30/06/2008
Vitoria-Gasteizen, 2008ko
ekainaren 30ean.- Eskolako oporrekin batera, Santa María
Katedrala Fundazioak berriz ere uztailean abian jarriko ditu
haurrentzako esku-lanen tailerrak. Lau astez gazteenak tenple
gotikoaren arte, historia edo arkitekturara hurbilaraziko ditu modu
atsegin eta dibertigarri batean.
Ohiko denez, uztaila haurrentzako hilabetea dugu. Aurten, Santa María
Katedrala Fundazioak lau ikastaro jarriko ditu abian gazteenak euren
burua arkeologotzat, artistentzat edo artisautzat ikus dezaten.
Ikastaroen helburua 6 eta 11 urte bitarteko haurrak katedralaren
zaharberritze lanetara hurbiltzea da, ez baita haientzako bisita berezi
bat egiten, ibilbide gidatuetan parte hartzen duten eskola-taldeak 10
urtetik gorakoak baitira.
Aurten diseinatutako programan lau tailer izango ditugu, euskaraz eta
gazteleraz egingo dira, eta uztailaren 7tik 31ra bitartean burutuko
dira. Ikastaro bakoitzak ordu eta erdi eta bi ordu bitarteko iraupena
izango du: goizez 10:00etan edo 12:00etan, eta arratsaldez 16:30ean.
Haur bakoitzak 5 € ordaindu beharko ditu tailer bat egiteko, baina lau
tailerretan parte hartuz gero, 10 € baino ez dituzte ordaindu beharko.
Taldeentzat prezio bereziak egingo dira.
Izena emateko, erreserba baino ez duzue egin behar Santa María
Katedraleko Bisitariak Hartzeko Zentroan edo 945 255 135
telefono-zenbakian.
2008ko udako
tailerrak
Astelehen, asteazken eta ostiraletan tailerrak euskaraz burutuko dira,
eta astearte eta ostegunetan, berriz, gazteleraz.
Ikusi makusi
katedrala! (6-11 urte)
Tailer honek arkitektura gotikoari buruzko ikuspegi erraz eta
didaktikoa eman nahi du, Santa María estilo horretakoa baita. Elementu
adierazkorrenak azaldu eta erakutsiko dira, adibidez arku zorrotza,
gangak eta, batez ere, beirateak. Haurrek ezagutuko dute beirate horiek
nola erabiltzen zituzten istorioak kontatzeko, eta baita nolako
tekniken bidez egiten zituzten ere. Tailerrean haur bakoitzak istorio
bat kontatzeko moduko marrazki bat egin beharko du, eta ondoren beirate
bihurtuko dugu.
Poltsikoko hiria
(6-11 urte)
Tailer honen bisita gidatuaren bidez haurrak Vitoria-Gasteizko eta
katedralaren iraganera hurbilduko ditugu; horretarako, Gasteiz hiriaren
eta Santa Maria baino lehenagoko elizen bilakaera azalduko dugu
ibilbide baten bidez. Haurrek maketak eta arkeologia-indusketak ikusiko
dituzte. Tailerrean haur bakoitzak plastilinazko maketa bat egin
beharko du ikusi dituen elementu batzuk erabiliz.
Ba zen behin
Gasteiz (6-11 urte)
Kartoizko figuratxo batzuen bidez VIII. eta X. mende bitarteko Gasteiz
bezalako kokaleku edo hiri bat egingo dute hiru dimentsiotan. Bisitan
hiriaren bilakaera azalduko zaie, Alfontso VIII.ak konkistatu eta Santa
María eliz gotortua egin zutenetik. Hiriko pertsonaiak eta gremioak
ezagutuko dituzte, eta baita horien bizimodua eta eraikuntza-motak ere.
Egun batez
arkeologoa (7-12 urte)
Azken tailer honetan indusketetaz gaiz, indusketa horietan erabilitako
metodologiaz ere hitz egingo dugu bisitan. Modu erraz baten bidez
haurrei irakurketa estratigrafikoa, indusketetako metodoak eta
erabilitako erremintak azalduko diegu, eta ikusiko dute nola
aurkitutako gauza guztiak baliagarriak diren arkeologoentzat, detektibe
moduan ikus dezaten zein funtzio zituzten hantxe ziren toki edo
elementuek. Tailerrean ikasitakoa praktikan jarriko dute indusketa
txiki baten bitartez, non aurkitutako gauza guztiak erregistratu eta
dokumentatu beharko duten.