Gurdia Mendiolatik abiatuko da eta Buruileria Plazara arratsaldeko 14:00etan iritsiko da.
Egurrezko gurdi bat eta bi idiren laguntzarekin,
datorren larunbatean, Erdi Aroan egiten zuten bezala, Santa Maria
Katedrala eraikitzeko beharrezkoak ziren harrizko blokeak Ajarteko
Harrobietatik (Trebiñuko Konderria) nola ekartzen zituzten gogoratuko
da. Idi-gurdia Mendiolatik 12:00etan aterako da eta Erdi Aroko
Hirigunera 14:00etan iritsiko da.
Asteburuan Hirigune Historikoan Erdi Aroko Azoka antolatuko dela eta,
Santa Maria Katedrala Fundazioak harginek harriak eskuratzeko
jarraitzen zuten ohiko prozedura gogoratu nahi du. Ekimen erakargarri
hau Goiena Mendi Taldearekin elkarlanean antolatu du, izan ere, talde
hori Harrobietatik Gasteizera daramaten ibilaldiak antolatzen aritu da
azken bi urteotan.
Idiak Txomin Urrutia artzain arangiztarrarenak dira eta bera izango da,
hain zuzen, ibilbide osoan idiak zuzenduko dituen pertsona. Mendiolako
plazatik eguerdiko 12:00etan irtengo dira, hau da, Ajartetik ibiltzen
datorren taldea puntu horretara iristen denean, gutxi gorabehera.
Handik Olarizuko Etxaldera hurbilduko dira, gero Jauregien Zelaitik
jarraituko dute, Iturritxu, Zumabide, Domingo Martínez de Aragón, Araba
kalea, Agirre Miramon, Juan Ibáñez de Santo Domingo, San Antonio,
Becerro de Bengoa, Prado kaleetatik eta Andre Maria Zuritik igaroko
dira, ondoren, Erdi Aroko Hirigunera sartuko dira Hedegile kaletik eta
azkenean, Buruileria plazara iritsiko dira arratsaldeko 14:00etan,
gutxi gorabehera.
Bertara iristean, ekarriko dituzten lau blokeak (bakoitzak 100 kg
inguruko pisua izango du) Buruileria plazan harria lantzen egongo den
hargin bati entregatuko zaizkio.
Taldea ibilbideko edozein puntu zeharkatzen ikusteko aukera izateaz
gain, nahi duenak taldean sartu eta haiekin Katedraleraino joan ahalko
du. Zalantzarik gabe, oso erakargarria izango da larunbatean Erdi Aroko
azoka ikustera etorriko diren milaka pertsonarentzako.