03/09/2008
Vitoria-Gasteiz, 2008ko
irailaren 3a.- Santa Maria Katedrala Fundazioaren
ordezkariek Gasteizko tenplua zaharberritzeko egiten ari diren lanak
ezagutzera emango dituzte Ingalaterra eta Suitzan irailean. Zehazki,
Salisbury, Winchester eta Wells-eko katedraletan eta Londresko
hego-ekialdean hitzaldi bana eskainiko dute, eta horrez gain, Bernan
kongresu batean parte hartuko dute.
Udako oporraldiaren ondoren ikasturtea hastearekin batera, Santa Maria
Katedrala Fundazioak berriz ekin die Arabako hiriburutik kanpo tenplu
gotikoa ezagutzera emateko jarduerei. Ingalaterra da hilabete honetan
zaharberritze lanen alorreko proiektu aitzindariaren garapenaren berri
izango duen lehenengo tokia, eta aipatzekoa da bisita gidatuen bitartez
650.000 pertsona baino gehiagoren interesa erakarri duela.
Fundazioaren zuzendari gerentea, Juan Ignacio Lasagabaster da gaurtik
aurrera Ingalaterrako hego-ekialdean Erdi Aroko katedralak bisitatzen
ari den teknikari taldearen burua. Taldearekin batera Landazuriko
Ondarearen lagunen elkarteko kideak ere joan dira eta Salisbury,
Winchester eta Wellseko tenpluak bisitatzea aurrez ikusten dute.
Salisbury estilo gotiko ingeleseko katedral bat da, 1220 eta 1258
artean eraiki zuten, baina dorrea eta orratza 1330ean bukatu zituzten.
Bertan, Santa Maria Katedraleko Gida Planean eta hortik abiatuta
garatutako lanetan kontzentratutako aurkezpen bat egingo dute.
Salisbury Ken Folletek Los pilares de la tierra izenburuko liburuan
deskribatzen duen herria da, hain zuzen.
Halaber, Winchester
Katedraleko Deanak harrera egingo die eta haiekin egongo da tenplu
horretan egingo duten bisitan zehar. 1079an hasi ziren eraikitzen 648.
urteko katedral zahar baten gainean, eta Salisburykoak bezala, arazo
ugari izan ditu lur zingiratsuen gainean eraiki zirelako. Han ere Santa
Maria zaharberritu eta leheneratzeko gauzatzen ari diren lanak
ezagutzera emango dituzte.
Bisita bi horiek oso garrantzitsuak dira katedral ingeles bi horiek
zaintzeko lanetan aritzen diren teknikari talde adituekin izango duten
topaketagatik eta haiekin beren esperientziez hitz egingo dutelako.
Halaber, toki horietan tenpluak zaintzearen alde dagoen gizartearen
egitura nola antolatzen den ezagutu nahi dute, baita tenplu horien
eredua Gasteizko kasuan aplika litekeen jakin ere.
Katedral
eraikitzaileen jardunaldia
Bestalde, irailaren 16tik aurrera, Santa Maria Katedralak Katedral eta
Elizen Kontserbatzaile eta Zaharberritzaileei buruzko Europako
Jardunaldietan parte hartuko du. Jardunaldi horiek Bernan (Suitza)
egingo dira eta 20ra arte iraungo dute. Jardunaldi hauek Europako
Katedral eta Elizen alorreko Arkitektoen Elkarteak antolatu ditu eta
Gasteizko tenplua ere elkarte horretako kide da, Alemaniako ia katedral
guztiak bezala. Bertan, Suitza, Austria, Txekia, Polonia, Frantzia eta
Britainia Handiko hainbat tenplu ere daude sartuta.
Kolektibo honek urtero Europako hiri desberdin batean egiten du bilera
eta Fundazioa obren garapenaren aurkezpen bat egitera gonbidatu du.
Zehazki, Gasteizko tenpluan egin den bezala, karezko injekzioen
bitartez sendotzeko teknikari buruzko hitzaldi bat emango dute.