Santa Maria Katedrala Fundazioaren zuzendari gerenteak, Juan Ignacio Lasagabasterrek, Gasteizko tenpluaren zaharberritze lanei buruzko hitzaldi bat emango du.
Vitoria-Gasteiz,
2008ko apirilaren 29a.- Santa Maria Katedrala Fundazioaren
zuzendari gerenteak, Juan Ignacio Lasagabasterrek, Gasteizko tenpluaren
zaharberritze lanei buruzko hitzaldi bat emango du gaur, asteartea,
Madrilen San Prudentzio ospatzeko ekitaldien barruan. “Gasteizko
katedral osoa zaharberritzeko lanak. Jatorria eta garapena” izenburuko
hitzaldi horren bitartez, Madrilgo euskaldunei Gasteizko tenpluaren
zaharberritze prozesuaren berri emango die.
Lasagabasterrek Jatorriz
Euskal Herriko hiru probintzietakoak diren Madrilgo pertsonen
Kongregazioaren (Real Congregación de Oriundos de las tres provincias
vascongadas en Madrid) gonbidapena jaso zuen. Elkarte horrek Espainiako
hiriburuan bizi diren euskaldunak biltzen ditu. 1715ean sortu zen
“anaia euskaldunen behin-behineko behar espiritualei erantzuteko” eta
duela zenbait urte hasi ziren hiriburuan San Prudentzio jaia ospatzen
eta Arabako erakundeen eta kulturaren esparruko pertsona ospetsuak
gonbidatu ohi dituzte. Kasu honetan, Arabako zaindariari eskainitako
jai hau 19:30ean ospatuko da Euskal Etxearen egoitzan (Jovellanos
kalea, 3) eta katedral zaharra izango da protagonista.
Honakoan, Santa Maria
Katedrala Fundazioaren zuzendari gerente berriak hurbiltzen direnei
Gasteizko tenplua zaharberritzeko lanek bizi duten une garrantzitsua
azalduko die, baita dorrea eta nabe zentralak zaharberritzeko hasi
diren lanak ere. Halaber, indusketa arkeologikoen ondorioz sortu diren
espazio berriak ere aipatuko ditu, izan ere, pixkanaka gehitzen joango
dira eta jarduera eskaintza aberatsa ahalbidetuko dute.
Halaber, turismoa
eta kulturari dagokienez, herrialde honetan balore eta ikur
garrantzitsu bilakatu den monumentu baten berri emango die.
Horrez gain, Lasagabaster
San Ignazio Elizako zaharberritze lanak ikustera joango da, izan ere,
Madrilgo euskaldunen elizatzat jotzen da eta erkide honen eliza da.
Eliza hori Diputatuen Kongresutik oso hurbil dago eta igandero meza
elebidunak egiten dira bertan, hots, euskaraz eta gaztelaniaz, eta
horrez gain, Euskal Herriko hiru probintzien zaindarien jaietan
ospakizun bereziak egin ohi dituzte.