialde guztiko irakurle, liburu-saltzaile eta kazetarien arreta bereganatuko du Un mundo sin fin liburuaren aurkezpenari esker, zeina idazteko Santa Maria Katedralean inspiratu den Follet. Liburu berri hori mundu-mailako best-seller izandako Los pilares de la tierra liburuaren jarraipena da.

Otsailean zehar, bisitariek elizpeko lehendabiziko argi-probak ikusi ahalko dituzte. Handik gutxira, martxoak Rafael Álvarez “El Brujo” delakoaren presentzia ekarriko du. Álvarezek orain dela bi urte Kixoteren irudian oinarritutako El Caballero de la Palabra izeneko antzezlana aurkeztu zuen Arabako hiriburuan, eta oraingo honetan El secreto del Evangelio de San Juan obra eszenaratuko du. Proiektu horrek zera izan nahi du: garai guztietako gizonezko eta emakumezkoen lanaren bidez gizakiaren bizitzako opari izugarria den misterioaren dohaina gogoratzen, begiesten edota ospatzen duen artearen korronte horretara antzerkiaren mundutik egindako ekarpen xumea. Bi emanaldi egongo dira martxoaren 12an eta 13an Katedralaren elizpean eta Principal Antzokian.

Bestalde, martxotik aurrera eta proiektuaren ibilbidea azaldu asmoz, zaharberritze-prozesuari buruzko argitalpen zientifiko eta jendarteratzaileen multzoa aurkeztuko da.

‘Obretan eta irekita’ programak 600.000 bisitari baino gehiago izan ditu
2000. urtean abian jarri zenetik, Santa Maria Katedraleko bisitaldi gidatuen programa hirira datozen bisitarien interesa pizten joan da. Kultura-turismoko proposamen bitxi horrek 600.000 pertsona baino gehiago tenpluaren bihotzean barnera daitezela eta zaharberritze-lanak bertatik bertara ezagut ditzatela lortu du. Urte honetan dagoeneko ia 100.000 pertsona dira tenplua bisitatu dutenak, eta horrek azken urteetako goranzko joera azpimarratzen du.