Arabako Odol Emaileen Elkarteak antolatu du, eta Santa María Katedrala Fundazioak laguntzen du
Vitoria-Gasteiz, 2008ko ekainaren
17an.- Larunbatean Santa María Katedralaren portikoan
odola emateko jardunaldia egingo da. Arabako Odol Emaileen Elkarteak,
Santa María Katedrala Fundazioaren laguntzarekin, antolatzen du, eta
nahi duten guztiek keinu altruista eta behar-beharrezko hori egin ahal
izango dute goizeko hamarretatik eguerdiko ordu biak arte.
XXI. mende betean Santa María Katedralak larunbatean osasun-erabilera
berreskuratuko du, Erdi Aroan eremu horiek zuten izaera alegia, eta
eliza gotikoko bisitariak zein Erdi Aroko hiriguneko bizilagunak ekimen
solidario horretan parte hartzera bultzatuko ditu. Santa María Plazatik sartu beharko
gara portikora 10etatik 14etara.
Arabako Odol Emaileen Elkarteak portikoan mediku-kontrolerako postu bat
jarriko du, eta handik igaro beharko dute odola emango duten pertsona
guztiek. Gainera, lau esku-ohe eramango ditu, eta harrera-lekua eta
otamen-lekua izango da, odola eman ondoren emaileek zerbait jan
dezaten. Prozesuak 5 edo 8 minutu baino ez du iraungo, nahiz eta ordu
erdira arte luzatuko den aldez aurretik egin beharreko mediku-kontrola
eta ondorengo otamena kontuan izanda.
Odola emateko 18 urte baino gehiago eta 66 baino gutxiago izan beharko
duzu eta 50 kilogramo baino gehiago pisatu. Ez duzu baraurik egon
behar. Bakarrik kontuan izan behar duzu ezin duzula odola eman gehiegi
jan eta bi ordu igaro arte. 450 cc aterako dizute, eta horrek ez du
ondoriorik odol-bolumenean, berehala ordezkatzen baita likidoren bat
edanez gero.
Udan odol-erreserba handiagoa behar da eta odol gehiago eman beharko
da. Ospitaletan odola izan dezaten, egunero Euskal Autonomia Erkidegoan
500 pertsonak eman behar du odola. Gogoratu beharra dugu odolak bost
egun irauten duela plaketen kasuan eta 35 egun odol-unitateen kasuan.
Araban gaur egun ia 22.000 emaile ditugu. Lehenengo lauhilekoan 10.528
odol-ateratze egin ziren (2007an epe berean 8.637 izan ziren), eta
beste 829 pertsona egin ziren emaile.