28/07/2008
Vitoria-Gasteiz, 2008ko
uztailaren 28a.- Santa María Katedralak abuztuaren 4an
“Obretan eta irekita” programa arrakastatsua zabalduko du.
Data horretatik aurrera, dorrera igo ahal izango dugu eta 30 metroko
garaierara dagoen talaia horretatik hiriaren eta Lautadaren bista
ederrekin gozatu. Abuztuan eta irailean bisita hori doan
izango da.
Dorrea zaharberritzeko obrek, urtearen hasieran hasitakoek, aurrera
egiten dute erritmo egokian, eta horregatik eremu hori bisita gidatuen
programan sartu ahal izan da. Abuztuaren 4tik aurrera, gaur egun
obra-materialak igotzeko erabiltzen duten karga-jasogailuari esker,
bisitariek puntu horretara igoko dira egin diren lanak ikusteko eta
paisaiaz gozatzeko.
Obrako karga-jasogailua erabiliko da dorrera igotzeko, beraz oraingoz
bisitariek soilik asteburuetan eta jai-egunetan izango dute igotzeko
aukera. Karga-jasogailua egokitu egin dute, eta bisitarien segurtasuna
bermatzeko exijitzen diren prebentzio-neurri guztiak ditu; bisitariek
uneoro gidekin eta Fundazioko langileekin izango dira. Gehienez hamar
pertsonek osatuko dute talde bakoitza. Orduro bisita bat egingo da, eta
bisita bakoitzak berrogei minutu ingurukoa izango da.
Urritik aurrera, bisita honek tenpluaren barrualdetik egiten den
ibilbide gidatuak duen prezio bera izango du, 5 euro.
Obren garapena
Santa María Katedralaren dorrea goitik behera zaharberritzen ari dira.
Lau elementu ezberdindu ditu: sarrerako arkua (zaharberrituta
dagoeneko), gorputz karratua, gorputz oktogonala, non kanpaiak eta
erlojua dauden, eta kapitela.
Gaur egun kapitelean eta gorputz oktogonalean lan egiten ari dira.
Gauzatzeko epea hamabi hilabetekoa da eta aurrekontua ia 1,2 milioi
eurokoa; horrekin behin betiko amaitu nahi dute goiko errematea;
horrela bada, aldamio guztiak kendu ahal izango dira. Dorrearen
bikaintasuna, gainera, proiektuaren filosofiaren adierazgarri onenetako
bat da, muga arkitektonikoak gainditu baititu, erakusketa-eremuak jarri
baitira eta erabilera turistiko, kultural, historiko eta, orokorrean
zibila erlijio-eremu batean barneratu baitu.
Gorputz oktogonala eta kapitela zaharberritzeko, ondoko irizpidea
erabiltzen ari dira: funtzionatzen duten elementu gehienak bertan
uztea, arazoren bat duten elementuak konpontzea, eta konpondu ezin
direnak ordezkatzea. Horrela bada, tximistorratzaren instalazioa eta
kapitelaren errematea berritu dituzte eta teilatuko pizarra osoa
ordezkatuko dute. Gainera, kapitelaren egitura osoa sendotu dute,
haizearen bultzaden, kanpaien bibrazioen eta dorrean XVII I. mendean
suertatutako sutearen ondorioz kalte handia baitzituen.
Halaber, kanpai guztiak, kapitelean dagoena izan ezik, jaitsi egin
zituzten orain dela hilabete bat edo, konpondu baino lehen horien
azterketa sakona egiteko. Gainera itxita ziren zenbait zulo ireki dira,
etorkizunean karilloi bat jartzeko. Eta erlojuari dagokionez, makineria
jaitsi dute konpontzeko, eta 60ko hamarkadan jarritako metakrilatoko
esferen ordez, ohiko teknikarekin egindako beirate batzuk jarriko dira,
agian jatorrian bertan ziren bezalakoak.
Hiriaren talaia
Dorrea hiriaren talaia, katedrala zaharberritzeko lanen bisiten
goreneko puntua izatea nahi dugu. Horregatik epe luzera aurreikusita
dago barneko igogailu baten bidez (erlojuaren pisuen hutsunean
jarritakoak) kanpaien plataformara eta azken mailan dagoen erlojura
bertara ere igo ahal izatea.
Gorputz oktogonala eta kapitela zaharberritzeko fase hau 2009. urte
hasieran amaituko dela aurreikusten da.