Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 9a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak datorren asteburuan “Kontzertuan eta irekita” programaren edizio berri bati ekingo dio. Aurtengo musika ikuskizunak askotarikoak izango dira eta azpimarratzekoak dira Kinteto Sonos eta Leonor Watlingen Marlango taldeen esku-hartzeak.
Uda osoan zehar entzuleriak kultur ekimen honen inguruan eman duen erantzun bikainaren ondoren, Santa Maria Katedrala Fundazioa udazkenerako musika programazio interesgarria prestatzen ari da, eta berriro ere, zaharberriturako arkupean gauzatuko da.
Arabako hiriburua bisitatuko duten talde ospetsuenetariko bat Leonor Watling aktore eta abeslariaren taldea izango da. Alejandro Pelayo piano-jole eta konpositorea eta Óscar Ybarra tronpeta-jolearekin batera, Marlangok urriaren 4an Santa Maria Katedralean kontzertu bat eskainiko du eta bertan, beren hiru lanetako soinuak joko dituzte. Jazz, blues eta rock musikaren eraginekin eta Tom Waitsen musikak sortzen duen giroarekin, Watlingek eta bere taldeak ‘Marlango’, ‘Automatic imperfection’ eta ‘The electrical morning’ (kaleratu duten estudioko hirugarren lana) lanen berrikuspen bat egingo dute.
Baina Marlangok jo baino lehen, “Kontzertuan eta irekita” programa irailaren 13an hasiko da Kinteto Sonos taldearen kontzertuarekin. Pianoa eta hari-instrumentuz osatutako boskote hau Euskal Herriko Goi-mailako Musika Eskolan sortu zen Gabriel Loidi maisuaren tutoretzapean. Taldeko kideak Itxaso Etxebarria (pianoa), Xabier de Felipe (biolina), Daniel García (biolina), Alba González (biola) eta Beatriz Blanco (biolontxeloa) dira. Kinteto Sonos taldea goi-mailako ganbera musikako interprete gazteen eredurik onenetariko bat da.

Astebete geroago (larunbata 20) Iñaki Salvador piano-jolea arituko da arkupean. “Te doy una canción” ikuskizunean musikari talde batekin arituko da, baita Asier Hernández aktorearekin ere, bere bi pasio handiak batzeko, hots, jazza eta autore-musika. Kontzertu honetan askotariko abestiak eskainiko ditu, konplexurik gabe, hautatu dituen lanak bere oroimen musikal eta afektiboaren araberako konposizioak dira.
Kontzertu guztiak arkupean egingo dira arratsaldeko 20:00etan. Sarrera librea izango da Marlangoren kontzertuaren kasuan izan ezik, izan ere, Fundatzaileen Elkarteko kide ez diren pertsonek 5 € ordaindu beharko baitituzte. Bazkide ez direnek sarrerak Bisitariei harrera egiteko Zentroan jaso beharko dituzte urriaren 1ean, 2an eta 3an.