Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

11/09/2008

José Luis Corral idazleak eleberri historikoaren arrakasta jendeak historia ezagutzeko daukan interesari egozten dio

Corralek hitzaldi bat emango du gaur Santa Maria Katedraleko arkupean arratsaldeko 20:00etan. Toti Martínez de Lezeak aurkeztuko du.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 11.- José Luis Corral idazle eta historialariak eleberri historikoaren arrakasta “jendeak literaturaren bitartez historia ezagutzeko daukan interesa eta nahia”ri egotzi dio eta horrez gain, irakurleek gertakizun historikoa “manipulazio edo aldaketarik” gabe irakurri nahi dutela ziurtatu du. Corralek gaur arratsaldean Santa Maria Katedralean hitzaldi bat emango du.
José Luis Corralek gaur arratsaldean Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatutako “Katedralaren inguruko topaketak” zikloaren denboraldi berriari hasiera emango dio. Hitzaldiaren izenburua “Irudikatutako Erdi Aroa. Katedral gotikoak eleberri historikoan” izango da eta 20:00etan hasiko da tenpluko arkupean. Aragoiko idazle eta historialariak hasiera emango dio Gasteizko tenpluak eleberri historikoari buruz egin nahi duen ziklo honi.
Bere lankide eta laguna den Toti Martínez de Lezeak aurkeztuko du eta Corralek gaur hiru pribilegioz gozatuko duela eta (hau da, Gasteizen egotea, Santa Maria Katedralean lagunartean egotea, eta jendeari katedral gotikoei buruzko istorioak kontatu ahal izatea) pozik zegoela adierazi zuen. Gasteizko tenpluan azkenekoz duela bi urte egon ondoren, bisita gidatuen programa “ondarearen kudeaketaren alorreko proiektu iraultzaile” bat zela adierazi zuen, izan ere, “jendeak hesien barruko aldetik obrak ikusi ahal izateko aukera ematen baitu” eta gainera, “guztion diruarekin zer egiten ari diren ikusteko aukera ere ematen du”.

Corral idazle izateaz gain, Erdi Aroko Historia irakaslea eta Historia Tailerraren zuzendaria da Zaragozako Unibertsitatean eta gaur arratsaldean emango duen hitzaldian, zergatik hasi ziren XII. mendeko bigarren erdian katedral gotikoak eraikitzen azalduko du, eta horrez gain, intelektualek beren prestakuntza aprobetxatuz, eraikinen bitartez mundua ulertzeko moduan eragin zutela kontatuko du, eta historiagileek eta eleberri-idazleek eleberriaren bitartez katedral bat zer den nola azaltzen duten argituko du.
Salmenten zerrendetako lehenengo postuetan liburu asko dituela ikusita, eleberri historikoak azken urteotan geure herrialdean bizi duen goieneko uneari buruz galdetu ziotenean, Corralek historialari askok “denbora luzez ongi idazteari uko egin” diotela adierazi zuen. Bere ustez, “batzuk ongi idazteaz kezkatu dira, baina zati batean soilik, eta modu manipulatuan idatzi dute, gertakizunak aldatu dituzte eta irakurlea nahita nahasi dute”. Hori dela eta, bere ustez, jendeak literaturaren bitartez historia ezagutu nahi du, baina manipulaziorik gabe.